Dokumentuaren akzioak
Marian Arregi hil da, musika dantzan jarri duen dantzari musikaria
Maria Angeles Arregi dantzari eta musikaria hil da atzo Donostian, 73 urterekin. Argia dantzari taldeko musikaria, Juan Antonio Urbeltz senarrarekin batera euskal dantzari eta musikari ekarpen funtsezkoak egin dizkio ibilbide oparoan. 50 urtez euskal musika tradizionala, eta bereziki dantzarako musika berreskuratu eta indarberrituta oparitu dio euskal munduari. Berak sortutako lanen artean, arrakasta handiz hedatuta kadrilea edo Martin Zalakain ikuskizunean estreinatutako Baldorbako boleroa azpimarratu daitezke.
Dantzari trebea, musikari dohaitsua
1943an Donostian jaioa, Goizaldin dantzari aritu zen gaztetan eta dantza soltean nabarmendu zen, hainbat txapelketa irabaziz. Pepe Andoain-ekin ikasi zuen akordeoia jotzen, eta 16 urte zituela Trio Kemen musika taldea osatu zuen Marian Murgiondo eta Encarna Uriarterekin. Euskaraz kantatuz oihartzun polita lortu zuten, Bellas Artes-eko kantari berrien lehiaketan parte hartu zuten, Donostiako nautikoan emanaldiak egin zituzten, eta Espainiako telebistan kantatu zuten 1962an. Goizaldi dantza taldeak 1964an Txekiara egin zuen biran Trio Kemenek lagundu zuen, emanaldiak eskainiz dantzariekin tartekatuta.
Dantzari trebe eta arina izanik, dantza eta musika maisuki uztartu zituen Marian Arregik. Sentsibilitate eta memoria musikal harrigarriak zituen. 1965ean Argia dantzari taldearen zuzendaritza hartu zutenean Euskal Herrian barrena, herri, auzo eta baserriak bisitatuz, musikari eta dantza-maisuen testigantzak jasoz eta kantutegiak arakatuz, bidaia zoragari bezain oparoa hasi zuten Marian Arregik eta Juan Antonio Urbeltzek. Iribasen Juan Bautista Lasarterekin ingurutxoaren doinu eta pausoak ikasten edo Uharte Garazin Faustin Bentaberrirekin Nafarroa Behereko dantzak ikasten, hilabete guxitako semea, Mikel, Bentaberriren emazteak zaintzen zuen bitartean.
Doinuak iratzartzen zituen aztia
Ezin konta ahala doinu jaso zituen Arregik eta urteetara, lehen entzunaldi hartan bezala jotzeko gaitasun berezia zuen. Ez bakarrik euskal musikari dagokionez. Adibidez, 1965ean Lefkas-en, Grezian, nazioarteko beste folklore batzuetako doinuak entzun eta paper izkin batean doinuaren lehen notak apuntatuta, Donostiara bueltan gai zen musika guztiak haiek gogoratu eta jotzeko. Bateko eta besteko musika entzutenez, doinu horiek berera ekartzeko gaitasun zoragarriarekin, eta dantzarako zuen trebetasuna batuta, musikak dantzan jartzeko sen berezia erakutsi zuen Marian Arregik.
Inoiz entzun gabeko doinuak iratzarri eta guztiak haien erritmora dantzan jartzeko gaitasun aparta zuen Marian Arregik. Azkue, Donostia eta beste hainbat kantutegi arakatu, eta partituran lo zeuden doinuak bizi-arazi, eta inork ez bezalako airea ematen ez-ohiko sentiberatasun musikala erakutsi zuen Marian Arregik. Jaurrietako axuri-beltza, Iribas zein Beteluko ingurutxoak, Iturengo soka-dantza, Lapurdiko inauteri dantzak,... Euskal dantzari soinu berezia eman zion Argiak, eta horren erantzule nagusietakoa Marian Arregi izan zen.
1970. urtean Argia euskal dantzari taldeak Herrikoi-musika sorta 1 LPa karrikaratu zuen Herri Gogoa zigiluarekin. 1974. urtean, aldiz, Euskal dantza doiñuak izeneko bigarren bilduma bat Philips etxean grabatu zuten Argiako musikariek. Dantzarako doinu sorta horiek interpretazio eta orkestazioak erabateko eragina izan zuten bere garaian. LP horiek digitalizatu eta dantzan.eus-en bidez dantzarien eskura jartzeko oparia egin ziguten orain urte batzuk Marian Arregik eta Juan Antonio Urbeltzek.
Argiak eta Ez Dok Amairuk bateratsu eta pareko bidea egin zuten 1960ko harmakada bukaeran. Sustraiak arakatu eta iturri haietatik ekarpenak egiteko ahaleginean bat egiten zuten, eta hainbat jaialditan jardun zuten batera. 1970eko hamarkada hasieran Nantes-era elkarrekin joan ziren emanaldi batzuetara Ez Dok Amairuko kide batzuk eta Argiako musikariak. Marian Arregik akordeoiarekin lagundu zuen Xabier Lete bere emanaldian. Bertan Brenda Wootton, Cornwall-eko kantaria ezagutu zuten eta eragin handia izan zuen hark beraien lanean. 1974an Xabier Letek grabatutako diskan parte hartu zuen Marian-ek soinuarekin eta ondoren Benito Lertxundiren emanaldietan akordeoiarekin laguntzen hasi zen.
Ondoko urteetan Zuberoako dantza, musika eta kantuak ezagutu eta ikasten jardun zuen Argiak. Zuberoako errepertorioa lantzeko musika formazioa berria plazaratu zuen Argiak, txirula erdian jarrita, gaita, zarrabetea eta Arregik harparekin osatu zuten formazioa. Formazio bera erabili zuten 1977an Benito Lertxundik argitaratu zuen Zuberoa diskan. Bertan harpa eta akordeoia jo zituen Maria Angeles Arregik. Hurrengo urtean estreinatu zuen Argiak Zuberoa ikuskizuna eta urte berean Fernando Larrukert-ek filmatu zuen Euskal Herri Musika pelikulan parte hartu zuten.
Musika eta dantzara emandako bizitza
1980ko hamarkadatik aurrera, Argia dantzari taldean sortutako ikuskizun guztien musika zuzendaritza bere gain izan du Marian Arregik: Irradaka, Zortziko Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque, Besta Berri, Axuri-Beltza, Axeri Boda, Aunitz Urtez eta 2017an estreinatu den Martin Zalakainen prestaketa lanean aritu da seme Mikel Urbeltzekin batera. Zenbat entsegu eta emanaldi musika eta dantzara emandako bizitza oparoan. Zenbat dantza-ganbara Bilboko Kafe Antzokian, hilean behin bertan gozatu ahal izan baita hainbat urtez Marian-en eskusoinuaren doinura dantza egiteko opariaz.
Tarteka doinuak ere sortu izan ditu, zein baino zein ederragoak. Dantza talde askok Luzaideko kontra-dantzatzat jotzen duten kadrilea Marian Arregik sortua da adibidez. Martin Zalakain ikuskizunean berak sortutako Baldorba boleroa estreinatu da. Doinua aspaldi sortua zuen. Hain zuzen ere Juan Antonio Urbeltzek Baldorba jotarako hitzak egin zituen garaian. Hitz horiek Benito Lertxundik kantatu ditu arrakasta handiz. Baina Marian-en boleroa gordeta geratu zen harik eta orain eszenaratu berri den Martin Zalakain ikuskizunerako berreskuratu duten arte.
Banku langilea izan da Marian Arregi goizez, dantzaria eta musikaria arratsalde eta gauez, eta ama hogeitalau orduz. Hiru seme-alaba izan dituzte Marian Arregik eta Juan Antonio Urbeltzek: Mikel, Maider eta Beñat. Mikelek arrabita jo du amaren ondoan azken 30 urteetan, eta Argiako musikarien zuzendaritzan oinordekotza jaso du Martin Zalakain ikuskizunean. Estreinaldi bezpera arte ondoan izan du ama. Maiderrek arpa jotzen du, amak jo izan zuen moduan.
Gipuzkoako Urrezko Domina eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015ean Juan Antonio Urbeltzi, eta ezinbestez, baita Marian Arregiri ere, bizitza bikoteaz gain, lan-bikote erabatekoa osatu baitute, eta ezin ulertu Argiaren eta Juan Antonio Urbeltzen ibilbidea Marian Arregiren ekarpenik gabe. Musikak dantzak adinako pisua edo gehiago izan du beti Argiaren ikuskizunetan eta horren meritua Marian Arregirena izan da. Euskal dantzaren musika, euskal musika egiteko modu berezi eta indartsua eman dio Marian Arregik euskal kulturari.
Oharra: Hileta ostegunean, martxoaren 8an, 19:30ean, Donostiako San Bizenten izango da.
Dokumentuaren akzioak
Besarkada sentikorra Juanani, familiari, eta Argiako familiari.
Zure doinuekin dantzan, zu oroimenean. Dantzan biziko zaitugu!!
Marian joan jaku arbasoen atseden lekura.
Hi Marian han daukazan Alejandro, Leon eta Maurizia, Fazio, Sarasu, Jon Zamalloa, Jon Pertika...etab.
Behar bada honezkero tristetxo egongo dozan.
Alaitu egizan hire soinuagaz eta hire amaigabeko irribarreagaz.
Hori bai orkestra ederra han sortuko doana.
AGUR ETA OHORE gure Marian.
musikari askoren gidari,
folklore munduan aitzindari,
Agur Marian Arregi: “Lurra arina izan dakizula”
Durangoko Kriskitin taldearen partez, besarkada handi bat Arregi-Urbeltz familiari.