Orratza, bat bakarra duenari galtzen zaio
Atzo jakin genuen prentsaren bidez, Nafarroako Gobernuak "Correpueblos", "Udaberriko bira" eta "Udazkeneko bira" kultura emanaldi programak bertan behera utzi dituela 2010. urte honetarako. Correpueblos progaramaren bidez 200 biztanletik beherako herrietara eramaten ziren antzerki, dantza eta zine ekitaldiak, eta Udaberri eta Udazkeneko errondekin 200 eta 1000 biztanle arteko herrietara eramaten ziren ekitaldi horiek. Azken 25 urteotan egin izan dira Nafarroan programa horiek.
Esan bezala, emanaldi horietako batzuk dantza emanaldiak izaten ziren, Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak kudeatutakoak. Urtero, 8-10 bat emanaldi, Nafarroako dantza taldeen artean banatutakoak, txandaka. Herri txikiendako entretenimendu izaten ziren, eta dantza taldeendako finantziazio iturri.
Programa horiek bertan behera uzteko Nafarroako Gobernuak jarritako desenkusen artean, bi:
- Zaharkitutako programak omen ziren. Egun ez zuten bere sorreran zuten zentzua. Izan ere, Kultur etxeen sareak betetzen du egun hutsune hori.
- Gobernuaren apostua hori da, emanaldiak kalitate handiagoko plazetan egitea (Kultur etxeetan) eta talde profesionalekin ahal dela.
Duela gutxi idatzi zuen Oier Araolazak, krisia aitzakitzat hartuta, kulturaren zenbait esparrutan agintariak egiten ari diren triskantzaz.
Gure kasuan, dantza tradizionalaren kasuan, testuinguru naturala kalea izan dugu. Bada noski, antzeztokirako ikuskizunak sortu dituenik, baina uste dut testuingurua kontuan hartzea ezinbestekoa dela. Bestalde, dantza tradizionalean profesionaltasuna eskatzea utopia da. Erabat desegituratua dagoen esparrua da gurea (gutxieneko kalitatea ez ematerainokoa batzuetan?), baina erakundeen aldetik bultzada jaso ordez, kontrakoa, trabak traben atzetik. Orratza, bat bakarra duenari galtzen zaio!
Horrelako erabakiekin, dantza tradizionala kanporatua izaten ari da "de facto" kulturaren zirkuito ofizialetik, eta hartara, denen eskubide diren diru-laguntzen poltsatik. Kalitatea profesionaltasunarekin soilik lotzen dute nafar kulturaren kudeatzaile ofizialek, gainera, modu ez-profesionalean ari direnak kalitaterik izan ez balezakete bezala.
Albistea jakin ondoren izan da ahotsa altsatu duenik. Baina ahotsa altsatzearekin aski al da? Dantzariok esanen al dugu deus?