Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Hasi da joare soinua, gainean ditugu Malerrekako inauteriak

Dokumentuaren akzioak

Hasi da joare soinua, gainean ditugu Malerrekako inauteriak

2023/01/12 07:30
Hasi da joare soinua, gainean ditugu Malerrekako inauteriak

Joaldun txikiak, Errege Bezpera, Zubieta, 2023-01-05. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Kotxea aparkatu eta, galbiderik ez, segituan entzun ditugu joareak urrutira. Eta berehala agertu dira parez pare. Kaleak hutsak, 24 bat joaldun gazte joareak joaz eta atzetik guraso batzuk. Batek besoa altxa digu, Igor Babazek (Zubieta, 1979), joalduna bera ere, Zubietako nire korrespontsala. Beti bezain ongietorri goxoa egin digu niri eta nire laguntzaileei, lau lagun animatu baitzaizkit Errege Bezperan Zubietara.

Ia lorik egin gabe dagoela dio. Garai batean festan ibiltzeagatik izango zen, baina gaueko erreleboa tokatu zaiola dio, Iruñeko fabrikan batean aritzen da lanean. Herrira iritsi, joaldun gazteei janzten lagundu eta beraien atzetik dabil kalean gora eta behera, “horiek biak dira gure etxekoak, semeak, iloba ere hor doa!”. Eta zu lorik egin gabe e?, “Gaur urteko egun handi bat da, Errege Bezpera, haurrak eskean ibiltzen dira etxeetan barrena eta gaur guraso bezala hemen bildu gara ohitura jarraituz”.

Joaldun txikiak
Igor Babaze seme gazteenarekin. Joaldun txikiak, Errege Bezpera, Zubieta, 2023-01-05. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Imanol Baleztena (1989) gerturatu zaigu segituan seme txikiarekin, “etxean aritzen da, baina oraindik ez da atrebitu kalera ateratzen, honek pilota du buruan”. Joaldunak frontoiko buelta egin eta urrundu direnean agudo atera du pilota eta toke batzuk egiten gustura ibili da, baina mugitu egin behar izan dute joaldunen norabidean, justu beraien etxe aldera abiatu baitira, “goazen gora, gurean zerbait bota beharra diet eta otarrara”. Herriko umeek gaurko egunez izaten dutela joareekin lehendabiziko hartu-emana dio, gaur hasten direla prestatzen inauterietan helduen atzetik ibiltzen hasteko. Baina nola ikasten duzue? “Jaio egin behar da joalduna, gauza guztietan bezala berezkoa behar da, baina ariaz. Azkenean denok dugu, aita, osaba edo aitatxiren bat ibilitakoa bere garaian eta ikusiz eta ikasiz”.

Joaldun txikiak
Joaldun txikiak, Errege Bezpera, Zubieta, 2023-01-05. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Harrobia bada herrian

Bost-sei urterekin hasi zen Hegoi Fagoaga (Zubieta, 2009), “osabak eta esan zidaten paratzeko eta hortik aurrera hasi naiz jotzen, pixkanaka-pixkanaka eta horrela ikasi dut poliki-poliki”. “Joareak paratu” diote behin eta berriz, Igorri galdetu behar izan diot zehazki aditz horrek zer esan nahi duen, jantzi, eraman, probatu, jo? Joarek paratzen, jartzen esan nahi duela argitu dit.

Joaldun txikiak
Joaldun txikiak, Errege Bezpera, Zubieta, 2023-01-05. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ateratzen diren joaldun zaharrenak joaten dira aurrean eta goitik behera adinaren arabera ilaran kokatuta ibiltzen dira. Unai Mendiburuk (Zubieta, 2009) azaldu digu beraiei dagokiela saio luzeena, “gu zaharrenak joaten gara bordatara, gogorragoa da eta. Umeak zai izaten ditugu herrian eta hemen bakarrik ibiltzen dira lasaiagoa delako”. Aita eta osabarekin ikasitakoa dela dio, osabak jarraitzen du, aitak utzia omen du. Inauterietan aterako den galdetu diot, baina inauterietan nahiago duela mozorro.

Joaldun txikiak
Joaldun txikiak, Errege Bezpera, Zubieta, 2023-01-05. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Markel Elizalde (Burlata, 2009) Zubietan jaioa ez bada ere, herritar peto-petoen gisan aritzen da joareekin, “Burlatan jaioa naiz, baina aita eta ama zubietarrak dira eta asteburutan asko etortzen naiz. Hasi nintzen Errege Bezperan jotzen zazpi urterekin gurasoek animatuta”.

Joaldun txikiak
Joaldun txikiak, Errege Bezpera, Zubieta, 2023-01-05. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Nahia Mariñelarenari (Zubieta, 2011) osabak jantzi dizkio joareak. Nork erakutsi dion joareak jotzen galdetu diodanean aurpegia aldatu zaio, kristoren irribarrearekin harro esan du, “amak, amak erakutsi dit joareak jotzen”. Kontatu dit lagunekin zela behin eta joareak jantzi nahi zituela esan ziola amari, baina amak esan ziola lehendabizi ikasi beharra zeukala.

Joaldun txikiak
Joaldun txikiak, Errege Bezpera, Zubieta, 2023-01-05. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Umetako oroitzapenak

“Aurreko egunean lo ezin egina, nahi zenuen goiza heltzea joareak paratu eta zure lehendabiziko buelta horiek egiteko”, ilusio handiarekin bizitzen zenuen eguna dela dio Baleztenak. “Aita ez zen herri honetakoa, orduan nik osabak ikusten nituen, haiei begira txiki-txikitatik”. Gogoratzen da hiru bat urterekin hasi zela. Inauterietarako saltoaz, ordea, ez da horren ongi oroitzen, “nik beti mozorroei beldur puntua izan diet, errespetua sortzen zidaten. Orduan, uste dut sei bat urterekin hasiko nintzela, txikiagotan aita eta amaren eskuetatik edo, baina sei bat urterekin egingo nuen astearteko itzulia”.

Joaldun txikiak
Joaldun txikiak, Errege Bezpera, Zubieta, 2023-01-05. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Babaze lau urterekin atera omen zen lehen aldiz Errege Bezperan, “hasten gara txikitatik jotzen eta pixkanaka ikasten. Urduri, joareak jartzeko gogoa izaten genuen, egia esan egun handia zen”. Umetan zaharragoei jarraika ibiltzen zirela dio eta koxkortuagotan ederki espabilatu zirela, “gu helduenak ginenean baserrietara joaten baginen saria handiagoa zen, baserrietan diru asko ematen ziguten edo gozo asko. Eta gordetzen genituen edo banatu gordeka”. Ederki administratzen zituztela dio eskean jasotakoak, “zuk joare txikiak dituzu, orduan gutxiago, zu berandu etorri zara, guk ordu gehiago egin ditugu...”.

Joaldun txikiak
Joaldun txikiak, Errege Bezpera, Zubieta, 2023-01-05. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Inauterietarako motorrak berotzen

Errege Bezperan entzuten dira lehen aldiz joareak Zubietan, baina inauterietarako entrenamendua besterik ez da. Goizean umeek eta gaztetxoek egiten dute saioa, gero helduak Doneztebeko errege kabalgatara joaten dira, eta, ondoren, Zubietan afaria egiten dute. Inauterietarako barruak ohitzen joateko edo, “gero gau guztian joareak jarri eta argitu arte. Egingo diegu bisita iturendarrei eta aurtiztarrei eta gero haiek etorriko dira hona, eta gau guztia joareekin gora eta behera”. Errege Bezperako gauean edozeinek janzten omen ditu joareak, jotzen jakin edo ez, dena libre; hurrengo urterako apuntatu dugu egutegian data, probatu egin beharko da!

Joaldun txikiak
Joaldun txikiak, Errege Bezpera, Zubieta, 2023-01-05. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Urruti dago orain data hori, baina inauteriak gainean ditugu. Egun fuerteak Malerrekan urtarrileko azken asteburuko ondorengo astelehena eta asteartea izan ohi dira, aurten urtarrilaren 30 eta 31. “Zubietan joare eta mozorroen inguruan ez dugu deus prestatzen azken momentura arte, baina gazteak otorduak eta antolatzen hasi dira. Etorriko zara gurekin gosaltzera, hala?”. Gonbitari ezingo diot ba ezetzik esan.

Joaldunak Errege Bezperan
Joaldunak, Errege Bezpera, Zubieta, 2023-01-05.

Jatordu bat edo beste egiteko gai ikusten naiz, baina hauei festan jarraitzea ez da erraza izango. Agian momentuan ez naiz atzean geldituko, baina hurrengo egunetan derrigor iritsiko da gorputzaren abisuren bat! Hauxe programazioa: “Guretzako hasten dira larunbatean, afaria egiten dugu. Igandean gosariarekin hasten gara, eta, horrela, egunero gosaria, bazkaria eta afaria asteazkenera arte. Asteazkenean kontuak egiten ditugu eta hurrengo asteburuan sobrante afaria. Inauteriak estalpean ospatzen ditugu, herriko etxearen aterpean, jan eta edan gelditu gabe”.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.