Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Zahagiak eta makilak astinduz esan diegu agur festei

Dokumentuaren akzioak

Zahagiak eta makilak astinduz esan diegu agur festei

2017/10/06 09:10
Zahagiak eta makilak astinduz  esan diegu agur festei

Zestoa zahagi-dantza, 2017-09-10. Argazkia: Eire Vila-Dantzan CC-BY-SA

Hirurogeita hamar bat urteren ondoren, berriro dantzatu da Zestoako festetan zahagi-dantza. Itxaropena dantza taldeak, Idiakaitz txistulari taldeak eta Zestuko Trikitixa taldeak aspaldian galduta zegoen ohitura berreskuratu eta zahagi-dantza dantzatuaz bukatu dira aurtengo amabirjinak Zestoan.

Irailaren 10a, arratsaldeko 19:30ak, oraindik festan bete-betean murgilduta dabiltza zestoarrak. Erdikalea leporaino dago, herriko musika bandaren pasodobleak ozen entzuten dira; herritarrak, dantzan, kantuan, oihuka… laguntzen diete musikariei. Pixkanaka, udaletxe azpira zahagi-dantzariak hurbiltzen hasi dira. Batzuk dantzariak edo noizbait arituak, baina gehienak inoiz zuriz jantzi gabeak. 

Zahagi-dantzariak Zestoako Bainuetxean. Argazkia: Danbolineko argazki zaharren artxiboa.

Kaleko jendea galdezka ari da non izango den dantza, zahagi-dantzaren zain daude baina ez dakite ondo non eta zer izango den, askok ez dakite urtetan herrian dantzatua izan den dantza hori zer den, baina jakin-mina piztu da herrian. Musika bandak saioa amaitu duenean, trikitilariak hasi dira soinuak eta panderoak astintzen. Erdikalera jaitsi dira kalejira-doinuan, baita zahagi-dantzariak ere.

Zestoa zahagi-dantza hasteko
Zestoa zahagi-dantza, 2017-09-10. Argazkia: Eire Vila-Dantzan CC-BY-SA

Zahagi-dantza Zestoa trikitilariak
Zestoa zahagi-dantza, 2017-09-10. Argazkia: Eire Vila-Dantzan CC-BY-SA

Herriko hainbat txokotan dantzan

Trikitilariak martxan hasi dira zahagi-dantza dantzatuko den lehenengo geldiune aldera, zahagi-dantzariek atzetik jarraitu diete herritar andanaren bultzadaz. Dantzarietako bat txistulariak falta direla konturatu da! Ederra… Emozioaren emozioz eta urduritasuna tarteko, alde egin ez diegu ba txistulariei… (berreskurapen urteko anekdotan gera dadila, baina lerro hauek aprobetxatu nahiko nituzke beraiei barkamena eskatzeko).   

Zestoa zahagi-dantza
Zestoa zahagi-dantza, 2017-09-10. Argazkia: Eire Vila-Dantzan CC-BY-SA

Segituan batu dira taldera txistulariak, beraien txanda iritsi da trikitilariak isildu orduko. Zortzikoa dantzatu dute bi kapitainek eta jarraian makilak eta zahagiak dantzatu eta astindu dituzte zahagi-dantzariek. Aitortu beharra dago, lehenengo dantza, hotz samarra izan dela baina pixkanaka-pixkanaka hasi da giroa berotzen, dantzariak paperean sartu dira eta herritarren animoak ere ez dira falta izan.

Laranjadin eta plazan harrera beroa oso

Laranjadi plazan eta  herriko plazan izan dugu ikusle eta animo gehien. Ordurako, urduritasunak ahaztuak genituen, herritarren erantzun paregabeaz ere jabetu gara, gozatzen ari ginen. Konturatzerako, ordea, herriko plazan sartu gara, festetarako prestatzen den zezen-plaza karratuan. Herritar asko barreretan edo plazaren bueltan zeuden gure zain. Azken zahagi-dantza plazan erdiz erdi dantzatu dugu, ondoren fandagoa eta arin-arina. Kalejiran, denok eskutik helduta eta txalo artean irten gara plazatik.

Zestoa zahagi-dantza kalejira
Zestoa zahagi-dantza, 2017-09-10. Argazkia: Eire Vila-Dantzan CC-BY-SA

Zahagi-dantzariak eta musikariak plazatik Erdikalera irten gara, nekatuta, izerditan… eta ezin irribarrea kendu aurpegitik. Elkarri bostekoak eta besarkadak ere eman dizkiegu, hobetu zitekeen saioa, dudarik gabe; baina egindakoarekin harro geunden denok. Zestoarrok zoro eta aldrebes samarrak izatearen fama dugu inguruan. Hala behar zuen, momentu batzuk nahiko inprobisatuak, hanka-sartzeren bat edo beste tartean, baina festan hala behar du: momentuan momentukoa.

Zestoa zahagi-dantza bukaerako biribilketa
Zestoa zahagi-dantza, 2017-09-10. Argazkia: Eire Vila-Dantzan CC-BY-SA

Luzaroan jarrai dezagun

Bukatzeko plazara sartu eta denok batera taldeko argazkia atera dugu. Denok zoratzen! Nik pertsonalki, eskerrak eman nahi dizkiet, orain arte inoiz jende aurrean dantzatu ez eta zahagi-dantzan irten diren kideei. Eta nola ez, gu ikustera hurbildutako herritar guztiei. Espero dugu, behin ohitura berreskuratuta, luzaroan jarraituko dugula dantzan.

Zestoa zahagi-dantza talde osoa
Zestoa zahagi-dantza, 2017-09-10. Argazkia: Eire Vila-Dantzan CC-BY-SA

Zestoa, zahagi-dantza argazki bilduma

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.