Dokumentuaren akzioak
Ternua ingurutik Euskal Herrira dantzara

"Begiraleak elkartearen lokalean gara Donibane Lohizunen, eta hemen ditugu Orok Bat dantza taldeko dantzariak Saint-Pierre eta Mikelunetik etorriak" dio Pierre Latasak (Urruña, 1999). Ia burua altxatu ere ez du egin, Nathalie Briand (Saint-Pierre eta Mikelune, 1966) eta biak buru-belarri dabiltza abarketak kontatzen. Bi kaxa bete eramango dituzte hara, behin hona etorrita aprobetxatu egin behar material eta beste erosteko. Garai batean inguru haietara euskaldunak bakailao eta bale bila joaten ziren, oraingoan, alderantziz, abarketak eta dantza urratsak arrantzatuta itzuliko dira.
Frantsesez hanka-motz ni, beraz, Latasa izan dut bitartekari. Hala ere elkar aurkeztu bezain pronto "plazer handia" esan dit euskaraz Briandek. Zer dela eta dabiltzan hemen galdetu diot, "Orok Bat taldearen 65 urteak ospatu nahi genituen, taldeko dantzariak eskertu nahi genituen eta aukera bat izan da Euskal Herrian dantzatzea lehen aldiz eta behin hona etorrita dantza berriak ikastea".
2016an berriz piztu zela taldea dio, hainbat urtez lo egon baitzen, eta ordutik dinamika berriak hasi zituztela. 2020an 60 urteak ospatu behar zirenean Covida etorri zen, beraz, bidaia aurten egitea erabaki dute. 20 bat kide dira taldean, astean behin edo bitan entseatzen dute. Zaharrenak 72 urte eta gazteenak 36. Lehen gaztetxoak ere ari ziren, baina Covida-rekin gelditu ziren eta ez dira hasi. Batzuk euskal jatorrikoak dira eta beste batzuk ez, baina oro har uhartean bada euskal kulturarekiko lotura: frontoia eta pilota, dantza, Euskal Etxea... Saint-Pierre eta Mikeluneko banderan ikurrina ere agertzen da.
Euskaraz ez dute egiten, baina argi! Badaezpada ez dut ezer txarrik esango, Briand-ek hitz eta esaldi sueltoak ederki ulertzen dituela ohartu bainaiz.
Aurretik dator harremana
Taldea sortu zenetik Euskal Herritik hainbat dantza-maisu joan izan dira Saint-Pierre eta Mikelune-ra. 2022an Latasa izan zen bertan, "e-mail trukaketa baten ondorioz ezagutu nituen. Bi astez joan nintzen joste, dantza, historia, irakaskuntza... kurtsoak ematera". Eta hurrengo urtean Begiraleak taldea izan zen bertan. Kepa Isasi (Urruña, 2005) ere han izan zen, "egunero dantzatu genuen hango euskal bestan, besta egin genuen eta gure kultura erakutsi: dantza, kantua, hizkuntza, jantziak... Bitxia da euskal kulturarekiko interesa aurkitzea munduaren beste puntan. Hala ere, pentsatzen dute ezagutzen dutela gure kultura, baina ez da ikuspuntu bera ze haiek bideo edo artxiboetatik ezagutzen gaituzte".
Isasik dio orain ari direla ezagutzen gure kultura benetan, "Euskal Herria bisitatzen eta deskubritzen ari dira. Ikasi dute ainitz gurekin, nola aritzen garen". Begiraleak taldeko dantzariekin alderatuz zaharragoaak dira, baina harreman politak sortu direla dio. Han gazteekin ere egon zirela dio, "gazteek ez dute horrenbesteko interesa, baina gu hara joateak interesa sortu zietela uste dut. Dantzan segituko dugu eta espero berriz gonbidatuko ditugula edo hara joango garela".
Euskal Herrira dantzara
Abuztuaren 31tik irailaren 12ra bitartean ibili dira Euskal Herrian. Urruñako bestetan izan dira dantzan, Markinan egin den Diaspora Egunean parte hartu dute eta Begiraleak taldeko kideekin dantza ikastaroak jaso dituzte, guztira hiru saio.
"Arabako dantzak ikasten gabiltza Begiraleak taldekoekin, helburua errepertorioa zabaltzea da. Esperientzia bikaina izan da, jende anitz ezagutzeko aukera izan dugu, eta herri asko bisitatu ditugu".
Urruñan eta Markinan plazaraturiko dantza gehienak 1960ko hamarkadan ikasitako dantzak izan dira, "garaian ikasi zituztenak gure taldekidek, Gipuzkoako eta Bizkaiko dantza batzuen nahasketak dira. Arku-dantza, Otsagabiako makila dantzak, ingurutxoa... Saint Pierreko makila-dantzak deitzen ditugunak ere bai". Pierrek dio Berako makila-dantzen antz handia dutela.
Elkarrizketa amaitu eta azken dantza klasearekin hasi dira. Beroketak egin eta pare bat dantza-jauzi egin dituzte. Behin haraino joanda, kamera eta koadernoa bazterrean utzi eta eurekin dantzatu naiz. Jarraituko nuen gustura, baina etxerako ordua iritsi zait.
Han utzi ditut, "1,2,3 gibel aitzin, 1,2,3 gibel aitzin".
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Xabier Etxabe on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Oier Araolaza on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Dantzan on 50 urte eta gero orduko eta gaurko kaskarotak dantzan Donibane Lohizunen
- Patxi Montero on Lepoan hartu eta segi kantura
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19