Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi 50 urte makila hotsak Amezketara itzuli zirela

Dokumentuaren akzioak

50 urte makila hotsak Amezketara itzuli zirela

2025/02/28 09:35
50 urte makila hotsak Amezketara itzuli zirela

Talai-dantzariak, berreskuratu aurreko garaikoak, Amezketa. Argazkia: zuri-beltzekoa koloreztatua

"Zain-zain egoten ginen, makila hotsa entzun eta kanpora ateratzen ginen eta han mutil kuadrilla bat dantzan", hala gogoratzen ditu Eider Amundarainek (Ugarte, 1975) ume-umetatik talai-dantzariak. Hain justu, talaiak berreskuratu ziren garaian jaiotakoa da eta gero, bera izan zen dantzan atera zen lehen emakumeetakoa. "Zergatik ez berreskuratu talaiak, umetan ezagutu genituenak?", eta horrela hasi ziren Jesus Iñurrita Kuttus (1953) eta koadrila talai-dantzarekin. Segituan, soziedadeak antolatzen zituen beste ekintzetan bezala, baita Juan Altuna Otixe (1960) eta Jose Mari Larreta Xurdo (1960) ere. Herrian guztiz errotu da inauteri garaian egiten duten makila-dantza eta eskea, Ibai Belokik (1986) eta Zuhara Telletxeak (2002) jaio zirenetik ezagutu dituzte eta oso gaztetxotan hasi ziren parte hartzen, 13 urterekin. Beloki duela oso gutxira arte aritu da eta Telletxeak oraindik ere jarraitzen du.

Talai-dantzariak
Amezketako hainbat belaunalditako talai-dantzariak: Goian, ezkerretik hasita Jose Mari Larreta, Eider Amundarain, Ibai Beloki eta Zuhara Telletxea. Behean, Jesus Iñurrita eta Juan Altuna. Amezketa, 2025-02-14. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-S

Aurten, ordea, gazteena ez ezik, besteak ere aterako dira plazara makilak astintzera. Izan ere, 50. urteurrena dela eta hainbat belaunalditako talai-dantzariei plazan dantzatzeko gonbida egin zaie. Martxoaren 2an, 12:00etan herri sarreran eta 14:00etan aldera plazan inoizko talai-dantzari talderik handienak dantzatzea da asmoa. Aurrez, hiru ostiralez, entseguak egin dituzte eta horietako baten aurretik Amezketara bertaratu gara Idoia eta biok. Hau guztia egosi zen lekuan elkartu gara, soziedade bueltan. Batzuk ez dute oso argi nondik gatozen, zeharka galdetu digute, baina ez ez zaie askorik axola, eseri orduko berriketan hasi dira.

Talai-dantzariak
Amezketako hainbat belaunalditako talai-dantzariak: Jesus Iñurrita, Juan Altuna, Jose Mari Larreta, Eider Amundarain, Ibai Beloki eta Zuhara Telletxea. Amezketa, 2025-02-14. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

50 urtez talaiak dantzan

"Sei-zortzi urte nituenean, ezagutu egin nituen talaiak, eta guretzako zen ikusgarria nola haiek ekartzen zuten animoa, makil hotsa, musika, dantza, umorea... izugarria zen". Jesus Iñurritak liluratuta gogoratzen ditu mutil-kozkorretako talai haiek. Argazki honetan ageri da Iñurrita talai-dantzariei begira, eskubitik hasi eta galtza motzetan dagoen altuena.

Talai-dantzariak
Talai-dantzariak, berreskuratu aurreko garaikoak, Amezketa. Eskuinetik hasita galtza motzetan ageri den mutikoa Jesus Iñurrita da. Argazkia: zuri-beltzekoa koloreztatua

Urte batzuetan, ordea, galdu egin zen ohitura eta 1976. urtean berreskuratu zituzten. Diktaduraren amaierak gauza asko ekarri zituen: "pil-pilean zegoen giroa. Dirua bildu nahian ibiltzen ginen ikastolarentzat, presoentzat... Orduan pentsatu genuen zergatik ez berreskuratu talaiak, umetan ezagutu genituenak?". Taldetxo bat osatu eta hainbat adinekorekin elkartu ziren, "erakutsi ziguten nola ziren pausoak eta nola zen doinua".

Juan Altunak herritarren harrera ona du gogoan: "baserrietatik joateko garaian, harrituta nola joaten ziren denak, nolako ilusioarekin, denak entzun nahian eta denak bertan egon nahian". Jose Mari Larretak bera poltsero hasi zela dio: "Orduan ni hasi nintzen hauekin poltsero. Gogoratzen naiz dantzan ibiltzen zirela, baina ni poltsero orduan eta gero hasi nintzen pixkanaka dantzan".

Talai-dantzariak
Koldo Saralegi talai-dantzari, etxe atari batean, Amezketa, 1994.

Lehen ateraldi hartan zen 2020an zendu zen Koldo Saralegi ere. 25 urte jarraian dantzatu omen zuen eta gero beste urte mordoan txofer lanetan ibili zen. Oso bere zituen zituen talai-dantzak, han edo hemen, beti laguntzen, beti presente. Eta oraindik ere hala jarraitzen du, behin eta berriz aipatu dute elkarrizketatzaileek haren izena; talai-dantzarien historian paper garrantzitsua bete duela ez da dudarik.

Hogei bat urtean gizonezkoak bakarrik atera ziren, baina gero emakumeak ere hasi ziren parte hartzen. Seguru ze urte zen ez dute gogoan, baina Eider Amundarainek 19-20 urte izan behar zituela dio. 1995 bueltan hasi ziren emakumeak talai-dantzan parte hartzen. "Ez genion buelta handirik eman, jendea beharko zen eta atera egin ginen, natural. Tokatzen zen eta atera ginen kristoren nobedadea ere ez zela izan esango nuke".

Talai-dantzariak
Talai-dantzariak, Amezketa, 1997.

Ikusiz ikasi

Iñurritak dio dantza ikastea ez zitzaiela asko kostatu, "gu beti festa girokoak ginen, dantza egiten genuen, sueltoan eta. Laster ikasi genuen, gainera asko errepikatzen da egunean. Orduan memoriaz segituan ikasten zen".

Amundarain gogoratzen da iluntze batzuetan elkartu zirela, "egun hori baino pixka bat lehenago gelditu, norbaitek makilak ekartzen zituen, Koldo izango zen seguruenik, hor nonbait entsegua egin eta nahiko erraz ikasten zen. Gainera, nik uste dut nola bizitza osoa daramazun ikusten eta erritmoa entzuten. Ez duzu praktikatu, Ikusi duzu, eta umetan, seguru asko imitatzen ibili ere bai".

Talai-dantzariak
Talai-dantzariak, Amezketa, 1993.

Belokik ere dio umetan imitazioz ikasi zutela, "makilaren batzuk nonbaitetik hartu eta proba batzuk egiten genituen". Etxetik jaso du talai aritzeko ilusioa, aita eta osaba (Koldo Saralegi) ere hala ibiltzen baitziren. Aurreneko dantza 1999an egin zuela oso gogoan du, "12 urte nituen orduan; dantza bat egin nuen bukaeran. Eta gero, 13 urterekin egun osokoa egin nuen".

Talai-dantzariak
Talai-dantzari helduak gaztetxoari erakusten, Amezketa, 2006.

Telletxea ere 13 urterekin hasi zen, "atzo jarri nintzen pentsatzen eta esan nuen: ostras! ze gaztea. Momentuan ez zitzaidan iruditzen hain gutxi nituenik. Etxera etortzen zirenean beti esaten ziguten hurrengo urtean zuek, hurrengo urtean zuek! Baina kasu handirik egin gabe, inoiz pentsatu gabe gu ere hor egongo ginenik". Eta halako batean animatu zen, "oso lotsatuta, denak helduagoak eta errespetua ematen zuen, baina hasierako kontua izan zen, ze gero segituan taldean hain giro ona zegoen. Etorri ginen entsegu batzuetara, baina dantza ez da zaila, eta laster ikasi genuen".

Talaien atzeko hori

Larretak gogoan du beti beheko ibilbidea egin nahi izaten zuela eta nola estimatzen zuten talaien bisita; "Hurrengo urtean berriz!" esaten zieten eta joan egin behar: "konpromiso hori sentitzen nuen, joan egin behar". Talaiak festak dira, baina baita ere bada ardurak hartzea, herritarrak batzea, belaunaldien arteko transmisioa...

Talai-dantzariak
Talai-dantzariak 25. urteurrenean, Amezketa, 2000.

Belokik ikusten du talaiei esker herritarrak hobeto ezagutzen direla eta harremanak sendotzen direla: "Hau ere herrikoa da, baina ez dakit nongoa den, eta baserriz baserri zoazela, ezagutzen duzu bere etxea. Bestalde, lagunartea sortzen da. Igual kalean ikusi eta agurtu bakarrik egiten zenuen pertsona bat eta talaietan ibili ondoren, ba agian hizketan geldituko zara". Talaietan ateratzea helduarora sartzeko saltotxoa ere izan daiteke: "kristoren ilusioarekin hasi nintzen. Soziedadera etorri eta hemen kafea hartu eta denak zaharragoak, gainera. Anis pixka bat edate hori ere, gainera, beti egon da baimenduta, obligatuta kasik, kar, kar, kar!".

Talai-dantzariak
Talai-dantzariak, Amezketa, 1994.

Amundarainentzat, kanpotik edo barrutik, baina galdu ezin den urteroko zita da: "ni 25 urtean Alegin bizitu naiz, baina uste dut urtero bueltatu naizela egun horretan etxera ikustera nola pasa behar zuten talaiek; nire umeak ere bai, ea umeei transmititzen diedan sentsazio hori". Amaren tabernara nola joaten ziren ere gogoratzen du, "talaiak etortzeko desiratzen egoten ginen. Eta nahiz eta inauteriak izan eta bezperan parranda egin, ahal baldin bazen, beti etortzen nintzen ikustera ea Ugartetik nola pasatzen ziren".

Bizirik dira talaiak

50 urte igaro dira festa berreskuratu zutenetik eta esan daiteke inoiz baino indartsuago daudela talaiak. Azken urteetan 50 bat gazte elkartzen dira dantzarako. Dantzarako eta jan-edanerako, nola ez. Telletxeak azaldu dizkigu otordu kontuak: "Aurreneko egunean gosaltzera joaten gara Rosinera. Rosik beti bere etxeko ateak irekitzen dizkigu. Eta gu prest egoten gara joateko, eta gero, bestela, etxeetan ematen digute jaten eta edaten, eta egun horretan bazkaldu beharrik ez da izaten. Igandean, antzera, soziedadetik atera eta gero etxeetan ematen digutenarekin, eta gero bukaera emateko astelehenean sagardotegira joaten gara".

Talai-dantzariak
Talai-dantzariak, Amezketa, 2019-03-02. Argazkia: Eire Vila - Dantzan

Lehen inauteri igande eta astelehenean ateratzen ziren talai-dantzariak, baina 2016tik larunbat eta igandez. Bi taldetan banatu ohi dira; larunbatean talde batek Bedaio auzoa egiten du eta besteak Amezketako baserri inguruak. Aurtengo urtea berezia denez igandean hiru talde egingo dituzte; batek, Ugarte auzotik herrirantz, besteak, Petxune baserritik hasita, Zubillaga auzoa eta hirugarrenak, Amezketako Ergone auzoa. 12:00 inguruan denak batu eta plazan dantzatuko dira. Urte hauetan guztietan parte hartu duten talai-dantzari guztiei egin diete gonbita.

Talai-dantzariak
Talai-dantzariak, Amezketa, 2019-03-02. Argazkia: Eire Vila - Dantzan

100 talai-dantzaritik gora izango dira dantzan igandean Amezketako plazan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.