Dokumentuaren akzioak
Sibastarrak, urdiñarbetarrek idatzi, zuzendu, kantatu, antzeztu eta dantzatutako pastorala
"Lehenik Euskal Irratietan behar duzu erran Urdiñarbek eginen duela pastorala. Hori egiteko behar dituzu pastoral idazlea, errejenta, dantza eramailea eta kantu eramaileak eta Urdiñarberen aldia etorri denean lehen bilkuran pentsatu dugu behar dugula ikusi zer dugun herrian", horiek izan zirela pastoralaren lehen urratsak azaldu digu Luxi Agergarai (1986) Aitzina Be elkartean lehendakariordeak. Herrian bertan dena zutela ikusi eta prestaketekin hasi ziren.
Sibastarrak pastorala eman dute aurten urdiñarbetarrek uztailaren 30ean eta abuztuaren 4ean eta 6an. Maddalen eta Jean Jauregiberri anai-arreben bizitza kontatzen dute dantza, kantua eta musikaren bidez. 85 arizale aritu dira oholtzan eta 120 bat laguntzaile lanean, "Urdiñarbe herri handia da, 550 biztanle gara, orduan erraza da arizaleak eta laguntzaileak atxematea".
Goizean karrikaldia
11:00etarako iritsi gara Urdiñarbera, meza bukatu eta goizeko desfilea orduan baitzen hastekoa. Ederki gidatu gaituzte kotxea aparkatzeko, oraindik ez ginen asko eta frontoi atzeko zelaian aparkatu ahal izan dugu. Frontoira iritsi bezain pronto ireki dituzte elizako ateak, eta han jaitsi dira arizale guztiak Urdiñarbeko eliza aurreko zubi ezin politagotik makilen erritmora. Urdiñarbe, bestela ere, postaletako itxura duen herria da, ba estanpa hark pelikula batekoa zirudien.
Atzetik jarraitu ditut arizaleak eta musikariak, baina segituan urrundu dira herritik. Bueltan bide beretik itzuliko diren esperantzan zain gelditu naiz. Gizon bat hurbildu zait hizketan, Battitta Idiart (Urdiñarbe, 1940) duela izena. Azaldu dit Maritxu Negeluaren etxera joan direla denak, pastoral idazlearen bila, hain zuzen ere. Karrikaldia deitzen diotela desfilerari. Aurreko egunetan ikusi duela pastorala eta "dantzariak eta koreografia biziki ederra dira". Berak Iparragirre pastoralean parte hartu zuela kontatu dit, 1980an Urdiñarbek emana. Hogei urte izango zituela orduan kalkulatu dut, "Zumalakarregi jeneralaren papera bete nuen. 45 bat ginen, ez orain beste jende. Ez zen orain bezalako erregalamendua. Ni bazkoz hasi nintzen, besteak urtarrilean". Lehen bazirela herrian dantzari oso onak esan dit eta izen batzuk botatzeko esan diot: Jean Mixel Bedaxagarren aita eta osaba, Ramon Tartaxu, Claverie, Larrondo, Oskigileko anaiak...
Prestaketak aspaldi hasi ziren
Iban Etxegoinberri (Urdiñarbe, 1994) aritu da dantza maisu lanetan, "iragan urteko urrietan hasi gara lanean. Hogei bat gazte prest zeuden hasteko dantzan". Hogei gazte horiek dantzan umetatik dakitela dio, gainera 2019an Urdiñarbek maskaradak eman zituen, beraz, dantzari trebatuak baziren herrian. "Orain ari diren anitz lehen ziren kukuilero eta marexalak, orain Urdiñarbeko aitzindariak dira". Hasieran bakoitzaren dantza egiteko manerak ikusi eta bateratu eta urtarriletik aurrera pastoraleko dantzak landu dituzte.
"Hasieran trebaketetan, lehenik fisikoa landu dugu eta gero hasi gara pixkanaka-pixkanaka", dio Luxi Loustauk (Urdiñabe, 2004). Satan eta dantzari aritu da eta horrez gain, urdinetako bi rol ere antzeztu ditu. Anaia Ximun (2001), berriz, gorrien bandoan atera da, "Frantses kolaborista bat naiz eta alemaniarren lagun naiz eta informazioak eman ditut gerraren gainean". Hasteko pertsonaien bizitzen inguruan informatu direla dio, gero testuak barneratzen hasi eta azkenik antzerkia osorik ikasi. "Nik maskaradak egin ditut. Horrek lagundu dit jendearen aurrean mintzatzea, kuraia edukitzen".
Dantzariak txiki-txikitan hasi ohi dira urratsak ikasten eta maskaradetan parte hartu izanak ere asko lagundu die askori. Aurrena beren kasa aritu dira arizaleak eta gero denak batera hiru hilabetez larunbatetan 20:30etatik gau erdia pasa arte edo. Ekainean igandetan ere egin dituzte errepikak.
Oholtza gainekoa
"Urdinak dira galantak direnak, horiek euskararentzat edo hizkuntzarentzat egin dute lan ainitz eta gurean gorrietan, adibidez, badira Espainiako Gobernukoak diren pertsonaia handienak, etsaiak erraiteko, eta alemaniarrak. Gerra maite dute eta hizkuntza hil dute", hala deskribatu ditu Ximun Loustauk Sibastarrak pastoraleko bi bandoak.
Etxegoinberriri oholtzan ze dantza ikusiko ditugun galdetu diogu: "satanek badituzte euren bertsetak eta ematen dute satan-dantza, gero dantzari urdinak beren satan maneran dantzan ari dira. Gero baduzu makila-dantza bat, sorkuntza bat eta azken dantza eta beste omenaldi dantza bat ere bai".
Lehen esan bezala, Luxi dantzan eta antzezten, bi lanetan aritu da, "dantzari ttipidanik ari naiz eta aski errazagoa dela esango nuke, baina hala ere lana da. Aldiz rol bat ukaitea ezberdina da, denek so egiten zaituzte, denek zure erranak entzuten dituzte. Biak maite ditut, beraz biak errazak direla esango nuke". Loustau anai-arrabek lehen egunekoa dela emanaldirik zailena diote. Ximun: "Lehen igandean zaila zen, bazen estres animale bat ez huts egiteko. 2000 pertsona so ez da aisa. Luxi: "Lehen eguna estresagarria izan da, jendea ikusten duzu parean, harrigarria da ikustea hainbeste jende".
Oholtzatik gertu xamar kokatu naiz, irudiak eta hartzeko hobeto ibiliko naizelakoan. Asko gozatu dut emanaldian zehar, baina bi kamera eskuan, batzuetan kosta zait historia jarraitzea. Eskerrak Maurice Hoki-ri, Gotaineko gizona. Alboan izan dut emanaldi osoan eta bere liburuxka elkarrekin jarraitu dugu. Ez hori bakarrik, informazio ugari eman dit "arizale hori halako etxetakoa da, bestea haren semea, hori Urdiñabera ezkondua..." Eta ez bazuen kontrolatzen norbait, liburuxkan bilatu eta segituan identifikatzen zuen. Lau edo bost pastoraletan parte hartua dela esan dit. Chiquito de Cambo (Maule-Lextarre eta Donostia, 1967), Pette Beretter (Gotaine-Irabarne, 1973), Eüskaldünak Iraultzan (Gotaine-Irabarne, 1993)... "Gotainen egin nuen nik Satan ene bi alabekin".
Transmisioa eta herria batzea
Luxi Agergaraik badu esperientzia pastoraletan, "Lehen pastorala 1999an, Iparragirre pastoralean, aingeru egin nuen, haur, eta gero ondotik Ederlezi, Akitaniako Alianor eta orain Sibastarrak". Pastoral batean parte hartzea ohorea dela dio, "Euskal kultura maite baduzu eta euskara badakizu, kantan aritzea maite baduzu, ez duzu dudarik behar duzula pastorala egin". Iban Etxegoinberri, berriz, aurreko urtean Muskildikoan dantza irakasle aritu zen, baina aurten arituko da lehen aldiz oholtzan.
Ximun eta Luxi Loustau aitak bultzatu ditu parte hartzera, "aitak adibidez jokatu ditu bizpahiru eta orduan beti erran izan digu biziki ontsa zela pastoral batean jokatzea trebaketak zein eguna bera. Betidanik ari zen esaten beste bat nahi zuela egin eta orduan guk ere parte hartzen dugu. Aita sujeta da, rol printzipala berak du". Familia guztia ari da pastoralean, Patrick aitak paper nagusia betetzen du, seme-alabak dantzan eta antzezten ari dira eta ama arropak josten.
"Zuberoako kultura lotzen du, kulturan sartzen da eta gero denekin aipatzen dugu zer den pastorala egitea eta beste herrietakoa so egitea", dio Ximun Loustauk. Festa eguna da, urte osoan elkartu ez zaren ezagunekin topatzeko eguna. Eta zuberotarrak ez ezik, manexak ere batzen dira jaira. Azkenengo maskaradetan egon naizen jendea agurtu dut eta baita hango eta hemengo beste zenbait lagun ere, herriko hainbat lagun elkartu gara, gainera. Eta hara! Unibertsitate garaitik ikusten ez nituen ikaskide lapurtarrak agertu ez dira ba! Hau poza gurea. 12 urteko errepasoa egin dugu bi minutuan, eta albotik baten amonak: "Ze, seguru ez duzuela inor ahantzi?".
Festa eta topagunea da pastorala, baina horrek atzeko lan handia eskatzen du. Maitena Poxelu (1984, Urdiñarbe) sarrerak eskuratzeko mahaian dago. Sortzez urdiñarbetarra da, baina ez da bizi bertan, "sorterriak zerbait antolatzen badu dudarik gabe etorri behar, aurreko hiru egunetan lanean ibili gara antolakuntzan. Azken pastoralean tauletan eta beste maskaradetan, baina orain laguntzen". Badago zeregina: txartelekin, liburuekin, ostatuan, antzinetik taulak eta jarlekuak muntatzen... Jende asko mugitzen dute pastoralek. Aurten hiru emanaldi izan dira eta bakoitzean 1700 sarrera saldu dituzte, denak agortu dira.
Denek argi dute herria batzen duela pastoral betek: "Herritarren ezagutza egiten duzu, oso eder duzu, herritarrak ezagutu, bizi bat sortu herrian, dinamika bat, besta bat duzu, oso aberats duzu pastoral bat egitea herri batean"; Berezia izan da. Hasi ginenean, irailaren hastapenean ez gintuen ezagutzen ainitz. Aberatsa ontsa da, zaharrekin egoten gara; "Pastorala urte batez lantzen da eta herria lotzen du, gazte, ez hain gazte. Laguntzaileekin egun guztiak eman ditugu urte guztian elkarrekin"; "Urdiñarbe Zuberoako herri handienetarikoa duzu, orduan biztanle anitz denak elkartzen dira, zahar eta gazte, elkarrekin egoten gara, nik antzeman dudan plazer handiena".
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19