Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Pastoralak hauspotu ditu maskaradak, aire freskoa eta bizia arnasten da Pagolan

Dokumentuaren akzioak

Pastoralak hauspotu ditu maskaradak, aire freskoa eta bizia arnasten da Pagolan

Pastoralak hauspotu ditu maskaradak, aire freskoa eta bizia arnasten da Pagolan

Pagolako lehen maskaraden bezpera, Pagola, 2024-01-20. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Hamar urteren barruan, kasik hutsetik, pastoral bat eta maskaradak prestatu dituzte pagolarrek. "Dinamika sortu zen 2014-15ean pastoralaren ideia luzatu zelarik. Pastoralentzat gazteak hasi dira dantzan eta gero segitu dute", azaldu digu Pello Etxeberri (Pagola, 1959) auzapezak. Pastorala prestatzeko herrian dantza eskola sortu zuten, "oso ongi ari dira dantzan. Orain 9 urte hasiak dira eta segitzen dute. Zenbait lanean ari dira kanpoan eta etortzen dira asteburu guztiz entrenatzeko. Orain irakasle ere ari dira eta badira gazteentzako eredu".

Pagolako maskaradak
Pagolako lehen maskaraden bezpera, Pagola, 2024-01-20. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Lehen maskaraden bezperan heldu gara Pagolako giroa antzematera. Azken prestaketekin dabiltza gazteak, plazan dira gehienak. Badute zer kontaktua batak eta besteak. Izoztuko ote ginen beldurrez ostatura gonbidatu gaituzte. Kafe eta txokolate beroak hartu eta, "gaur bestarik ez, gaur zintzo denak goizo ohera" diote. Guk ere hala egin dugu, indarrak gordetzea komeni, igandekoa egun handia baita Pagolan. Bi egunetan ikusi dugu Pagolan aire freskoa eta bizia arnasten dela, herritarrak ez daude geldik egoteko.

Pagolako maskaradak
Pagolako lehen maskaraden bezpera, Pagola, 2024-01-20. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Dantzariak sortu dira, herritarren arteko harremanak sendotu eta hainbat jarduera bultzatu; ondorioz dinamika horien topaleku izatea helburu duen Oskaxe Zola elkartea eta Auzteia ostatua sortu dituzte. "Pastorala maskaraden bultzatzaile izan da. Herrian den arnas horren hastapena", dio Agosti Etxartek (Ozaze, 2003). Sortzez pagolarra ez bada ere gurasoengandik du lotura. Herritarrak batzeaz gain, inguruetakoak ere erakarri dituzte ekimen hauek.

Pagola maskaradak
Pagolako lehen maskaraden bezpera, Pagola, 2024-01-20. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC-BY-SA

Auzteia ostatua
Auzteia ostatua, Pagolako lehen maskaraden bezpera, Pagola, 2024-01-20. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Auzteia ostatua
Auzteia ostatua, Pagolako lehen maskaraden bezpera, Pagola, 2024-01-20. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

2019an Domingo Garat pastorala kaleratu zuten eta herriko ia gazte guztiek parte hartu zuten; gehienek dantzan. Ordutik batzuk trebatzen jarraitu dute, aitzindari dabiltza orain; baina maskaradetan bestelakoen beharra ere bada, bakoitzak badu bere rola, denentzat da lekua.

Dantzari gehienak zerotik

"Pastorala prestatzen ari ziren eta ez zuten dantza talderik Pagolan. Orduan dei bat ukan genuen eta baietz erran dantza taldea sortzeko", Pette Jaragoihen (Berrogaine, 1991) aita Jakesekin batera hasi zen pagolarrei irakasten, "pastoralaren lau urte aitzinetik hasi ginen, zerotik, aitzina pika, sinple... dantza jauziak. Zerotik hastea ez da hain aisa, baina indar aunitz eman dute. Guk dakiguna eman dugu eta gero berek egin nahi dutena".

Pette Jaragoihen
Pette Jaragoihen, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Jaragoihenentzat ere erronka izan da, "ez nuen sekulan trebatu dantza talde bat. Nik baietz erran dut jakin gabe zeri buruz joanen ginen. Lehenik baietz eta gero hasi ikusten nola azaldu, nondik hasi". Eta bukaeran Julie Ahasperi ere eskatu diote laguntza, "berak eman ditu azken urratsak. Momentu batean atzematen genuen gurekin ez zirela hainbeste aitzinatzen ahal, orduan behar zen irakaslea aldatu beste gauza batzuk ere ikasteko".

Pagolako maskaradak
Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Jaragoihenek etxetik jaso du dantza, aitarekin hasi zen ume-umetan, eta orain, jasotako hori irakasten aritu da. Berarentzat oinarrizkoa dantza dela dio, baina musikaria ere bada; maskaradetan xirularekin ari da.

2024-01-21-Pagola-maskaradak_AA_62_r.JPG
Pette Jaragoihen eta beste musikariak, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Pagolako maskaradak
Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Dantzari gisa maskaradak prestatzeko lan eder eta potolo bat egin dutela dio eta dantzari horiek orain beraiek ari direla dantzari gazteagoei irakasten. Jaragoihenek alea ipintzen lagundu du eta badirudi uzta polita datorrela, "orain ikusten ditugu txikiak dantzan ari. Zaharrek dute eramaten kurtsoak eta erraiten ahal dugu Pagolan badela dantza eskola berri bat".

Pagolako maskaradak
Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Xan Intxastotxipi (Pagola, 2003) 2015ean hasi zen pastoralerako dantzan, "orain zortzi aitzindari gara eta aste guztiz trebatzen gara". Zamaltzain ari da irakasleak hala hautatuta, "zamaria mugitu behar dut musika entzutez eta zangoekin dantza eman behar dut, biak elkarrekin egin behar ditu. Beti zamariarekin entrenatzen naiz, ez dut sekulan bazterrean uzten, pezu delakoz beti nire gainean atxikitzen dut".

Zamaltzaina eta marexalak
Zamaltzaina eta marexalak, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Pagolar gehienak dantzan aritu gabeak ziren, baina Klea Etxartek (Pagola, 2003) bazituen emanak aurretik zenbait urrats, "nik dantza egin nuen Donapaleuko (Nafarroa Beherea) Burgaintzi taldean. Beraz, dantzan aritua nintzen, baina ez zuberotar dantzetan trebatua". 7-12 urte bitartean ibili zen Donapaleun eta 12 urte zituenean sortu zen Pagolako dantza eskola. Dantzarietan pastoralean gazteenetakoa zen; egun, aitzindari dabil, Gatuzain. Aurrez dantzan ibili zen, baina beste manera batean, eta batzuetan erraztu baino horrek zaildu egin dezake, "urratsak emateko manera edo antrexantak egiteko manera ez da bat ere berdina eta nik manera bat oso barneratua nuen, kosta egin zait ohitzea. Fisikoki ere gehiago eskatzen dute zuberotar dantzek. Dantza zuberotarra gehiago da saltoka, gora. Nafarroa Beherekoan urratsetan ez dugu horrenbeste bortxatzen edo ez da horren zorrotza".

Klea Etxart
Klea Etxart, Pagolako lehen maskaraden bezpera, Pagola, 2024-01-20. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC-BY-SA

Klea Etxart
Klea Etxart gatuzaina, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Iñaki Irigarai (Pagola, 2007) marexal eta Janin Agerre (Pagola, 2008) laborari ari dira. Pastoralean haur zirela hartu zuten parte eta orain herriko gazteak arduratu dira beraiei erakusteaz, "emeki-emeki handiek entrenatu gaituzte. Lehen egiten genuen dantza eskola pixka bat, beste herrien harrera egiteko. Eta duela bost urte egin dugu pastorala, horrek ere bultzatu du, bagenituen eginak lan ttipi batzuk", dio Agerrek. "Dantzan segituko dugu maskarada eta gero ere, beti eginen dugu, maite dugu" gehitu du ziurtasunez Irigaraik.

2024-01-21-Pagola-maskaradak-Iñaki-Irigarai-Janin-Agerre_r.png
Janin Agerre eta Iñaki Irigarai, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Pagolako maskaradak
Marexalak, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Gorri edo beltz; dantza, kantua edo antzerkia

Mattin Boy (Pagola, 1994) satan aritu zen Pastoralean, baina gero ez zuen jarraitu dantzan, "aurten karguak eman genituen eta laguntzaile zenbaitek erran dute nor zein lekutan ikusten zuten eta nire kargua da Pitxu". Pitxuren kargua dantzatzea baino errazagoa den galdetu eta, "ikusiko duzue hori godalet dantzan! Kar, kar, kar! Baina ni eroriz gero ere jendea kontent izango da". Pitxuren karguak ez duela prestaketa handirik eskatzen dio, "pitokeriak asmatu behar ditu, buruan lehenengo eta gero momentuan, horiek askotan onenak".

2024-01-20-Pagola-maskaradak-mustraka_Maite-Irizar_6545_r.JPG
Mattin Boy eta Amaiur Aristi, Pagolako lehen maskaraden bezpera, Pagola, 2024-01-20. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC-BY-SA

Mattin Boy, Pitxu
Mattin Boy, Pitxu, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Pitxuren kide eta nagusi da Ainara Agerre (Pagola, 2001) Kabana Handia, "dantzan aritu nintzen pastoralerako, baina gero fite bazterrean utzi nuen, ez baitzen niretzako egina". Dantza ez dela berea dio, dantza ez dakigu, baina plaza berea du. Harro eta indartsu agertu da nahiz eta hor ikusten duen bere rolaren zailtasuna, "gaitzena duzu rola atxikitzea denbora luze batez eta ez uztea nire pertsonalitatea joaten plazan garelarik Kabana gisa". Testuak idaztearen ardura ere badu, baina kautera taldearen artean egiten dute, "bost gara; berriak bildu, testuak idatzi, landu... behar ditugu. Zailena duzu jokoa idaztea, predikua idaztea, nola erran gauzak, nola itzuli historiak, kontuak agertu, baina izenik eman gabe...".

Ainara Agerre
Ainara Agerre, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Eulali Agerre (Pagola, 2006), berriz, xorrotx ari da eta bere lana bertsoak prestatzea da, "goizeko barrikadetarako prestatzen ditugu bertsetak aitzinetik. Usu dira kitzikatzeko edo eskertzeko. Guk ditugu idazten astean zehar, hori da lan handiena. Sartzen da interpretazioa baita ere, ez dugu mikrorik eta behar da azkar eta ozen aritu". Bestalde, ofizioetan xorrotxek jaunaren ezpata zorrozten duten momentuan abestu egiten dute, "aitzinetik prestatu dugu eszena osoa eta astebururo berdina da. Letra beste pertsona batek idatzi digu. Airea zahar bat da eta guk berriz plazaratzen dugu".

Xorrotxak
Maitena Exilar eta Eulali Agerre xorrotxak, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

"Nik ez nuen nahi astebururo testu bat ikasi, buhameen jokoa beti berdina da, munduko gertakariak kontatzen baitira, ez herri bakoitzekoak, nahiz eta zertxobait alda daitekeen", beraz Xalbat Pagubururi (Pagola, 1999) Buhame Jaunaren papera egokitu zaio. Pastoralean satan aritu zen, “ez genuen animaleko nibela ere, baina aritu ginen 4-5 urtez. Gero herritik joan nintzen urte betez eta utzi nuen. Berriz hasteko aski gogorra da, taldeak aurrera egin zuen eta ez nuen berriz hartu". Pastoralean dantzan aritutako askok utzi dute, baina oinarri batzuk hartu zituztela dio Agosti Etxartek (Ozaze, 2023), goizez Kerestu nagusi  ari da eta arratsaldez kautera, "plazan denon dantzatzen dugun Moneinak jauzia pastoralerako ikasi genuen. Gazte gehienek hartu genuen parte pastoralean eta denak aritu ginen dantzan ikasten".

Xalbat Paguburu
Xalbat Paguburu, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

2024-01-20-Pagola-maskaradak-mustraka_Maite-Irizar_DSC08412_r.JPG
Xalbat Paguburu, Amaiur Aristi, Agosti Etxart, Pagolako lehen maskaraden bezpera, Pagola, 2024-01-20. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC-BY-SA

Kerestuak
Agosti Etxart kerestu nagusia erdian, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Mugan dantzan

Behin eta berriz ari gara entzuten Pagola mugako herria dela, erdi manexak direla edota ez direla mintzo zuberotarrez, “zuberotar plenoak ez garela diote, ez du inporta, segitzen dugu”, dio Pello Etxeberrik. Bertako gazteek lehenengo aldiz prestatu dituzte maskaradak, baina herrian ez dira arrotz, “urte guztiz edo bi urtetatik behin eman izan dira beste herriren batekoak. Ttipia nintzela ere gogoratzen naiz, 1968an, Altzürüküko maskarada hemen izan zela gogoan dut. Pagolan aspalditik izan dira maskaradak, aurten gureak”.

Pagolako maskaradak
Pello Etxeberri ardoa zerbitzatzen, Pagolako maskaradak, herritarrak zerbitzatzen, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Xabi Etxart
Xabi Etxart entseinaria banderarekin, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Xabi Etxarten ustez (Pagola, 1999) muga herria izatea aberastasuna da eta maskaradak oso gertuko zaizkie, “batzuk bagenituen kodeak oso barneratuak, beste batzuek agian ez horrenbeste. Behar genuen laguntza ikusteko ulertuta genuena horrela zen ala ez”. Umeak zirela ez horrenbeste, baina azken urteetan ia urtero jaso dituzte Pagolan beste herrietakoak, “ikusten genuen urtero, bagenekien zer zen, ez dugu ezer deskubritu”.

Pagolako maskaradak
Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Pagolako maskaradak
Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Zuberoako maskaradak jan dituzte eta horrez gain Nafarroa Behereko libertimenduetatik ere edan dute, Garaziko eta Amikuzeko libertimenduetan parte hartu dute batek baino gehiagok azken urteetan, “jokoan badira berdintasun batzuk, azkenean, karrikako antzerkia da... dio Etxartek. Libertimenduetan aritzea maskaradetarako lagungarri izan dela uste du Ainara Agerrek, “ez da berdina, baina beltzerian direnen pertsonalitatea zirtzil moduan atzematen da. Libertimenduak ekartzen du erraztasuna jendea inguruan dela ematea testua eta jokoa”.

Ainara Agerre, Kabana
Ainara Agerre, Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SAAinara Agerre

Bertako maskaraden tradiziorik ez izateari positibotik begiratu nahi izan dio Agerrek, “alde batetik santza dugu lehenak izatea, ez dugulako modelorik eta gure manerara egiteko aukera dugu”. Arduradun edo gidaririk ere ez dute “gazte guztiek elkarrekin hartzen ditugu delibero guztiak. Uste dugu hori gure indar bat dela, gure deliberoa, gure maskaradak”.

Pagolako maskaradak
Pagolako maskaradak, herritarrak diru bilketan, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Gurasoen eta herriko jendearen etengabeko laguntza eta sostengua nabarmentzen dute gazteek, “baina guk dugu eramaten eta uzten digute libertate osoa horretan”.

Pagolako maskaradak
Pagolako maskaradak, azken kantorea, Pagola, 2024-01-21. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC-BY-SA

Bideoak

Pagola: Maskaradak 2024

Pagola: Maskaradak 2024 Barrikadak

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.