Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Ordiziako 80 ume plazaratuko dira igandean aurreskuan

Dokumentuaren akzioak

Ordiziako 80 ume plazaratuko dira igandean aurreskuan

2024/07/19 07:35
Ordiziako 80 ume plazaratuko dira igandean aurreskuan

Haurren aurreskurako entsegua Ordizian, 2024-07-16. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan cc-by-sa

Txistu doinuari segika Ordiziako ikastolako patiora iritsi naiz, Villa Eugenia eraikinera. Atea itxita dago, guraso bat edo beste zirrikitutatik begira ari da, ezin itxaron igandera arte umea dantzan ikusteko. Sartu naiz patiora eta ederra sorpresa! 80 ume soka-dantzan, ez nituen horrenbeste espero.

Ordizia haurren aurreskua
Haurren aurreskurako entsegua Ordizian, gurasoak patio kanpoan, 2024-07-16. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan cc-by-sa

Uztailaren 22an, festetako umeen asteburuko igandean, Ordiziako plazan dantzatuko duten aurreskua prestatzen ari dira. Udalak 5-12 urte bitarteko herriko haur guztiei egiten die deialdia eta bikoteka eman behar izaten dute izena; batak dantzari papera betetzen du sokan eta besteak gonbidatuarena. Amets Bide dantza taldeko kideak arduratzen dira umeei dantza erakusteaz.

Ordizia haurren aurreskua
Haurren aurreskurako entsegua Ordizian, 2024-07-16. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan cc-by-sa

Bederatzi entsegu eta plazara

"Tradiziotik jaso dugun dantza da eta saiatzen gara mantentzen eta transmititzen guk ikusi dugun eta erakutsi diguten bezala", dio Ainhoa Urretak (Ordizia, 2001). Ainhoa Arnaez (Ordizia, 2001) eta biak dira haurren aurreskuko arduradunak: "Batzuk dantza taldean ibiltzen dira, beste batzuek aurreko urteetan dantzatu dute eta beste batzuk inoiz dantzan ibili gabeak dira, beraz, entseguak adinen arabera antolatzen ditugu". Uztailean hiru astean zehar astean hiru egunetan entseatzen dute, guztira, zortzi bat monitore inguru elkartzen dira irakasle lanetarako.

Ordizia haurren aurreskua
Haurren aurreskurako entsegua Ordizian, 2024-07-16. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan cc-by-sa

Entseguak bi zatitan banatzen dituzte: lehenengo ordu erdian dantzari papera betetzen dutenak aritzen dira. Horiekin alpargatak lantzen dituzte eta gero gonbidatuak batzen zaizkie fandangoa eta arin-arinerako.

Ordizia haurren aurreskua
Haurren aurreskurako entsegua Ordizian, 2024-07-16. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan cc-by-sa

Aurresku, atzesku eta maiordomo paperak zaharrenek batzen dituzte, 6. mailakoek. Desafioa, zortzikoa, agurra eta alpargatak irakasten zaizkie eta, gero, azken asteko astelehenean zozketa egiten dute paper horiek zeinek beteko dituzten erabakitzeko.

Ordizia haurren aurreskua
Haurren aurreskurako entsegua Ordizian, 2024-07-16. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan cc-by-sa

Umetan dantzatu ez zutena irakasten

"Gurea ezberdina zen, gurean dantzari papera mutilek egiten zuten eta azken ordu erdian etortzen ginen fandango eta arin-arina egitera" gogoratzen du Arnaezek. Izan ere, duela gutxira arte neskek gonbidatu papera bakarrik jokatzen zuten. "Kuriosoa da, guk desafioa ez dugu gure bizian dantzatu, orain ikasi behar izan dugu haurrei erakusteko", azaldu digu Urretak.

Ordizia haurren aurreskua
Haurren aurreskurako entsegua Ordizian, 2024-07-16. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan cc-by-sa

Lehen mutilek ateratzen zuten soka eta neskak gonbidatu gisa sartzen ziren. Neskak aurreskuan dantzari gisa parte hartzen hasi ziren eta, beste zenbait herritan gertatzen ari den bezala, urte oso gutxitan, mutilak desagertu egin dira, "lehen erdi eta erdi izaten ziren eta orain mutilak 4-5 izango dira eta dauden horiek oso gazteak". Azken urteotan asko murriztu da Ordiziako haurren aurreskuan parte hartzen duten mutilen kopurua. 2014an 40 mutil inguru ziren, 2018an 20 inguru eta 2024an 5 mutil ari ziren entseguan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.