Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Bukatu dira aurtengo maskaradak Zuberoan, baina oraindik azken bat gelditzen da

Dokumentuaren akzioak

Bukatu dira aurtengo maskaradak Zuberoan, baina oraindik azken bat gelditzen da

Bukatu dira aurtengo maskaradak Zuberoan, baina oraindik azken bat gelditzen da

Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-04-27. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Pagolako gazteek aurtengo Zuberoako azken maskaradak eman dituzte pasa den asteburuan. Hiru asteko geldialdia dute orain, baina ondoren, maiatzaren 25ean, Galdakaon (Bizkaia) emango dituzte maskaradak Andra Mari dantza taldeak gonbidatuta.

11:30ean hasiko dira barrikadak Andra Mari Elizan, bigarrena 12:30ean Iturrondo plazan, eta hirugarrena 13:30ean Santi Brouard enparantzan. Arratsaldeko ofizioak ere bertan izango dira 17:00etan hasita.

Pagolako maskaradak 2024
Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-04-27. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

15 asteburuko jaiari agur

Urtarrilaren 21ean herrian hasi zuten bidea herrian amaitu dute apirilaren 28an Pagolako gazteek. Goizeko lehen barrikadetan igarri da emozioa, arizaleren bati malkoek ere ihes egin diote. Abentura luzea eta bizia izan da, baina hasten den orok badu amaiera. Gazteak penaz dira, baina beste aldetik gustura, deskantsu beharra dutela diote. Pozez zoratzen dira denak, inoiz ahaztuko ez duten esperientzia izan dela diote. Auzteia ostatu pareko barrikadan herriko helduek egin diete harrera eta dantzara ere ausartu dira.

Pagolako maskaradak 2024
Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-04-27. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Goizean bost barrikada egin dituzte eta eguraldiak azken momentura arte eutsi du; baina arratsalderako euria iragarrita zenez, plazan beharrean pare bat kilometrora dagoen ukuilu batean eman dituzte ofizioak. Jende pila bat bertaratu da eta lanak izan dira gerturatutako guztientzat lekua egiten, denak estu-estu azkenean hasi da arratsaldeko saioa.

Pagola maskaradak 2024
Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-04-27. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ikusten da hamabost asteburutan ibiliak direla, eta lehen eguneko urduritasunak desagertuak dira; plazaren jaun eta jabe dira Pagolako gazteak. Kasik lau orduko saioa izan da, ofizioak aprobetxatu baitituzte aste guzti hauetan gazteei laguntzen ibili diren herritarrei eskerrak eman eta omenaldiak egiteko. Bestalde, maskarada guztien errepasoa egin dute eta arizaleen trapu zaharrak atera dituzte plazara: mozkorraldiak, ligeak... ez da inor libratu.

Herriko haurrak ere atera dituzte plazara kauteraz eta buhamez jantzita, eta adierazi dute horiek direla etorkizuna eta hurrengo maskaradetako protagonistak. Aldarrikatu dute aurtengo maskaradetan Kabana emakumea izanik erakutsi dutela edonork edozein paper bete dezakeela, eta hemedik aurrera gaztetxoek badituztela ereduak.

Pagolako maskaradak
Pagolako maskaradak, Pagola, 2024-04-27. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Orain pagolarrek Lakarri-Altzairi pasako diote lekukoa, haiek ari dira 2025eko maskaradak prestatzen, eta 2026koak Zalgize, Iruri, Ozaze eta Mendikota herriak batu eta bertako gazteek emango dituztela ere aurreratu digute.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.