Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Lepoan hartu eta segi kantura

Dokumentuaren akzioak

Lepoan hartu eta segi kantura

Lepoan hartu eta segi kantura

Haur taldea Gabon eskean Olentzero panpinarekin, Zestoa, 2023-12-24. Argazkia: Danbolin

Azken aldian eroso dago Olentzero purpurinaz argiztatutako tronuan, gehienetan Mari Domingi alboan duela, gainera. Eta haien aurrean ilara luzeak sortzen dituzte haur eta gurasoek, umeak opari eta gurasoak argazki eske. Kontsumo eskaerara bultzatzen ditugu haur txikiak eta gurasoak une hori betikotzeko borrokan. Eta haurrak 8 bat urte betetzean, agur, bukatu da dena.

Olentzero eta Mari Domingi
Olentzero eta Mari Domingi, Zestoa, 2023-12-24. Argazkia: Danbolin

Beste hainbat festa eta erritu bezala Olentzerorena ere guztiz infantilizatu dugu. Olentzero luzaroan gazteen festa izan da, ordea. Heldu arora iristear diren, baina festa egiteko eta jaia antolatzeko autonomia duten gaztetxoena. Neguko festetan ohikoa den legez, gazte taldeak elkartu eta kantuan eskean ibiltzen ziren Gabonetan, Olentzero panpina lagun; opariak ez baitira zerutik erortzen.

Olentzero Donostia 1931
Olentzero, Donostia, 1931. Argazkia: Guregipuzkoa.net.

Antxon Agirre Sorondori irakurri diot XX. mende hasieran, Jose Migel Barandiaranek adierazi zuenez, panpina Gipuzkoa-Nafarroa inguruko herri batzuetan (Oiartzun, Lesaka eta Arakil) ohikoa zela, eta Manuel Lekuonak deskribatu zuen nola Oiartzunen, adibidez, umeen konpartsak etxez etxe ibiltzen zirela postulatzen, trapuz eta lastoz egindako panpina zeramatela, erramu sortaz apaindutako plataformaren gainean eserita. Ilunabarrean, helduagoak ateratzen ziren, bizkarrean panpina edo hezur-haragizko (ume bat) Olentzero zeramatela, aurpegi kizkurra, pipa ahoan eta farola eskuan.

Orentzaro
Orentzaro. GFA-056412-002. Argazkia: Manuel Lekuona. Gordailua.

Olentzero
Gabon eskeko hezur-haragizko Olentzero haurra, Zestoa, 1990. Irudia: Maite Korta

Hezur-haragizko Olentzero umearena guztiz gertukoa egin zait. Haur nintzela Gabon eskean irteten ginen Zestoan. Abenduaren 24an 2-14 urteko umeak kalez kale abesten ibiltzen ginen Olentzero bizkarrean hartuta. Olentzero 4-5 urteko haurra izan ohi zen. Erramua aipatzen du Lekuonak eta nik gogoratzen dut nola Olentzeroren aulkia gure baserrian edukitzen genuela urte osoan gordeta, eta etxe inguruko huntzarekin apaintzen zuela gure osabak. Banekien Maite Korta herritarrak orduko irudiren bat izango zuela gordeta, beti kamera eskuan, gure bizitzako zenbat une ote ditu jasota iruditan? 1989-1993ko Zestoako haurren Gabon eskeko grabazioak pasa dizkit:

Olentzero panpinak berpizten

Iruditzen zait gure festak ez direla haurrenak, gaztetxo edota helduenak baizik. Umeak hor bueltan egon daitezela, ikusi eta ikas dezatela festak nola ospatu eta iritsiko zaie garaia; baina zer ari da gertatzen orain? Fokua ume txikiengan jarri dugula eta umeari garaia iristen zaionerako nazkatu da; ez du ilusiorik, grinarik, gogorik: "horiek ume txikien kontuak dira eta ni ia ez naiz umea!".

Olentzero
Haur taldea Gabon eskean Olentzero panpinarekin, Zestoa, 2023-12-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Azken urteetan sartu garen zurrunbiloari buelta ematea ez dut erraza ikusten, baina gure esku dago. Nik argi dut Olentzero eta Mari Domingi pertsonifikatuei baino Olentzero panpinei eman behar zaiela indarra. Umeek oparien zerrenda prestatzeko lana hartu beharrean presta dezatela panpina. Lehen gaztetxoak mobilizatzen ziren eta eskean ibiltzen ziren Olentzerorekin, gozoki edo txanponen bat lortzeko ilusioarekin. Orain ez, orain haurrak zain daude, geldik; baina hori bai, eskean jarraitzen dute, bakoitzari bere etxera zer ekarriko Olentzerok. Jarrera pasibo eta kontsumista da bultzatzen duguna.

Olentzero
Haur taldea Gabon eskean Olentzero panpinarekin, Zestoa, 2023-12-24. Argazkia: Danbolin

Nik nahiago gaztetxoak aktibatzea. Olentzero panpinekin talde lana bultzatzen da, baita imajinazioa ere. Aurreko eguneko prestaketa, itxura adostu, forma eman eta, azkenean, kalera. Olentzero aurkeztu eta egun osoko lana aurretik: lagunekin kalez kale, baserriz baserri kantuan eta eskean.

Olentzero
Haur taldea Gabon eskean Olentzero panpinarekin, Zestoa, 2023-12-24. Argazkia: Danbolin

Herrian dinamika hori bultzatzeko saiakera bat edo beste egin ditut eta gurasoak ez ditut guztiz konbentzituta ikusi. Gurasoak baino gaztetxoak konbentzitzea da giltza. Nik gogoratzen nuen nola irteten ginen umetan talde handian kantuan goizez, baina interesgarria arratsaldekoa zitzaigun. Talde txikitan, bakoitza bere kasa, eskean. Horrek bai zuela grazia! Merienda goxoez gain, dirua ateratzen genuen. Neure baitan pentsatzen nuen oraingo gazteentzako ere horrek erakargarria izan behar duela. Gizartea aldatzen doa, baina jana eta txin-txin hotsa beti da tentagarria.

25 bat urte izango ditu argazki honek. Gogoan dut nola pentsatzen genuen estrategia, ze ibilbide egin, ze etxetako atea jo... Taldekideen etxeak, familiakoenak, irakasleren batenak... eta bukaeran saria: bildutakoa kontatu eta banatu.

Amaiur Gabon eskean
Haur nintzela lagunekin Gabon eskean, Zestoa.

Aurreko urtean Gaztelekuko arduradunari proposatu nion eta pare bat saio antolatu zituzten panpinak egiteko. Banekien taldetxoren bat elkartu zela, baina gauza bat da panpinak egitea eskulan moduan eta bestea kalera kantura eta eskera ateratzea pantailetan hazi ditugun haurrak. Ba Gabon Egunean mendi buelta egin eta herrira iristean hura poza nirea. Gaztetxoak Olentzero bizkar gainean hartu eta eskean zebiltzan, instrumentu eta guzti batzuk. Pantaila eta kontsumo kumeak izanagatik, haientzat ere Gabon eskeak badu gantxoa!

Olentzero
Haur taldea Gabon eskean Olentzero panpinarekin, Zestoa, 2023-12-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Olentzero mozkorra eta parrandazalea

Azken urteetan Olentzero pertsonifikatua guztiz itxura aldatuta etorri zaigu. Jada ez da ikazkin, mozkor, begi gorri, tripandia. Orain ez du erretzen eta edaten, kilo batzuk kendu ditu, arropa dotoreak janzten ditu eta neska-laguna aurkitu diote. Garai batean ez bezala, zintzoa eta maitagarria da. Ez dut ulertzen umeen bizitzetatik beldurra desagertzeko joera, dena azukreztatzeko moda hau. Guri beti mehatxua egiten ziguten: "Txintxo portatu bestela Olentzerok ikatza ekarriko dizue". Umeak zakuan sartu eta itsasora ematen zituela, edo igitaiarekin etortzen zela umeei lepoa moztera ere irakurri izan dut. Etxeko txikiak beldurtu egin behar dira, ze arraio! Beldurra bizitzaren parte da eta haur txikiei entrenamendu pixka batek kalterik ez. Beldurra, zirrara, jolasa, inozentzia...

Zestoako haur talde baten aurreko urteko Olentzerok, ordea, uste dut gorde duela Olentzeroren esentzia. Nabarmena izan zen eroso eta gustura aritu zirela Gabon eskean. Egun osoan, deskantsurik gabe, kalez kale.

Olentzero
Haur taldea Gabon eskean Olentzero panpinarekin, Zestoa, 2023-12-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Olentzero eta Mari Domingiren etorrerara ere bizkarrean eraman zuten.

Olentzero
Haur taldea Olentzero panpinarekin Olentzero eta Mari Domingiren etorreran, Zestoa, 2023-12-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Olentzero egun osoan parrandan, eta denok dakigu egun osoko jardun horrek zerk dakarren, pertsonaren dekadentzia. Panpina ere ez zen libratu, baina ze ederra, Olentzero dena emanda lurrean jota.

Olentzero
Olentzero panpina lur jota egun osoko jardunaren ondoren, Zestoa, 2023-12-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Dokumentuaren akzioak

2024/12/27 10:15
Bejondeizula, Amaiur, eta eskerrik asko ekimenagatik eta artikuluagatik. Beharrezkoak ditugu!
Etxeko txikiak beldurtu behar diren horrekin ez dakit bat ote natorren... baina gainontzekoarekin bai.
Ni ere Olentzero eta urte zaharreko etxez-eteko eske-erronda autogestionatuetan ibilia, Irunen lehengusu eta lagunekin. Zirrara eta saria! Oroitzapen onak...

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.