Dokumentuaren akzioak
Irati Jaio: "Aitak esaten zidan Iurretan sanmigeletan egin arte dantza, ez zarela dantzari"

Esan dezakegu Irati Jaio (Iurreta, 2009) azken San Migel jaietan egin dela benetako dantzari. Talde nagusiarekin, Iurretako plazan, egun handian dantzatu du. Bere aitaren esanetan, hori egin arte, bat ez omen da dantzari. Elizako arkupeetan egin dugu zita. Aita ere gerturatu da. Harro, benetan, alabaz, gure etxean esan ohi den moduan, "ezin kabituta". Alaba, berriz, lotsati eta urduri. "Baina zer galdetu behar didazu?". Lasai egoteko esan diot, erantzuten ez dakien galderarik ez diodala botako eta. Petrilean eseri gara. Dantzaz hizketan hasi denean alde egin zaizkio lotsa guztiak.
Pasa berri diren San Migel jaiak aurtengoan bereziak izan dira zuretzat, ezta?
[Barre txikitxoak ihes egin dio]
Orain hiru urte hasi nintzen dantzan. Animatu nintzen probatzera eta hasi nintzen ikasten eta jarraitu dut. Oraingo urtean nagusien taldean batzuk falta ziren Bilboko jaietarako eta niri deitu zidaten. Bilboko jaietan eta Donibane Lohizunen ere dantzatu nuen taldearekin eta gero esan zidaten sari moduan egiteko Iurretako plazan.
San Migel egunean dantzatzea handia da iurretar batentzat, hala?
Bai, espeziala da. Ezagunak dituzu alboan, zure herria da... Etxetik jasotako zerbait da, duela hiru urte hasi nintzen, baina txikitatik egon naiz ikusten. Nire aita izan da dantzaria eta nire aitona ere bai. Orduan beti egon da dantza etxean. Aita dena emozionatu zen esan nionean San Migel egunean plazan dantzatuko nuela. Aitak esaten zidan Iurretan sanmigeletan egin arte dantza, ez zarela dantzari.
Baina San Migel eguneko bi saioak ez dira dantzariek festetan egin beharreko lan bakarrak, ezta?
Bezperako azken entsegua, San Migel eguneko bi saioak eta Errosario igandean ere dantzatzen dugu. Eta azken hori ere berezia izan zen oso niretzat. Aurten ni bakarrik sartu naiz taldera, normalean 4-5 berri elkarrekin sartzen dira, eta berriek banangoa egiten dute amaieran. Mikrofonotik esan zuten, "Irati Jaio sartu da aurten taldera eta irten plazara". Banangoa dantzatzeko esan zidaten eta egiten nabilen bitartean, kantatu zidaten bertso bat. Emozionatu nintzen.
Eta festetan parranda eta dantza uztartzea erraza al da?
Oraindik ez dut asko edaten, nik jada badaukat energia edan gabe ere, orduan edan barik ere asko disfrutatzen dut. Hala ere, etxera goiz joaten nintzen. Ez naiz irteten asko oraindik.
[Aitak barre egiten du. "etorriko zaizkio garai zailagoak, eta etor daitezela, ez da seinale txarra izango, baina dantza eta parranda gogorrak dira, esperientziagatik diot! kar, kar, kar!"]
Zerk bultzatu zintuen dantzan hastera?
Norbaitek komentatu zuen eta esan nuen, "ba ni ere bai. Animatuko naiz, ze txikitatik eduki dut flexibilitatea. Esan nuen animatzen naiz, probatzen dut, eta gero ikusiko dut zer egingo dudan". Eta gustatu zitzaidan. Eta irakasleak eta super majoak dira.
Noiz entseatzen duzue?
Gu hasi ginen bariku arratsaldean entseatzen, ordubete, eta oraingo urtean hasi gara astelehenetan ere bai, arratsaldean apur bat entseatzen. Hementxe plazan aritzen gara, eta euria egiten badu arkupeetan.
Aurreko urtean Antton Mari Aldekoa-Otalora elkarrizketa genuen, eta hark esaten zuen hemen umeek jaio direnetik daukatela erritmoa barruan. Hala uste duzu?
Bai, nik uste dut baietz. Gainera aurrekoan ere ikusten nituen dantzariak eta gero atzetik ume txikiak jantzita gure atzetik. Ni ere bai txikitan aitarekin eta irteten nintzen jantzita. Bazaude bizitza guztian ikusten, eta azkenean geratu egiten zaizkizu pausoak. Orduan, gero errazagoa da ikasteko. Guk plazan entseatzen dugu urte osoan, eta umeak beti hor daude, guri begira.
Flexibilitate handia duzula diozu, landu egin duzulako?
Ez, berezkoa da, txikitatik izan dut. Bueno... eta duela hiru urte dantzan hasi nintzen urte berean, gimnasia erritmikoan ere hasi nintzen. Dena izan da duela hiru urte, nik ez nekien gimnasia erritmikoa existitzen zela ere, baina lagun batek animatuta hasi eta hori ere gustatu. Lehen esku pilotan ibiltzen nintzen, eta bukatu zen mistoa. Eta orduan Iurretan ez zegoen nesken talderik. Hortik gimnasiara, eta, egia esan, dantzarako ere oso lagungarria da.
Beraz, hanka altxatzea zuri asko ez zaizu kostatuko, baina zer da zailena egin zaizuna?
Teknikoki gehienbat ezpata nagusiak eta makil jokoak. Kolpe asko dira eta norekin eta eman behar diren nahastu egiten nintzen askotan, baina ondo. Azkenean sartzen zaizu buruan. Eta jada mekanikoki egiten dut.
Entseguak astero, udan Bilbon, Donibane Lohizunen... azken aldian ordu asko dantzan eta dantzariekin, ezta?
Hori da polita. Ze azkenean egiten duzu familia moduko bat dantzakoekin, eta horko irtenaldietan ere elkartzen zara askoz gehiago dantzakoekin. Irteera horiek ez banituen egin, erdiak ere ez nituen ezagutuko.
Dantza familia moduko bat dela diozu, baina benetako familiakoekin ere dantzatzea egokitu zaizula badakit.
Bai, aurten lehengusuak ere badira taldean. Eta azken Urrijenan aitarekin dantzatu nuen. Gu Amatzakoak gara eta Amatzan dantzari asko gaude.
[Joseba Jaio Iratiren aita eta Unai Esturo inguruan ditugu. Distantzia batera, baina belarriak erne-erne. Hurbiltzeko esan diet. Esturok dio Amatzan azken urteetan bereziki dantzari asko irten direla, baina beti izan dela dantzarien auzoa. Jaiok azaldu dit 500 metroko auzoa dela, zortzi bat baserri daudela eta baserri bakoitzean gutxienez dantzari bat. "Zenbait urtetan zortziko bi talde ere atera izan ditugu".]
Bukatzeko, aitak nola bizi dituen aurtengo sanmigelak jakin nahi dut.
Joseba Jaio: Kristoren subidoia. 28an negar malkoak irteten hasi ziren, eta oraindik geratu gabe nago. Nik 15-16 urtetan egin dut dantza hemen, ni gustura ibili naizen lekuan jarraipena eta etxeko bat dagoela ikustea ederra da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Amaiur Aristi Arregi on Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez
- Haurrak, haurrak... on Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez
- Amaiur Aristi Arregi on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Xabier Etxabe on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Oier Araolaza on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Dantzan on 50 urte eta gero orduko eta gaurko kaskarotak dantzan Donibane Lohizunen
- Patxi Montero on Lepoan hartu eta segi kantura
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21