Dokumentuaren akzioak
Ioritz Galarraga: "Gustatuko litzaidake dantzan zahartzea"
Amaiur Aristi Arregi
Dantzan eta dantzaz bizi da (Ioritz Galarraga Capdequi, Amasa, 1991); amasarra eta dantzaria, beste edozeren aurretik. Bilaka kolektiboan aritzen da, "dantzako beste bide batzuk bilatzeko, zerbait artistikoa da sortzen duguna"; baina benetan barruak mugitzen dizkiona etxean, herrian, plazan jaso duena da, "hori da gure jatorria, ukitzen nauena". San Martin jaiak egutegian ondo borobilduta izan ohi ditu eta ia aste osorako Baionatik Amasara etorria da. Soziedadean elkartu gara, oilasko-biltzearen bezperan.
Baionan bizi zara, baina gaurko bai ala bai Amasara etorri beharra zenuen, ezta?
Bai, sanmartinak direlako. Uste dut bi urte lehenago edo jai eskatzen dudala. Dagoeneko 2028rako jai eskatua dut, 2027koa aurretik eskatuta baitut. karkarkar! Esaten diet nahi badute Gabonetan lanerako prest nagoela, Amasako festetan ez.
Eta zer egiten du ba amasar batek Baionan?
Ba... 2017an artista izatea erabaki nuelako. [bere buruari barre egiten dio] Nik ingeniaritza ikasketak egin nituen, eta baita irakaskuntzako masterra ere. Irakasle aritu nintzen matematika, fisika... klaseak ematen, eta horrela nenbilela aukera atera zitzaidan dantzari bezala hasteko. Dantzaz konpainian hasi nintzen eta hura bukatu eta segidan Bilaka kolektiboan eskaini zidaten ordezkapen bat. Baionan ordezkapen bat egin nuen eta pixkanaka barruan gelditu nintzen. Eta orain Baionan bizi naiz, egunerokoan Bilaka-n lan egiten dudalako.
Dantza ogibide duzu, beraz.
Dantza beti egin izan dut presente txikitatik, 11 urterekin hasi nintzenetik sekula ez dut utzi. Unibertsitatea hasi nintzenean hor eduki nuen zera bat, baina segidan berriz heldu nion. Hala ere, 25 bat urterekin utziko nuela uste nuen eta justu 25 urterekin hasi nintzen dantzatik bizitzen.
Hori ezin dute askok esan, ezta?
Bai, %100ean dantzaz bizi naiz; baina hori esan dezaket Iparraldean aritzen naizelako, artisten erregimen baitaukagu. Horri esker ateratzen dugu soldata duin bat hilabetean. Hegoaldean ez dut uste bizi ahalko nukeenik orain egiten dudanetik. Intermitentziari esker, emanaldi kopuru minimo bat egiten badugu urtean, hurrengo urterako hileroko soldata minimoa aseguratzen dugu. Horrek ematen du aukera dantzatik bakarrik bizitzeko.
Eta luzaroan ikusten zara dantzan eta dantzatik bizitzen?
Askok galdetzen didate noiz arte jarraitu behar dudan, eta azken aldian gero eta gehiago, badakizu... adina! kar, kar, kar! Ez diot jarri nahi mugarik nire buruari. Uste dut gorputzak jarriko digula, edo buruak. Azkenean dantzari bizimodua ere ez da sinpleena, ohikoena edo errazena. Askok esaten didate ze suertea daukadan gustatzen zaidanetik bizitzeko; erantzuten diet gutxi biziko liratekeela ni bizi naizen baldintzatan. Niri gustatuko litzaidake dantzan zahartzea. Dantzari beti izango naiz, modu batera edo bestera, baina badaude dantzari helduak direnak eta lortzen dutenak, behin onartuta zure mugak zein diren. Zailena hori izango da, ikustea 25 urterekin egiten zenuena igual ezin duzula egin, igual gabe. Orduan, ordea, uste dut irabazten ditugula eszena edo plazarako beste erreminta batzuk, igual ez direnak horrenbeste fisikoari lotuak, indarra eta horrela. Eta lortuko dugu pixkana beste dantzakera bat. Balio duena eta betetzen gaituena, eta horrekin espero aurrera egiten segitzea.
Orain bereziki Bilaka-n Bezperan ikuskizunarekin zabiltzate, ezta?
Urtarrilean estreinatu genuen. Berez, lau musikari eta zortzi dantzarik osatzen dugu taldea. Gero proiektu bakoitzaren arabera beste dantzari bat edo etortzen da, kasu honetan beste lau. Estetika tradizional asko daukan emanaldia da, nahiz eta gero sorkuntza berriak diren gehienak. Tradizionaletik dezente hartu dugu. Nonbait, ohitura zaharraren arabera, etxeko nagusia hiltzen denean aurrena erleei abisatzen zitzaien. Laguntza eskatuz, beraiek gabe ezingo delako aurrera eman ondorengo dolu guztia. Eta hor eskatzen zaie erleei lana egiteko, mesedez bizi ahal izateko. Metafora da negua hiltzen ari dela. Hortik abiatu gara, gaur egun nola negutik udara zuzenean pasatzen garen trantsiziorik gabe, gizarte talde bat nola dabilen kondizio estremoetan. Makila-dantza bat sortua dugu, erregelak ere egiten ditugu, zinta-dantza ere bai... Estetika tradizionalarekin gabiltza, baina beti sortutako koreografiak.
Trantsizio aipatzen duzunean, klimaz ari zara ezta?
Hori da, oraintxe azaroaren 12an, 26° egotea. Gu gazteak ginenean 0 azpitik 2° ezagutu ditugu oilasko-biltzean.
Datozen asteetan agenda toperaino duzuela ikusi dut. Ondo moldatzen zara erritmo horretan?
Frantzian gabiltza bira egiten eta santotomasak arte bueltaka ibiliko gara geratu gabe, Baionatik Frantziara eta bueltan, eta gero urtarrilean berriz. Hori ere gure lanaren beste parte bat da. Momentu batzuk dauzkagu gehiago sorkuntzari eskainiak direnak, eta egonaldiak. Eta besteak bidaiak eta dantzatzea. Eskertzen da, ze bestela besteak exijentzia asko dauka, mentala, fisikoa ere bai. Azkenean, egonaldi batek suposatzen duen guztia asko da. Emanaldiak desberdinak dira.
Baina emanaldiak ere fisikoki gogorrak izango dira ba?
Bai, bai. Kardioa asko lantzen dugu, potentea da emanaldia. Guk sortutakoarekin horrela ibiltzea ere... Beste batek sortzen duenean koreografia kexatzea daukazu behintzat, kar, kar, kar!
Bezperan ikuskizunaz ari gara eta, hain justu, gaur oilasko-biltzearen bezpera dugu. Zer da biharko egunez egiten duzuena? [Aurten azaroaren 13an]
San Martin jaietako ostegunean oilasko-biltzea egiten dugu. Goizeko 6:00etan batzen gara eta aurrena gosaldu egiten dugu. Gero, baserriz baserri oilasko-biltzean hasten gara, bazkal ordura arte. Baserriz baserri ibiltzen gara janean, edanean eta dantzan. Eguerdian hemen elkartzen gara, soziedadean, bazkaldu eta arratsaldean soka-dantza plazaratzen dugu.
Nork hartzen du parte?
14 urterekin hasten dira. Adin horrekin hasi eta bukaera ez da garbia. Berez gazteen jaia dela esaten da, baina guk jubilatzeko intentzio handirik ez dugu. kar, kar, kar! Ni atera nintzen lehenengo urtean oraindik gure aitak ere parte hartzen zuen. Hark atera zidan lehen tragoa!
Amasar batentzako helduaroa salto egiteko modua markatzen duen jaia edo da, ez?
Gure arrebak, adibidez, 6 urterekin esaten zuen "8 urte falta zaizkit", atzera kontaketa egiten aritzen zen. Eta hori garrantzitsua da. Aurreko urtean, adibidez, soka-dantzaren bukaeran haur piloa sartu zitzaizkigun kalejirara. Gurasoak oso pozik ziren, "ze polita izan den aurtengoa umeekin". Eta gu ez gaude ados, soka-dantza hori ez da haurrena, ez da haurren espazioa. Itxoin dezatela ilusioz eta gogoz 14 urte bete arte. Idatzitxo bat atera dugu aurten aurreko urtekoa gerta ez dadin eta uste dugu ondo ulertu dela.
Hasieran esan duzun moduan egutegian gorriz markatutako eguna da. Zerk egiten du berezi?
Herriko baserri guztiak pasatzen ditugu. Taldean hainbat belaunalditako herritarrak batzen gara, niri asko gustatzen zait nola gazteenak helduenarekin ibiltzen diren, elkarrekin nola partekatzen dugun festan. Urtean zehar gehiago igual ez gara ikusiko, oso gutxi, baina hor egiten da hiru eguneko mikroklima, eguraldiak egin duen bezala. Giro sanoan ibiltzen gara eta gazteei erakusten diegu parranda nola egin.
Parranda eta dantza. Baserri atari guztietan dantzatzen zarete, ezta?
Goizean baserri bakoitzean edo fandangoa edo arin-arina egiten ditugu. Eta gero soka-dantzan denok parte-hartzen dugu eta denok-dantzatzen dugu axeri-dantzaren zatia.
Horrek zer esan nahi du, amasar guztiek dakizuela dantzan?
Ez dakienak egunean zehar ikasten du, goizeko 06:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00rak arte, nahiko ordu dira, ez? Etortzen dira gazteak ideiarik ez daukatenak, baina pixkana-pixkana egin eta egin eta ikasten joaten dira. Garai batean agian gehiagok egiten zuten ihes dantzako momentuan, baina azken urteetan ikusi dugu dinamika izan dela denek dantzatzea, eta askoz ere parte-hartzaileagoa bihurtzen ari da.
Soka-dantzan aurresku edo atzesku lanetan ikusi izan zaitut askotan. Ardura hori nork hartzen du?
Ba normalean dantza taldeetan ibili izan garenok. Orain dela urte batzuk, ordea, konturatu ginen generazio bat baino gehiago, dantza taldetik etorriak ginela eta dantzakera aldatu genuela. Gure aitak jada esaten zuen desberdin egiten genuela. Herriko zaharrekin ere egon ginen eta saiatu ginen berreskuratzen garai bateko dantzakera hura. Bukaeran zortziko bat egiten zela ere gogoratu ziren eta gehitu genuen zortziko hori. Kantatu egiten zuten, baina ez genuen inon jasoa eta partiturak moldatu genituen. Eta gero Agurrean edo Aurkez aurkekoan ere urrats batzuen aurretik pauso batzuk sartzen dira, adibidez.
Dantzakera aipatu duzu. Pentsatzen dut Bilaka-n eta Amasan ez duzula berdin dantzatuko.
Ez, ez, ez, hau beste gauza bat da. Nik uste dut beste leku batera eraman dugula dantza Bilaka-n, izan garaikideagoa edo estetika tradizionalarekin. Beste bide bat hartu du. Askotan jendeak ikusiko nau oholtzan, baina ez dakite ondo nola ibiltzen naizen gero. Beste dantza edo beste estilo batzuetan nabil, baina gero hemen fandango eta arin-arina, plazan egiten den bezala egingo ditut. Hemendik gatoz, hau da egiten dena kalean eta bestea beste gauza bat da. Gauza desberdinak dira.
Eta zer ematen dizu bakoitzak?
Niretzat hau gure jatorria da, ukitzen nauena. Trikitixa, gaita, dultzainak... barruak mugitzen dizkit [eskua bihotz eta tripara eraman du eta ezin du bere burua geldik eutsi]. Eta bestea da igual espresatzeko, lantzeko eta dantzako beste bide batzuk bilatzeko, zerbait artistikoa da sortzen duguna. Bat da gure parte, gure oinarria, emozioak eta bestea espresio bide bat.
Aita eta arreba behin baino gehiagotan aipatu dituzu. Garbi dago etxetik jaso duzuela festarako eta dantzarako zaletasuna.
Hasteko, jaio ginen egunetik ikasi genuen amasarrak garela. Aita da Amasakoa eta ama Andoaingoa, baina amaren aldeko amama dantzaria genuen, lesakarra. Gu beti dantzan ibili gara. Ama ere dantzazalea da eta aita Oinkarin ibili zen. Nik dantza eta oilasko-jokoa beti presente. Lagun askok esaten didate ez dagoela urtean egunik "oilasko-jokoa" hitza esaten ez dudanik. Adibidez, ardo beltza usaintzen dut, eta esango dut "ai, oilasko-jokoan bezala!" Barruan badaukagu zerbait, gustatu egiten zaigu, bizi egiten dugu.
Zuei transmititzen asmatu zuten, eta amasar gazteak ere dantzazaleak al datoz? Nolako etorkizuna ikusten diozu oilasko-jokoari?
Gustura ibiltzen dira. Uste dut parte-hartzaileen adin eskailera horrek laguntzen duela baserriz baserri joate horretan nola jokatu behar den ikasten. Hasieran nik inor ez nuen ezagutzen, baina zaharragoak hizketan geratzen ziren, agurtzera joaten ziren. Gazteenak ez du edukitzen hasiera batean iniziatiba hori, baina beti galdetzen dizute, "zu nongoa zara?".
Ze etxetakoa zaren, ez? kar, kar, kar!
Horixe! Eta horrela joaten zara pixkanaka ezagutzen jendea eta ikasten zer egin behar den momentu bakoitzean. Eta nik uste dut hor inportantea dela taldean denetik egotea, ze bestela hotza bihurtu daiteke. Jakin egin behar da kasu egiten edo harrera egiten behar den bezala. Eta lehen esan bezala, gazteek dantzarako konpromisoa ere hartu dute.
Oso ondo. Ba, nire aldetik, galdera gehiagorik ez. Ondo pasa festak!
Bai! Badakizu, nahi baduzu bihar etorri! Edo edozer gauza eskatu.
[Esan diot bihar argazki edo bideoren bat eskatzen badiot, alfer samarrik izango dela, telefonoari asko ez diola begiratuko eta. Ezer eskatu gabe goizeko 8:52an honako bideoa bidali dit fin-fin]
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Arkaitz Pascuas: "Nagore eta biok entsegu maitaleak gara. Gehiago disfrutatzen dugu egunerokoaz emaitzaz baino"
- Amaiur Aristi Arregi on Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez
- Haurrak, haurrak... on Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez
- Amaiur Aristi Arregi on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Xabier Etxabe on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Oier Araolaza on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Dantzan on 50 urte eta gero orduko eta gaurko kaskarotak dantzan Donibane Lohizunen
- Patxi Montero on Lepoan hartu eta segi kantura
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09


