Dokumentuaren akzioak
Herria dantzan Luzaideko plazan
Luzaideko bolantak, Noa Alzon, Axier Camino, Mixel Granada eta Feli Cantero. Luzaide, 2022-04-16. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
“Gaurko egunean denak hor gaude, sentitzen garenak luzaidarrak, hemen jaioak direnak edo aita-amak hemengoak dituztenak; denak etortzen dira hona Luzaidera dantzara”; Feli Canterorentzat (Luzaide, 1957) berezia izan da aurtengo Bolant Eguna, ia 40 urteren ondoren itzuli baita dantzari jantzi eta plazara dantzara. Axier Caminok (Luzaide, 1986) gorri papera betetzen du; festa antolatzeko ardura du, beraz. Burua mila tokitan izan behar aurretik zein egun handian, baina horretan ere disfrutatzen du. Bolant Eguna deskribatzea zaila dela dio: “Egun oso berezia da, urte guztia prestatzen egoten garena. Herriarentzat sentimendu bat bezala da, tradizioa bat duena, duela urte asko hasi zena eta mantentzen duguna geroztik”.
Mixel Granadak ere (Luzaide, 1977) hamaika lekutan izan du burua. Goizeko 6:00etan jaiki da etxeko ardiak gobernatzera, horiek ez baitute barkatzen festa egunetan ere. Dotore agertu da goizeko 9:00etako saiora; baina presaka itzuli da etxera, amaren bila, mezetara laguntzeko. Noa eta Oier Alzonen (Luzaide, 2009 eta 2012) etxean ere nahiko lan, gurasoena baita herriko Ardandegia. Goizean-goizetik martxan dira tabernako lanetan eta etxeko bi txikiak prestatzen; pena handiz, gero ezingo dituela seme-alabak plazan dantzan ikusi esan digu Amaia Peñak (Leitza, 1977) .
Etxean ikasten da dantzan
“Igande arratsaldetan etortzen ginen, baina lehenik etxean egiten genuen ordu erdiko saioa. Etxeko aulkian bi anaiak aulkiaren bi burutan antrexantak entseatzen genituen etorri aitzin”. Hamabi urterekin hasi zela dio Granadak. Eta ordutik urte batez bakarrik egin du kale, aita hil zen urtean, hain zuzen ere, “zure familian hiltzen bada norbait ondoko urtean dolu egiten da eta ez da dantza egiten”.
Camino, berriz, zortzi urterekin edo hasi zen entseatzen, baina ez zen bolantez jantzi 13-14 urteak arte, “ez dakit lotsagatik eta gogorik ez nuelako, baina gurasoek ez ninduten behartu, eta gero, lehengusuak hasi zirenean hasi nintzen, eta geroztik ez dut huts egin”. “Familian, bai amaren aldetik bai aitaren aldetik denak ateratzen ziren dantzan, orduan, urratsak bagenizkien” eta gero kontra-dantzak apaizaren etxe azpian ikasten zituztela kontatu digu Canterok, “apaiza aurrean zela, kontra-dantzak edo polkak mutilekin dantzatzen baitziren eta badaezpada ez ttinko-ttinko, neurriak errespetatu behar”.
Sarri esan ohi da Luzaiden dantzakera erreparatuta igarri daitekeela dantzaria ze familiatakoa den. Granadak baietz, egia dela hori, “irakasle bakoitzak ematen du bere ukitua; irakasle edo familia bakoitzak badauzka keinu batzuk nabaritzen direnak gero taldean. Nola ez garen talde bat, baizik eta herria den dantzatzen dena”.
Alzon anai-arrabek ere etxean ikasi dute aitarekin eta gero entseguetan dantza irakaslearekin. “Hiru urterekin hasi nintzen ikasten eta bost urterekin kalean dantzatu nuen”, aurten lehenengo aldiz hartu du parte helduen taldearekin. Anaia gaztea ere inguruan ibili da; ez dela gogoratzen noiz hasi zen dantzan dio hamar urteko mutikoak. Nola gogoratuko da ba? Etxean jaio zenetik ari dira eta dantzan. Amak ere seme-alabekin ikasten aritu izan dela dio, baina plazan ezin dantzatu, ez baita odolez luzaidarra. Berdina dio Feliren Iruñeko errainak, “seme-alabak izaten baditut egunen batean haiek dantzatu ahalko dute, baina nik ez”.
40 urte eta gero plazara
Luzaiden badira idatzi gabeko arau gehiago ere, “ohituraz hemen ezkontzen zinenean amaitzen zen zure ibilaldia, ez zinen gehiago dantzatzen ahal taldean”. Felik Canterok, hala ere, beste bi urte gehiagoan jarraitu zuen, gero haurdun gelditu zen eta orduan utzi zuen, gaur arte. Bolant Eguneko emanaldian parte hartzea utzi zuen, baina ez dantzatzea: “Dantzaldietan eta etxean dantzatzea ez dut sekula utzi, beti jarraitu dut dantzatzen, eta, gero, erakutsi egin diet ttiki-ttikitatik nire haurrei”. Seme-alabek aurten ikusi dute lehen aldiz ama dantzari jantzita, eta hirurak elkarrekin atera dira plazara, “berriro beztitu naiz. Txalekoa lagun batek utzi dit, baina gona hau da hemezortzi urterekin egin nuena”.
Hamahiru bat urterekin hasi zela dantzan gogoratzen du Canterok, belaunaldi bat zaharragoko emakumeak eredu zituztela: “Gure aurreko taldea, lehenengo taldea andreak dantza egin zutenak, hemezortzi bat urte zituzten eta gu atzetik hasi ginen. Ordura arte emakumeak eramaten zituzten gona oso luzeak, orkatilak ez ziren ikusi behar... Orduan talde hori atera zen horrelako txalekoekin eta gona motzekin. Izan zen puntutxoa esateko andreak hemen gaude, badakigu dantzatzen, nahi dugu dantzatu eta pixka bat hautsi behar dugu egoera hau”.
Inauterietatik Pazko Igandera
Nafarroako Artxibategian bolant-dantzei buruzko erreferentziarik zaharrenak 1832koak direla azaldu digu Granadak, orduan inauteri festak ziren eta gerra garaian dataz aldatu zituzten: “1937an bereizi zen inauteri garaitik eta hasi zen dantzatzen Pazko Zaharrez (Pazko Igandeko ondorengo igandea). Arribatu zen urte bat non herriko gazteak soldaduskara edo eskolara joanda zeuden eta herrian ez zen gazterik dantzatzeko. Beraz, Pazko Zaharretik Pazko Egunera aldatu zen”.
Ohi den moduan, herriko gazteriarekin lotura zuzena izan dute festek eta antolakuntzak. Bolant Eguna antolatzeko ardura nagusia gorriek izan ohi dute Luzaiden. Gorriak, normalean, bolanten juntan dauden mutil gazteak izaten dira. Axier Caminok ia hamar urte daramatza lan horretan: “Entseguak prestatzen digu, musikariak lortu, horientzat otorduak erreserbatu, egingo diren dantzak antolatu, sarrera irteerak lagundu...”.
Bolant Eguna Herritarren topaleku
Pazko Igandea izaten da egun handia, baina bezperatik hasten da festa giroa herrian. 18:30ak alderako hurbildu ginen plazara eta sumatzen zen aire berezi bat. Makilari txikiak makilak astintzen, hainbat neska hurrengo egunerako ileko txirikordak egiten, talo usaina kale bazterretik... Eta aspaldi elkartu gabeko herritarrak elkar agurtzen, familia aurkezten, besarkadak, bostekoak, “ghu gazteena da. Gazteena, baina zenbat handitu da, azkena ikus ginean neska koskor bat zen eta?”. Azken entsegua ere bezperan egiten dute, kalean, plazan.
Asko urtean behin hurbiltzen dira herrira, berezia izaten da Pazko asteburua eta aurtengoa zer esanik ez; pandemiaren ondorioz, hiru urtean ez baitziren ikusiko asko, erraz esaten da. 2019tik bolantak kalera irten gabe egon dira, baina aurten bai! Pazko Igande dotorea atera da, hala behar zuen. Eguraldi ezin hobearekin lehertu da kolore festa plazan; herria dantzan Luzaideko plazan!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19