Garaiko soka-dantzaren memoria emakumeen ahotik
Emakumeak soka dantzan, Garai 2026-07-14. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
“Ni bizi naizenetik betidanik ezagutu izan dut emakumeak sokan dantzatzen”, dio Justa Oregik (Berriz-Garai, 1941). Gazte garaian nahiko modu informalean ateratzen zirela plazara dio, errepikatuz eta ikusitakoa errepikatuz ikasiz. Pixkanaka, ordea, pausoak modu antolatuagoan lantzen hasi ziren. “Gero hasi ginen gu serioago ikasten, Justaren anaiarekin”, gogoratzen du Mari Karmen Jakak (Garai, 1952).
Santa Ana Eguneko emakumeen erregelek soka luzea dute Garain. Belaunaldiz belaunaldi jaso transmititu den ohituraren lekuko da Garaiko plaza eta bertaratu eta dantzan aritu direnen memoria jaso nahi izan dugu. Udaletxe aurrean egin dugu zita, eta zuhaitzen itzal azpian eguzkitik babestuta aurkitu ditut bi familietako kideak. Alde batetik, Justa Oregi, Mariagus Arregi (Berriz-Garai, 1965) eta Alazne Unzueta (Abadiño, 1993); amama, ama eta alaba. Eta bestetik Mari Karmen Jaka eta Miren Astorkia (Garai, 1976) ama-alabak. Mari Karmenen ama zenak ere dantzatzen zuela diote eta Mirenen alaba ere dantzaria da, baina Iurretan.
Berriketaldi ederra izan dugu, batzuetan txanda hartzeko ere lanak izan dituzte, denak ere hizketan arazorik gabekoak dira. Eta gero, dantzan jarri ditut, horretan ere ez dute fallorik. Denean arin eta fresko aritzen dira emakume hauek.
Santa Ana eguneko dantzak
Dantzari-dantza gizonek dantzatzen zuten, eta ondoren soka-dantza egiten zen, orduan gizonek emakumeak gonbidatzen zituzten sokara. Eta amaitzean, denak kamerara igotzen ziren, jaiari jarraipena ematera. “Orduan guretzat jaia hasten zen. Gaur egun ere gazteak kamerara igotzen dira, baina giroa bestelakoa da. Lehen gehiago kantatzen zen; gaur egun ohitura hori apaldu egin da”, Justa Oregik. Eta hamaiketakoaren ondoren, nesken txanda, haiek ateratzen zuten soka eta mutilak gonbidatu. “Gizonak komunetan ezkutatzen ziren eta nahiko lan izaten" zutela gonbidatuak bilatzen dio Jakak. “Lau ahizpa izan gara eta laurok hartu genituen gizonak kapaz ez direnak plazara irteteko”, dio Oregik.
Hala ere, Justak aitortu du berak ez duela Santa Ana eguna plazan askotan bizi izan, beste ardura batek lotzen baitzuen urtero, “egun handia zen, eta familia guztia baserrira gonbidatzen genuen. Norbaitek prestatu behar zuen bazkaria. Pentsa, nire semeek lehen aldiz dantzatu zutenean ere ezin izan nintzen etorri ikustera".
Dantza etxean jasoa
"Aita aurresku-atzesku egiten ez dut ezagutu, baina trikitia dantzatzen bai. Ezkondu nintzenean ere biok bat, bat... pausoa eramaten genuen elkarrekin", kontatu du Justa Oregik. Eta Jakak gaineratu du: "Arri baserrikoak beti izan dira dantzariak". Mariagus Arregi Arrin jaioa da: "Gure etxea Berriz da udaletxez, baina Garai elizaz", azaldu du irribarrez. "Gure etxean denok egin dugu dantza. Nik neba gazteagoarekin ikasi nuen. Plazan txikitatik ikusten duzu, musika barruan sartzen zaizu eta gero ez zaizu hain gogorra egiten".
Oregiren garaian eta Jakaren hasieratan, aurreskua ez zuten gaur ezagutzen den bezala dantzatzen, "aurreskua lehenengo aldiz egin genuenean ahal zen moduan egiten genuen, lantzean puntapio bat bota eta kitto", gogoratu du Mari Karmenek. "Kontua zen Santa Ana eguneko emakumeen soka ez galtzea, nahiz eta hiru edo lau pauso egin plazan", gehitu du Arregik.
"Baina gero pentsatu genuen ikasi egin behar genuela, eta Santos Oregi, justaren neba, erakusteko prest agertu zen. Lehenengo aldiz aurreskua behar den moduan dantzatu genuela, orain 45 bat urte izango dira", dio Jakak.
Gorputzez, kasetez, paperez
"Beti azken momentuan entseatzen genuen, eta ezberdina da umetan edo heldutan ikastea. Nik buruz ikasten nuen, memorizatu egiten nuen guztia", dio Mari Karmen Jakak. Alabak ere gogoan du ama nola prestatzen zen: "Paper batean apuntatuta zeuzkan pausoak, radiokasetaren ondoan egoten zen papera: “lau pausu, bi txantxurreke...”, dio. Konturatzerako, elkarrizketa bera entsegu txiki bihurtu da. Pausoen izenak bata bestearen atzetik ateratzen hasi dira, eta hitzekin batera hankak ere mugitu dituzte. Ez dute paperik behar izan. Ezta musikarik ere. Urratsak buruan baino gehiago gorputzean dituzte gordeta. Gero etxera iristean, Mirenek amaren apunteak aurkitu ditu eta bidali egin dizkit.
Mariagus Arregik ere antzeko oroitzapena dauka, "nik ere urteetan eraman nuen papera karteran, baina Santiago bezperara arte ez nuen entseatzen. Orduan nebak esaten zidan: 'entseatzera!'".
Baina transmisioa ez zen paperetara mugatu. Alabek amen lekukoa hartu zuten ia oharkabean. Jakak orain hamar urte inguru utzi zion dantzatzeari; eta Arregik orain bost bat urte. Alabek lekukoa hartu zutela esan daiteke. "Behin amak esan zuen torpe ikusten zela, ze aurreskua luzea da eta kaja behar duzu eta ajilidadea eta esan zuen ez zuela ikusten bere burua plazan egiteko eta egingo al nuen nik. Zerbait entseatu nuen, baina nola amak beti etxean entseatzen zuen, ba neuk banekien", dio Astorkiak.
Familia bateko kideek beti aurreskua eta bestekoak atzeskua dantzatu izan dutela ohartu da Unzueta: “Kuriosoa da, baina gure etxean gehiago aritu izan gara atzesku. Eta zuenean, berriz, aurresku. Gure osaba ere beti atzesku. Behin aurresku aritu nintzen eta uff... luze egin zitzaidan. Hemen ematen du ez dagoela aldaparik, baina aldapa dago”.
"Bagenuen kasete bat txistulariaren grabazioekin", dio Unzuetak. Astorkiak berehala osatu dio kontakizuna: "Gogoratzen dut nola esaten zuen bozarekin ere: 'orain aurreskua, orain banangoa...'. Gainera astiro-astiro jotzen zuen, eta niri luze egiten zitzaidan aurreskua. Pixka bat arinago gustatzen zitzaidan". "Arintxuago beste grazia bat daukala pentsatzen dut", erantzun dio Justak.
Sokatik dantzari-dantzara
Santa Ana eguneko emakumeen soka-dantza aspaldiko kontua da Garain. Dantzari-dantza, ordea, urte luzez gizonen eremua izan da, eta emakumeek ez zuten hura ikasteko aukerarik. "Nire gazte denboran gizonek ikasten zuten dantzari-dantza, baina andrek ez", dio Jakak.
Denborarekin, ordea, emakume batzuk pauso bat harago ematen hasi ziren. Alazne Unzuetak gaztetatik izan zuen dantzari-dantza ikasteko aukera. "Nik Jabi Etxeitarekin ikasi nuen. Dantzari Txiki Egunerako prestatzen ginen; lau neska eta lau mutil ginen. Berak proposatu zigun aurreskua eta atzeskua ikastea. Etxean beti ikusi izan dut, baina gogoratzen dut denok borobilean jartzen ginela eta horrela ikasi nuela. Gero dantzari-dantza osoa ere ikasi nuen; hogei bat urte izango dira". Amamak hitza kendu dio eta harro esan du, "baina burutik gora hanka, e!".
San Inazio egunean, ordea, orain gutxira arte gizonek bakarrik egin dute dantzari-dantza. "Duela bizpahiru urte hasi ziren neska gazteak egun handian ere dantzatu nahi zutela esaten. Inguruko herrietan sortu ziren mugimenduak baino lehenago ere gurean eztabaida handia izan zen, baina ez zen onartu".
Alazne Sarrigoitia izan zen Santiago egunean dantzari-dantza dantzatu zuen lehen emakumea, “ama izan berria zen, eta oraindik bularra ematen zion umeari. Oso polita izan zen. Emakume guztiok harrotasunez bizi izan genuen. Gu itzalean geratu ginen, baina berak argi zuen. Pausoa eman zuen, eta bidea ireki zigun".
Miren Astorkiak ere bide hori egin nahi izan zuen. Horretarako, urte osoan Berrizera joaten zen asteazkenero, dantzari-dantza ikastera. "Hemen ez da urtean zehar entsegurik egiten. Nik plazan dantzatu nahi nuen, eta horregatik joaten nintzen Berrizera". Prestaketa ia amaituta zuen. Garain bakarrik dantzatzen den Gernikako Arbola baino ez zitzaion falta ikasteko. "Alazne Sarrigoitiak esan zidan berak erakutsiko zidala. Prest nengoen". Baina Santa Ana baino astebete lehenago zuntz-haustura izan zuen, eta urte osoko prestaketa bertan behera geratu zen. "Ikaragarrizko pena eman zidan". Arregik berehala erantzun dio, “Mirenek behin egiten duenean, gorputz eta arima dantzatzen du. Dena ematen du".
Aurtengo emakumeek bi egunetan egingo dute dantza, Santio egunean eta Santa Ana egunean. Garai bezalako herri txiki batean —400 biztanle ingurukoa— tradizioak ere egokitzen joan dira. Lehen Santa Ana egunean ezkonduak ateratzen ziren plazara eta Santiago egunean ezkongabeak; gaur egun, berriz, adinak eta generoak baino gehiago, taldea osatzeko beharrak agintzen du.