Dokumentuaren akzioak
Ezpata-dantzari ateratzeko listan zain
Lesakako ezpata-dantzariak San Fermin egunerako ezpata-dantzako entseguetan dabiltza azken hilabetean. Hamabost aterako ohi dira dantzara, eta besteak titularren batek hurrengo urteetarako lekua utzi zain daude. "Batzuetan izaten ahal duzu suertea eta bigarren urtean atera jende aunitzek utzi duelako edo egon ahal zara 3-4 urte entseatzen atera baino lehen", dio Martin Etxegaraik (1998). Bera da taldeko beteranoenetakoa, aurten laugarrenez dantzatuko du.
"Nahiko talde gaztea gara orokorrean. Hiru urtez dantzatu duten bi daude eta gero hurrengoak gu", gehitu du Beñat Ordokik (1999). Azaldu digu erreleboaren kontua aitzin eskuak kontrolatzen duela, "aitzineskuak apuntatzen du entseguetara nor agertzen den, lista espera bat bezala dago. Titularren batek uzten duenean hurrengoa sartzen da entsegu gehien dituen dantzaria".
Egun, bera dabil aitzinesku, "aitzineko aitzineskuak erabakitzen du hurrengoa nor izango den. Nik debuta egin behar nuen urtean erran zidan berak utziko zuela eta ea hurrengo urtean nahi nuen aitzinesku izan eta dudarik gabe baietz". Ematen duena baino ardura gehiago dituela dio: "taldea gidatu behar du, entseguez arduratu, jendeari erakutsi eta egunean bertan ibilbide guztia kontrolatu behar du, baita pausuak ere".
Lehenengo urteak entseatzen
Entseguetan hasten diren batzuk aurrez dantzan arituak dira, baina beste batzuk inoiz ez, "gu txikitatik aritu gara Tantirumairu dantza taldean eta hor dantzatzen dugu hainbat ekitalditan ezpata-dantza, eta atera izan gara zubira eta kruzeak egitera. Eta gero bada jendea egundaino dantzan aritu ez dena, ikusten dute kuadrillakoak hasten direla eta horiek zerotik hasten dira, baina lesakarra denak gutxi gorabehera dantzak badakizki nola diren", azaldu digu Ordokik.
Kapitainak hartzen omen du irakaslearen papera gehienbat, baina normalean dakitenek hasiberriei irakasten dietela dio Pablo Ramosek (1999): iristen direnean hasten dira posible duten moduan erritmoa segitzen. Hilabete bateko entseguak izaten dira, orduan ez da denbora handirik beharko luketen erritmo suabean erakusteko, beraz beraiek sartu behar izaten dute erritmora".
20 bat urterekin hasi ohi dira entseguetan, umetatik ikusi izan dituzte ezpata-dantzariak, asko etxekoak eta herriko lagunekin batera ezpata-dantzari izateko ilusioa eta nahia lesakar askorena da. Inoiz dantzatu ez duenarentzat ere ez dela arrotza diote, txikitatik jaso dutela diote, musika ezaguna zaie eta askori pausuak automatiko ateratzen zaizkie.
"Aurreko urtean ere bagenuen burutan hasteko ideia, baina ez zen atera, ez ginen ausartu, aurten bai", dio barre txikiarekin Uxue Mesak (2001). "Hasi ginen solasten etortzeko entseatzera, abisatu zigun lagun batek hasi zirela eta animatu ginen, gehitu du Iratxe Muxikak (2002).
Mesak dantzak barneratzen ari dela kontatu digu, "Oinarrizko pauso batzuk bagenekizkien, baina makil-gurutzeak egiten ez genuen ideiarik ere. Oraindik hori ari zaigu kostatzen, baina horretan ari gara". Biak txistulariak dira, baita dantzariak ere; 12 urte daramatzate sanferminetan txistua jotzen eta ezagunak zitzaizkien entseguak, baina ezpata-dantza ez dute inoiz dantzatu, "gu neskak izanda ez digute inoiz erakutsi, orain hasi dira neskei erakusten. Guk kanpotik ikusi dugula ezagutzen genituen pasuak, baina ez genekizkien behar bezala, gurutzeak batez ere", azaldu digu Muxikak.
Ezpata-dantzari lehen aldiz
Lehenengo urtean dantzatu zuen lehenengo aldiz Joel Gilek (1999), baina berez ez zitzaion tokatzen: "Pablok suerte txarra izan zuen eta lesionatu egin zen San Joan bezperan dantzan. Pixka bat esperoan egon nintzen ea errekuperatzen zen eta deus ere ez. Orduan presaka arropa lortu eta ni atera nintzen bere partez". Pablo Ramosek patxadaz bizi izan zuela lesioa dio, "ezin duzu ezer egin. Orkatila bihurrituta nuen, pentsatzen nuen mina pasako zitzaidala, baina ez zen errekuperatu eta oraindik ere sumatzen dut. Aurten, printzipioz aterako naiz. Eta bueno, lagun batek hartzea ere nire tokia ongi dago".
Gili aurten lehen aldiz irtengo den lagunarentzako gomendioa eskatu diogu: "Lasai ederrean hartzea, beste egun bat bezala. Egun berezia da, baina bera dantzaria da, bizi guztian egin du dantza, ni baino gehiago gainera, beraz gomendio gutxi. Badakigu ondo pasako dugula. Lasai egotea eta gozatzea".
Listan zain
Hasieran aipatu bezala, entseatzen hasi eta ezpata-dantzarien listan sartzen dira, entseguetan parte hartzen dute titularren batek lekua utzi zain. Ordoki aitzineskuari luze egin zitzaion itxoinaldia, "Antzera hasi ginen entseatzen, baina Martin atera zen ni baino urte bat lehenago eta justu ni atera behar nintzen urtean izan zen pandemia, orduan bi urtean izan ginen esperoan". Aurreko urtean kuadrilla dezentea hasi zela dio Etxegaraik, "beraz, guk ere urte gutxiren buruan utzi beharko dugu. Ez badugu uzten, botako gaituzte! kar, kar, kar!".
Eta Mesa eta Muxika izango dira libre uzten dituzten lekuak beteko dituztenak laster, baina lasai daude. "Ikusten dut oraindik behar dugula denbora pixka bat behar bezala ikasteko, baina egia da ez duzula inoiz jakiten zenbat urte esperatu behar duzun", dio Mesak. Muxikak ez duela presarik esan digu, "etorri, disfrutatu, ikasi... nahi dut gozatu eta horretarako entseatu behar badut hiru urtez entseatuko dut, ez dut presarik".
Gainera, dantzara atera gabe ere badute zeregina San Fermin egunean, "ezpata-dantzari ez bada ere txistulari aterako gara, bizitzen dugu barrenetik, beste modu batean, baina barrenetik".
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19