Dokumentuaren akzioak
Ernio magalean dantzan

“Alpargatak urratuta zapatarik ez; Erniyon gelditu nitzan oineko miñez”. Ez alpargata eta ez zapata, igandean zapatilla fosforitoak ziren nagusi Ernio magalean. Eta oinetako minik ez inork itxuraz, heldu, gazte eta haur dantzan gelditu gabe.
Etumetatik abiatu gara zazpikotea Ernio aldera, baina gurutzera iristeko asmorik gabe, iraileko igandetan prozesioa izaten baitaa gorantza. Zelatunera iritsi aurretik Gazumeko gailurra egin dugu, han bai lasaitasuna, geu bakarrik, trankil-trankil.
Eta lehen trikiti soinuak entzun ditugu, doinuari segika iritsi gara Zelatunera. Txorixo muturra sagardoarekin, horixe bai saria. Tripak bete eta batzuek, azkenean, gora egitea erabaki dute. Dantzazaleak ez, behean gelditu gara, nahiko ariketa bada hara iritsi eta fandango eta arin-arin segidei jarraitzea. Aitziber Arruabarrena eta Aritz Erasun gelditu gabe ari dira soinu eta panderoarekin, baina dantzan oraindik inor ere ez. Zelaian gora leporaino jendea, ea norbait dantzan hasiko den zain-zain, baina zelai hutsean eta horrenbeste jende begira, ea nork ematen duen lehen pausua.
Han, han, han... bikote gazte ausarta hasi da dantzan. Eta segidan baita gazte koadrila ere.
Dantzak batu duen kuadrilla
Donostia, Asteasu, Andoain eta Zizurkilgo neska-mutilak dira, 18-20 urte bueltakoak. “Beti trikitia entzuten, eta behin esan zidaten etorri Aristerrazura, gustatuko zaizu eta. Lotsak utzi eta han hasi nintzen. Erromeriz erromeri ibiltzen gara, udazkenetik udaberrira Aristerrazun, udan herriko festetan eta irailean hemen”, dio Aimar Oiartzabalek (Zizurkil, 2005). Trikitixa eta dantzak batzen dituela dio Maddi Jauregik (Andoain, 2007), Aristerrazun ezagutu eta orain lagun koadrila osatu dute. “Txikitan ikasi nuen etxean, amonarekin garajean eta. Inportantea da bakoitzak dakiena egitea. Leku ezberdinetako jendea batzen gara eta horrekin ba dantzakera asko. Besteren baten pausuak gustatuz gero, ikasi eta hurrengoan erabiltzen saiatzen gara”.
Aimarrek alboan ditu gurasoak, baina ez omen dira bereziki erromeria zaleak, “semeak aitonaren aldetik atera du, hura zen plaza gizona”. Jauregi, berriz, ama eta amonarekin ibiltzen da dantzan, “adin tarterik ez dago. Lagun batzuek esaten didate, nola joango zara ba ama eta amonarekin. Ez dakite ze altxorra den hiru belaunaldik batera dantzatzea”.
Albotik begira
Mertxe Olazabal (Andoain, 1953) eta Jeronimo Elosegi (Urnieta, 1946) senar-emazteak bordako hormako bankuan eserita daude, palkotik begira bezala. “Oso ondo ari dira, giro polita dago. Ni asko ibili naiz, gustatzen zait, baina belaunarekin ez naiz oso ondo. Hona igotzearekin konforme naiz”. Soltea politagoa dela dio, baina baltseoa ere gustatzen zaiola. Senarrak orain ez omen du dantzarik egiten, “baina garai batean bai e! Orduan lotuan bai”.
Jon Zubizarretak (Eibar, 1990) ere dantzan ari direnak ertzetik begiratzen ditu, “pentsatu dugu etxean gelditzea baino egokiagoa zela hona etortzea, lehengo ohiturei segika. Aurreko astean gurasoekin etorri nintzen 10 bat urte badira etortzen ez nintzela, baina giroa asko gustatzen zait. Dantzan ez dakit, ikaragarrizko endibia eman ematen dit, ze irteten naizen bakoitzean erridikuloa egiten dut, baina bueno, ez nau arduratzen askorik”. Azkenean lotuan dantzatzera animatu du.
Helduei kopiatzen
Alex Altolagirre (Azpeitia, 1986) ere begira ari da, “familia giroan etorri gara ume txikiekin zerbait alternatiboa egiteko asmotan. Normalean kostara tiratzen dugu eta oraingo honetan aspaldiko partez mendira. Festetako erromeria txiki horiek ezagutzen ditut eta hemengo umetako oroitzapena banuen, gurasoekin eta etorritakoa".
"Polita da hau, behin baino gehiagotan saiatu naiz dantza hauek ikasten, baina ez dut lortzen. Ikaragarri tentatzen nau, baina ezin" dio penaz Altolagirrek. "Ea etxeko txikiek, behintzat, ikasten duten”.
Haurrak dantzarazteko modurik onena helduek dantzatzea da. Haurrak kopiatzen ezin hobeak baitira. Plazera da mutiko txikia amaren besoetan dantzan ikustea, neskato koadrila baltseoan eta jarraian soltean urratsak imitatu nahian. Helduekin batera dantzan, ikusten, ikasten, dantzatzen.
Urteroko zita
Beñat Jauregi (Zarautz, 1998) eta Iker Pikatza (Zarautz, 1998) koadrilan daude eserita, urtero etortzen omen dira, “igandea botatzera etorri gara. Aldapan gora izerdi pixka bat bota eta dantza batzuk egitera”. Pikatza Zarauztik 40 urteko bizikleta zaharrarekin igo da Iturriotzera eta handik oinez Zelatunera, “ni aurten hasi naiz dantzan, Iñurritzako festa komisioan gabiltza eta saltsa horren bueltan”. Zarauztarrak, baina Iñurritza auzokoak direla nabarmendu dute biek, “dantzan saiatzen gara, plazan ikasi dugu. Plaza faboritoa Iñurritza da eta hurrengoa Musika Plaza. Fandangoa eta arin-arina gutxi gorabehera dominatzen ditugu, hurrengo erronkak banangoa eta aurreskua dira”.
Zaharrak eta gazteak denak batera aritzea dela politena dio Jauregik. Postre eta guzti daude zelaian, arroz esnea eta natilla jaten, “Gu baino hobeto dagoena... Esan digute Antonioren Borda istekoak direla, orduan hemendik bi astera edo etorri beharko dugu. Hala ere hurrengo plaza, Salbide auzoan dugu. Konturatu gabe, astebururo ari gara erromerian! Kar, kar, kar!”.
Agurtzane Iraola (Tolosa, 1956) senarrarekin etorri da, biak ari dira gelditu ere egin gabe lotuan zein soltean, “dantzazaleak gara. Plazan txikitatik ikasi dugu. Nire kasa ikasi nuen, kurtsilorik gabe. Iruditzen zait kristoren jende pila dabilela, batez ere gazte jendea eta horrek esan nahi du etorkizuna duela honek”.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Xabier Etxabe on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Oier Araolaza on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Dantzan on 50 urte eta gero orduko eta gaurko kaskarotak dantzan Donibane Lohizunen
- Patxi Montero on Lepoan hartu eta segi kantura
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19