Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Dantzarako edo lotarako lekuak adierazten zuen bakoitzaren maila soziala

Dokumentuaren akzioak

Dantzarako edo lotarako lekuak adierazten zuen bakoitzaren maila soziala

2017/12/12 09:55
Dantzarako edo lotarako lekuak adierazten zuen bakoitzaren maila soziala

Zestoako bainuetxeko saloia.

Bainuetxera sarrera debekatua genuen" dio Inazio Alberdik (1930), Zestoako bainuetxeko dantzaldiak gogoan. Herritar xumeak lanera  sartzen ziren bainuetxera, baina dantzarako, bezeroak eta señoritoak zuten sarbidea, gainontzekoek ez. 

Uda pasata, tenperatura hotzekin batera, irudietan ageri diren bezalaxe geratuko ziren Zestoako dantza lekuak, huts-hutsik. Udako denboraldia bukatzearekin, dantzaldien kopuruak ere nabarmen egiten zuen bera. Udan zehar herri osoan izaten ziren festak eta dantzaldiak, baina denak ez ziren irekiak izaten. Espazio bakoitza jende jakin batentzako dantzarako lekua zen. Aisialdirako, lanerako edo ostatu hartzeko bakoitzak bere lekua zuen, baita dantzarako ere. Herrian maila ezberdineko hotelak eta ostatuak zeuden, bakoitzak ahal zuen tokian hartzen zuen ostatu. Maila baxukoak, berriz, etxeetara joaten ziren. Herritar gehienek, lanean pasa behar izaten zuten uda. Batzuen deskantsua, besteen lana, baina denek ateratzen zuten dantzarako tartea, izan plazan edo hotelen bateko saloian.

Zestoa Laranjadi plaza
Laranjadi plaza, Zestoa.

Aire libreko eta hoteletako saloietako dantzaldiak bereiz zitezkeen herrian. Laranjadi plazako dantzaldiak guztiz irekiak izaten ziren eta herritar eta era guztietako kanpotarrak nahasten ziren, oso antzeko dantzaldiak izaten ziren jaietan Laranjadi alboan dagoen Foru plazan egiten zirenak ere. Saloietako dantzaldiak, berriz, mugatuagoak izaten ziren. Klase altuagoarentzako zuzenduak zirela esan daiteke, hoteletako bezeroentzako edota herriko etxe aberatsetako jendearentzako. Horrelako dantzaldiak gehienbat bainuetxekoak izaten ziren.

Zestoako bainuetxeko saloia
Zestoako bainuetxeko saloia.

Maria Jesus Etxaide (1919) bainuetxean aritzen zen lanean, saloian izaten zirela dantzaldiak gogoratzen du eta bezeroak jaten ari zirela beti egoten zela fondoko zuzeneko musika, "Herritarrek bainuetxera sartu ahal izaten genuen baina dotore jantzita”. Maria Angeles Izetak (1936) ere kontatu dit bera ere sartzen zela Bainuetxeko dantzaldietara baina ez zela horren erraza: “Bainuetxeko dantzaldia gauean izaten zen, 23:00-2:00. Mundu osoari ez zieten uzten sartzen. Guk aurpegia geneukan eta batzuetan sartzen ginen. Bestela, etxe onetako herritarrak sartzen ziren, señoritoak”. Enpresarioen, medikuaren, alkatearen... seme-alabak erraz sartzen ziren baina beste herritar gehienentzat sarrera itxita egoten zen. Inazio Alberdik (1930), berriz, bera eta lagunak ez zirela Bainuetxera joaten kontatu dit: “Bainuetxean Zestoako señoritoak bakarrik sartzen ziren. Orkestra egoten zen (gitarra, saxofoia, denetik). Bainuetxera sarrera debekatua genuen, Arozena hotelera errazago sartzen ginen”.

Zestoako Foru plaza
Foru plaza, Zestoa.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.