Dokumentuaren akzioak
San Martzialeko plaza: errespetua ematen duena, baina esker onekoa
San Martzial soka-dantzako entsegua, Bergara, 2024-06-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Bergarako San Martzial erromerian soka plazaratuko dute herriko hainbat dantzarik eta udal ordezkarik datorren igandean. Azken entseguan harrapatu ditugu bergararrak; batzuk beste batzuk baino ohituago dantzan, baina denentzat berezia da sanmartzialetako soka-dantza. Bergararren festa kuttuna dela diote eta dantzak herrian ohi ez duen presentzia izaten duela.
Herriko dantzari belaunaldiak batuta
“Soka honetan gustatzen zaigu jende gaztea eta nagusiagoak sartzea. Gu orain erakusten ibiltzen gara” dio Arkaitz Aranak (1974), garai bateko Xamatz dantza taldeko kideak. “Denak dantza mundutik datoz eta agudo ikasten dute”.
Moises Azpiazu dantza taldeko neska koadrila alpargatak lotzen ari da eta ondoan eseri naiz. Garazi Plazaola (1999) hasi ausartu da lehendabizi hizketan, “gure taldetik seik hartu behar dugu sokan. Arkaitzek kontaktatu zuen gurekin. Batzuk hirugarrenez, beste batzuk bigarrenez”. Malen Olañetak (2001) lehen aldiz parte hartuko du, “ez da gure estiloa, baina ikasi dugu eta egingo dugu”. Izan ere, euren taldean dantza soltean aritzen dira gehienbat, beraz, normalean sokan parte hartu behar duten lehenengo urtean ikasten dituzte sokako dantza zatien urratsak.
Desafioa, alpargata, agurra, San Joan zortzikoa, fandango eta arin-arina dantzatu ohi dituzte. Alpargatak eta fandango eta arin-arina denek egiten dituzte eta beste zatiak aurreskuak eta atzeskuak banaka. Maddi Aldazabal (2000) arituko da aurten aurresku. “Oso gurea den eguna da Bergarakoentzat. Urtero joan izan gara umetatik gurasoekin eta gu dantzariak izanda beti izan dugun ilusioa, eta orain errealitate bihurtu da”.
Aranak ere benetan gustuko du eguna, “Bergarako egun berezienetakoa da, agian dantzaria izan naizelako. Dantzako denbora hori inportantea izaten da”.
Ibon Gantxegik (1971) 15 bat urterekin hartu zuen parte lehen aldiz eta aurrez ere ezaguna zitzaion soka-dantza; egun berezia dela dio erromeria eguna, “Bergaran gutxitan ikusten da jendea dantzan eta San Martzialen jende askok egiten du dantza eta adin ezberdinetakoak denak nahasian dantzan eta oso giro sanoan ibiltzen gara”.
Bai erromeria eta bai soka-dantza osasuntsu daudela diote, dantzariak txandan ibiltzen dira urtez urte sokan eta berriak ere gogotsu izaten dira parte hartzeko. Aranak dio urte batzuk egon zirela jendea batzea kostatzen zena, “gu hasi ginenean mutilek bakarrik egiten zuten. Eta gainbehera bat egon zen, baina gero neskak sartu ziren eta orain talde bat baino gehiago daudenez ez dago arazorik jendea batzeko”. Dantzari faltarik ez da, baina “mutil gazteak topatzea da gaitza orain”, gehitu du Gantxegik.
Udal ordezkariak ere sokara
Herriko dantzariekin batera udal ordezkariak ere dantzatzen dira sokan; aurten Gorka Artola (1989) alkatea eta Ainhoa Lete (1970) alkateordea.
“Badira urtetxo batzuk parte hartzen dudala, aurreko legegintzaldian ere aritu ginen” dio Letek. Bera, ordea, dantzaria da eta lehenengo aldiz dantzatu zuenean, aurrez banekizkiela urratsak dio. “Beti dantzan ibili den pertsona batentzako ez dauka zailtasun berezirik, baina entsegu beharra beti dago, egun urtean behin bakarrik dantzatzen baikara. Dantzariak ez direnentzat erronka jende aurrean dantzatzea da, San Martzialeko erromeriak asko inposatzen du”.
Artolarentzat ahalegina handiagoa da, “zerotik hasi nintzen, inoiz ibili gabea eta dantzatzea egunerokotasunean gustatu ere asko ez”. Baina bigarren legegintzaldia du alkate, beraz dantzan ere hartu du esperientzia, “herriarekiko errespetuz egiten den dantza bat da, nik hala ulertzen dut”. Letek dio, alkateak jasotzen dituela txaloaldi handienak, “plazak inposatu egiten du, baina oso esker oneko plaza da”.
Herritarrek harrera beroa egiten diete, ez eguneroko lanetan ohi bezala, baina hala ere Artolak nahiago alkate lanak, “esker onekoagoa da dantza egunerokoa baino, baina uste dut pleno batean hobeto moldatzen naizela, dantzan errekurtso gutxiago ditut! Kar, kar kar!”.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19