Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Arkaitz Pascuas: "Nagore eta biok entsegu maitaleak gara. Gehiago disfrutatzen dugu egunerokoaz emaitzaz baino"

Dokumentuaren akzioak

Arkaitz Pascuas: "Nagore eta biok entsegu maitaleak gara. Gehiago disfrutatzen dugu egunerokoaz emaitzaz baino"

2025/10/27 07:50
Arkaitz Pascuas: "Nagore eta biok entsegu maitaleak gara. Gehiago disfrutatzen dugu egunerokoaz emaitzaz baino"

Arkaitz Pascuas, Mungia, 2025-10-22. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Arkaitz Pascuas (Sestao, 1984) lau-bost urterekin hasi zen dantzan eta egun dantzaz bizi da. Beti ikasteko eta hobetzeko gogoz, "oso kritikoa naiz nire lanarekin. Batzuetan autodestruktiboa", dio. Etengabeko ikaste prozesuan, dantzaren inguruko masterra egin berri du. Ikusten da zorrotza dela gauza guztiekin, batez ere buruarekin. Besteekin, isilka eta lotsatia, baina batez ere, sentibera. Elkarrizketa amaitu eta txorradak kontatu dizkidanaren kezka adierazi dit. "Mesedez", erantzun diot, norbaitekin dantzaz horrela aritzea baino plazer handiagorik ez da niretzat. Agurtzean eman didan besarkadagatik bakarrik merezi izan du elkarrizketak; bera den bezalakoxea: handia bezain goxoa.

Jakin dugu dantzaren inguruko ikasketen masterra egin duzula.
Orain dela bi urte edo izan nuen ikasketa hauen berri, dantzaren pedagogiaren inguruko zerbaiten bila nenbilela. Ordura arte Madrilen edo Bartzelonan bakarrik zeuden ikasketak aurkitzen nituen, eta nire bizitza hemen dago eta ez daukat aukerarik alde egiteko. UNIR-en (Errioxako Nazioarteko Unibertsitatea) aurkitu nuen master hau izan zen ikerlanak egiteko edo, eta ez nuen izan balentia edo ausardia matrikulatzeko. Bigarren promozioan berriro atera zitzaidan publizitatea eta orduan ere ez nintzen ausartu. Hirugarrengoan, jada 40 urteko krisi horretan edo, ez dut trail edo triatloi bat egingo, eta esan nuen, "ba, ikasiko dut".

Arkaitz Pascuas
Arkaitz Pascuas, Mungia, 2025-10-22. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Zeren bila ari zinen?
Gustatu zitzaidan masterraren enfokea. Dantzaren pedagogia da niri interesatzen zaidana, baita biomekanika ere. Arlo teorikoagoak, musika eta dantza tekniken inguruan ere aritu gara. Agian ez dira sartzen forma praktikoan, hemen egiten duguna da identifikatu eta aztertu. Eskola ezberdinei erreparatu diegu, baita dantza tradizionalari ere, baina gainetik. Horrek pena eman dit.

Orduan euskal dantzak, apenas, ezta?
Keba, ezer ere ez.

Eta zein da ikasleen profila?
Aurten euskalduna ni bakarrik izan naiz. Dantza klasikoko jende askok, baita garaikidekoak ere. Ia gehienak espainiarrak, Valentzia eta Madril ingurukoak. Eta Hego Ameriketako jendea ere bai, argentinarrak, Bilbon bizi den mexikar bat, Noruegan bizi diren kubatarrak... Guztira 90 lagun aritu garela uste dut, jende asko dauka interesa, dantzaren ikasketen arloan gabezia handia dago.

Zu, zehazki, ze beharretatik abiatu zara?
Hasieran bilatzen nuen pedagogia aldetik nola hobetu nire klaseak. Nahi nuen ikusi, edo behintzat egotea beste profesional batzuekin, nahi nuen beste pertsonak ezagutu eta ikusi nola ematen dituzten klaseak edo nola funtzionatzen duten beste leku batzuetan, eta ikusi ze metodologia dauden edo nola lantzen dituzten. Biomekanika ere interesatzen zait, eta baita musika ere, nire gabezietako bat baita. Musikariekin ulertzen naiz, baina ez naiz leku arautu batean ibili musika ikasten.

Hiru kezka nagusirekin hasi zinen, baina zer da topatu duzuna? Nahi zenituen erantzunak aurkitu dituzu?
Bai, asko, eta gehiago ere bai. Niretzako errebelazio izugarria izan da sinbolismo eszenikoa. Irakaslea arkitektoa eta eszenografoa da.

Agian hor atera dizu berriz zure topografo sena. [Pascuasek bere burua aurkezteko esan diodanean, nire harridurarako, ikasketaz Geomatikan eta Topografian Ingeniaria dela esan dit]
Ba bai, agian bai. Dantzari beste ikuspuntu batetik begiratzen dio. Nola kontatu zerbait dramaturgia eta dantzaren bitartez. Antzinako Greziatik hona errepasoa egin dugu adibideen bidez. Ikuskizunak sortzetik harago, sakonera joaten lagundu digu.

Arkaitz Pascuas
Arkaitz Pascuas haurrekin dantza klasean, Mungia, 2025-10-22. Argazkia: Nagore de las Cuevas


Master amaierako laneko lehen esaldian diozu euskal dantza gure kultura tradizionala eta sozialaren parte garrantzitsuenetako bat dela, baina iruditzen zaizu gure gizartean horrela baloratzen dela?
Nik uste dut galtzen ari garela. Ni oso ezkorra naiz, eta bai ikusten dut badagoela interesa, baina interes minimoa. Kontsumo azkarraren garaian bizi gara eta orduan badirudi denak izan behar duela erraza. Zerbait garatuago egin nahi baduzu jendeari ez zaio interesatzen. Gaztelar bati irakurri nion nola folklorea, trajea, gonazpikoa eta tipo arraro bat bi instrumentu arraro jotzea baino gehiago dela. Apur bat hausnartu behar dugu nora goazen. Jende askok nahi du dantzak ikasi eta listo. Konpromiso oso puntualerako dago prest, gehiago ez.  Norberak ez badu baloratzen, nork baloratuko du? Eta gu, egia esan, instituzioen aldetik eta ondo gaude, bultzatzen dute identitatea, nortasuna, hizkuntza...

Hizkuntza aipatu duzu, dantza euskaraz egiteko bidea izan daiteke?
Bai, dudarik gabe. Nik klaseak euskaraz ematen ditut. Etortzen da euskaraz ez dakien jendea, orduan, euskaraz egiten dut eta gero erdaraz errepikatzen diet, oso arin. Etorkinak ere etortzen dira, etorri berriak eta poliki-poliki, lehenengo egunetan isilik daude, baina gero saiatzen dira euskaraz egiten zerbait. Behintzat hiztegi minimo bat, eta nik uste dut, baliagarria dela dantza lehen konexio horretarako.

Lanean momentu batean euskararen eta euskal dantzaren arteko paralelismoa egiten duzu.
Bai, nik uste dut euskal dantzak gure isla izan behar duela. Gure kezkak erakutsi behar dituela. Eszenatokia leku libre bat da, plaza ere bai eta eskubidea daukagu gure kezkak edo gure buruan ditugun gauzak botatzeko, baina arautua izan behar du.

Lanaren ondorio nagusi bezala diozu euskal dantza ez dela praktika homogeneoa.
Juan Antonio Urbeltzek eta beste hainbat folkloristek dantzen mailak bereizi izan dituzte. Nik lau jaso ditut. 1. mailakoak dira herri bateko tokian tokiko dantzak; 2. mailakoak lehen dantza horiek beste leku batean, datatik kanpo egiten direnean. 3. mailakoak, modelo folkloriko tradizionala, dantza bat koreografiatu apur bat, sarrerak, irteerak eta eszenatoki batean aurkeztea. Eta 4. mailakoak elementu tradizionalei erreparatuz sortuak. Eta nire lanerako 4. maila horretan zentratu naiz. Nire burua ulertzeko eta gure herrian pasatzen dena ulertzeko, gehienbat. Nik ezin dut idatzi txinatar obra bat ulertzen ez badut, ba euskal dantzarekin berdin.

Arkaitz Pascuas
Arkaitz Pascuas, Mungia, 2025-10-22. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA


Eta horretarako hainbat dantza talderen lanei erreparatu diezu, ez?
Olaeta Balleta, Kresala dantza taldea, Aukeran dantza konpainia, Kukai dantza konpainia eta Argia dantzari taldea. Nire ustez talde hauek mugarri batzuk markatu zituzten, ez naiz sartu beraien lana baloratzen, baizik eta bere inpaktua gizartean. Olaetak milaka ikasle izan zituen Bilbon. Kresalak 1960ko hamarkadan aurkeztu zuen eszenarako bere eredua eta Juan Antonio Urbeltzek Argia dantzari taldearekin eman zigun dantza tradizional eszenikoa egiteko bide bat. Gero, Aukeran efektua deitzen diodana etorri zen Eduren [Muruamendiaraz] eredua jarraituz, errepertorioa alde batera utzi eta bakoitza bere koreografiak sortzen hasi zen. Eta azkenengo konpainia izan da Kukai Dantza; deseraikitze batera eraman dute dantza tradizionala, nire ustez sartu dira post-folklore batean. Identifikagarriak diren elementu batzuk ikusten dira, baina ondo kokatzen ez baduzu, euskal kulturan ez daude. Limite horretan daude, eta batzuetan egiten dutena da euskal kultura tentsio batean jarri.

Post-folklorea? Bereizi duzun kategorietako bat da ez? Ze kategoria bereizi dituzu?
Bost kategoria bereizi ditut: dantza folkloriko eszenikoa, dantza akademikoa, jatorri folklorikoko dantza akademikoa, jatorri folklorikoko dantza garaikidea, neo-folk eta post-folka. Eta gero... galdera handi batera iritsi naiz. Folklorea etengabe aldaketa batean badago, birmoldatze batean badago, beharrezkoa da kategoria hauek egotea? Orduan ez da dena folklorea? Hori da azkenengo galderetako bat. Gure kulturan sortu dira mito edo erlazio berriak edo egiteko beste sinbologia batzuk, nola erakutsi gure kulturan eta gure errituetan? Hau da, egun urbanitagoak gara, zer sortzen ari gara urbaniten ekosisteman? Hortik hartu ahal ditugu gauzak gure kultur sorkuntzarako.

Arkaitz Pascuas, Mungia, 2025-10-22. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Eta ze harreman dute elkarren artean?
Ba identitatea. Talde guztiek daukate komunean identitate bat daudela azaleratzen edo aurkezten. Euskal nortasuna edo identitatea, bakoitzak bere erara ulertuta. Eta hor sortzen da galdera: euskal dantza da?

Eta zuk baduzu kategoria batekiko edo bestearekiko preferentziarik?
Nik disfrutatzen dut asko ia denarekin. Gustukoena dudana da antzoki batera joan eta jesartzea eta jasotzea; eszenatokian dagoena ulertzen saiatzea. Nik uste dut denok dakigula zer edo zer ikusten duzunean zer dagoen ondo eginda edo txarto eginda, nahiz eta gustukoa izan edo ez. Uste dut aztertu ditudan taldeko bakoitzak bere ikuspuntua jarri eta proposamenak bota dituztela. Denak baliagarriak dira, ez?

Eta zure jarduna non kokatzen duzu?
Mungian lerro soziala, eszenikoa edota errituala lantzen ditugu. Leioan gehienbat mugitzen gara dantza eszeniko tradizionalean. Azken urteotan ikasi dut koherentziaren garrantzia. Nire kezka handiena da diskurtsoa. Egiten baduzu ikuskizun polit bat edo ondo funtzionatzen duena, baina diskurtsoarekin bat egiten ez badu, niretzat ez du balio. Erdipurdiko zerbait, baina diskurtsoa koherentea bada, seguruenik, hobeto ikusiko dut. Sorkuntza bat egiten badugu, hausnartu behar dugu zer aurkeztuko dugun, eta ezin du izan kasualitatearen fruitua, non urrats batzuk sartzen ditugun, musika idatzi eta bateratzen badira ondo. Hori ezin da izan.

Lanean dantza eszenikoa aztertu duzu, baina egunerokotasunean dantzaren alde komunitarioari garrantzia ematen diozu, ez?
Bai, hori da. Askotan askoren buruan eszena bakarrik dago, baina Nagore [de las Cuevas] eta biok entsegu maitaleak gara. Gehiago disfrutatzen dugu egunerokoaz emaitzaz baino. Kalean ere disfrutatzen dugu, baina astero gure subidoia da klasera etortzea. Norbait kaleko kezka batekin sartu eta kezkarik gabe ateratzea guretzat garaipena da. Edo lehen aipatu duguna, euskararena. Askok ikasi dute hizkuntza, edo daude behintzat, ulertzen eta kulturan parte hartzen.

Arkaitz Pascuas
Arkaitz Pascuas haurrekin dantza klasean, Mungia, 2025-10-22. Argazkia: Nagore de las Cuevas


Leioa eta Mungia aipatu dituzu. Dantza irakasle aritzen zara bietan. Zure ogibidea horixe da. Lau-bost urterekin dantzan hasi eta nola iritsi zara dantza ogibide izatera?
Zorte handiko tipoa naiz. Sestaoko Arriskugarri dantza taldean hasi nintzen. Gero Sallekora pasa nintzen. Taldearen urte potenteak harrapatu nituen, baina pixkanaka itzaltzen joan zen. Orduan, Nagore [de las Cuevas] eta biok autodidakta moduan hasi ginen, hango eta hemengo taldeen emanaldiak ere ikusten genituen. Eta horrela genbiltzala, Andoni Aresti dantza eskolara iritsi ginen. Eta haren bitartez baita klaseak ematen ere. Mungiatik deitu zioten; Mungian dantza eskola ireki zela, baina irakaslerik ez zutela topatzen. Nik argi nuen. Nik Patxi Laborda ezagutu nuen eta, "nik bera bezala nahi dut izan". Horrela Mungian klaseak ematen hasi nintzen. 15 urte pasa dira jada. Eta oraindik gaude eskola sortzen. Ikasketa planak etengabe birsortzen ditugu, momentuko beharrei erantzun nahian. Mungian 300 ikasle ditugu eta Leioan 50.

Behin baino gehiagotan aipatu duzu elkarrizketan zehar Nagore. Nor da Nagore?
Nire dantza bikotea da [eta bat-batean isildu egin da gizona. Ezin du hizketan jarraitu, eta malkoz bete zaizkio begiak. "Barkatu" esaten dit. Isiltasuna. Halako batean altxa du burua]. Nire konplizea da. 27 urte daramatzagu batera. Bikote bezala ere bai. Eta Nagore da niretzako onena da. Ez dut ikusi pertsona bat klasean hainbeste instintu duenik.

Arkaitz Cuevas eta Nagore de las Cuevas
Arkaitz Cuevas eta Nagore de las Cuevas Andoni Aresti dantza eskolan, Leio, 2025-10-24.


Guraso izan zinetela ere aipatu didazu. Pentsatzen dut zuen etxean presente izango duzuela dantza, edo etxera sartzean aparkatzen duzue?
Ba ikasi dugu albo batean uzten. Ni oso obsesiboa naiz, beti nago irakurtzen edo dantza ikuskizunak bilatzen eta gero ikusten. Klaseak amaitu eta berandu iristen gara etxera, egia da lan honen gatibu izan garela. Eta gure alabari ez diogu sartu nahi izan dantzaren mundu hau, baina aurten hasi da balletean. Berak eskatuta, baina dantza tradizionala presente du, eta esan du apur bat itxarongo duela, baina seguru probatuko duela.  

Iritsi naizenean lankideekin harrapatu zaitut kafea hartzen. Eta mahai gainean zenuten gaia: musika eta dantza irakasleen gaikuntzak. Ze iritzi duzu gaikuntzen inguruan?
Eskatzen da azterketa bat gainditzea formazio bat eman gabe. Hori da egun daukadan iritzi bakarra.

Arkaitz Pascuas
Arkaitz Pascuas, Mungia, 2025-10-22. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA


Dantzaren inguruko formazioa jasotzeko aukera izan duzu masterrean, baina euskal dantzaren inguruko formazioa falta zaigu, ezta?
Uste dut epe laburrean etorriko dela, edo behar luke. Nire ikasle askok eskatzen dute; esaten didate, "hemen ikasten dugu, baina faltan botatzen dugu leku bat irakasten dituztena dantzak, teoria edota baita ere nola kudeatu talde bat, nola egin programazio bat...".

Gainera, zuri begiratu besterik ez dago, dantza irakaslearena, irteera profesionala izan daiteke.
Zorte handiko pertsona naiz eta pozik bizi naiz honetaz. Soldata duin bat daukat bizitzeko, etxe bat edukitzeko eta etxeko fakturak ordaintzeko. Kendu dit denbora asko, baina merezi du.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.