Dokumentuaren akzioak
Dantza laborategi baten memoria San Telmon: “Argia gabe ezin da ulertu azken 60 urteetako euskal dantza”
Amaiur Aristi Arregi
Mikel Urbeltz, Frantxi Lopez Landatxe, Ane Albisu eta Iñaki Arregi, Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia, Donostia, 2026-05-06. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Korroan batu gara, Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia erakusketaren aitzakian. Eserita geundelako, bestela irradakan dantzatzeko moduan. Ane Albisu, Iñaki Arregi eta Mikel Urbeltz Argia dantzari taldeko kideak eta Frantxi Lopez Landatxe erakusketako aholkulari eta komisarioarekin batu naiz. Argiaren itzaletik eta sokatik tiraka ibili gara. Tarteka begiek hormako pantailako soka-dantzara ihes egiten zidaten, baina ordubete pasa adi-adi entzun diet, erakusketaren bisita partikularra izan da, ederra zortea nirea. Luze jarraituko lukete lau hizlariek, baina segidan benetako bisita gidatua zetorren, bukatu egin behar.
Nola sortu zen Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia erakusketa egiteko ideia?
Iñaki Arregi: Guk proposatu genion San Telmo Museoari, erreflexio prozesu batean geundela aprobetxatuta, gure ondarea erakusteko modu bat bezala. Hasieran ikuskizun baten inguruko proposamen bat zen, baina gero San Telmotik etorri zen proposamena: “zergatik ez Argiak San Telmon egin zuen lanaren inguruko erakusketa bat?”. Argi ikusi genuen kanpoko begirada bat ere behar genuela. Horregatik Frantxirekin (Lopez Landatxe) kontatu nahi izan genuen, esperientzia handiko pertsona delako eta gure lanari buruzko ikuspegi oso sakona duelako. Guretzat oso garrantzitsua izan da kanpotik etorritako begirada kritiko hori ere sartzea.
Nola antolatu zarete?
IA: Denok aritu gara denean. Baina bereziki, Mikel (Urbeltz) musikan aritu da, Ane (Albisu) jantzietan, eta ni dantzan, baina denok egon gara prozesu osoan sartuta. Hau ez da ulertzen bakoitzak bere txokoa eginda, baizik eta denok batera eraikitako zerbait da.
Mikel Urbeltz: Hasieratik oso argi zegoen Argiarentzat gauza inportanteenetako bat izan dela ulertzea dantzak ez direla estatikoak, mugimenduan dauden sinboloak direla. Horrek erabat markatu zuen taldearen lana. Beraz, erakusketan ez genituen piezak erakutsi nahi, baizik eta bizirik dagoen zerbait erakutsi nahi genuen.
Ane Albisu: Nik, zorionez, San Telmoko ondarea nahiko ondo ezagutzen dut, eta horrek asko lagundu dit lan hau antolatzerakoan. Aurretik pilatuta neuzkan hainbat gauza eta horrek abiapuntu sendo bat eman digu. Badirudi duela 10-15 urte egindako bilketa hura gaur egun ere baliagarria izan zaigula. Aurreko lan horretatik abiatuta, zenbait puntu edo ardatz jada identifikatuta genituen, eta hortik erabaki dugu zer sar daitekeen erakusketan eta zer ez.
Kanpo begiradaren garrantzia azpimarratu dute Argiako kideek. Frantxi, zergatik da garrantzitsua gaur egun Argiaren ibilbidea berrikustea?
Frantxi Lopez Loiarte (FLL): Lehenengo arrazoia memoria lantzea da. Frankismo garaian Argiaren ikuskizunek arnasa hartzeko espazio bat ireki zuten. Garai hartan ez zegoen askatasun handirik, eta dantzak eta musika berriak erakustea bera ere ekintza politikoa zen. Dantza berriak ikusi genituen, jantzi berriak, musika berria… eta nolabait lapurtutako espazio bat berreskuratzen ari ziren. Horrek ez zuen soilik talde barruan eragin, baizik eta inguruan ere bai. Dantza taldeak aldatzen hasi ziren, besteek kopiatzen zuten, beste estetika bat zabaltzen hasi zen. Hor iraultza bat dago, ez soilik artistikoa, baizik eta soziala ere.
Erakusketaren izenari erreparatuko diogu. Zergatik “Argiaren itzala” eta zergatik “laborategia”?
IA: ‘Argiaren itzala’ izena ez da ausazkoa. Pandemian hasi genuen elkarrizketa sorta batetik dator, Dantzan.eus-erako Aritz Ibañezek eta Oier Araolazak prestatu zituzten artikulu sorta hartatik. Izen hori geratu zitzaigun, eta gero beste aukera batzuk bilatu genituen, baina ez genuen hoberik aurkitu. Gainera, ‘itzal’ hitzak euskaraz daukan karga semantikoa oso berezia da. Eta ‘laborategia’ri buruz: San Telmo ez zen guretzat egoitza soil bat. Laborategi bat zen. Garai hartan terminoa asko erabiltzen zen, Oteizak ere bai, eta Argiaren dokumentu askotan ‘Dantza Laborategia’ agertzen da. Horregatik da garrantzitsua kontzeptu hori berreskuratzea.
Zer da jaso duzuena edo zer aurkituko dugu erakusketan?
MU: Hau ez da 60 urteko ibilbide osoa kontatzen duen erakusketa bat, hori ezinezkoa litzateke. Hau sintesi lan bat da, eta sintesi horretan ardatz batzuk hartu ditugu, gure ustez Argiaren lanaren funtsa ondoen erakusten dutenak. Hor daude, adibidez, ezpata-dantza, inauteri, soka-dantzen... mundua. Elementu horiek ez dira kasualitatez aukeratu, baizik eta gure lanaren oinarri batzuk direlako. Gainera, mapa bat dago Euskal Herri osoarekin. Bertan ikus daitezke Argiak bisitatu zituen herriak, baserriz baserri egindako lana, galtzeko arriskuan zeuden dantzak eta ohiturak jasotzeko egin zen lana. Hori oso garrantzitsua da ulertzeko zer izan zen gure metodologia.
AA: Askotan aipatzen genuen kontua “zer da benetan erakutsi behar duguna eta zer geratzen da kanpoan”. Eta horretan, Argiaren ibilbidea ulertzeko, ezinbestekoa zen ikuspegi argi bat izatea, ez soilik material metaketa bat egitea. Azken finean, erakusketaren oinarrian dagoena da Argiak nondik edan duen ulertzea eta hortik bere lana nola eraiki duen ikusaraztea.

Zergatik esaten da Argia gabe ezin dela ulertu azken 60 urteetako euskal dantza?
IA: Juan Antonio Urbeltzek esaten zuen: “Guk gaurko euskaldun bezala dantzatu nahi dugu, baina horretarako jakin behar dugu lehen nola egiten zen”. Hor dago gure lanaren oinarrietako bat. Ez da modernizazio hutsa, baizik eta tradizioaren berrirakurketa etengabea. Tradizioa bera da berrikuntza prozesu bat. Egin ahala aldatzen da, eta guk hori ulertu genuen hasieratik.
Zein izan da taldearen ekarpen nagusia?
FLL: Niretzat, hasierako garai haietatik arrakasta lortu duen fenomeno bakarra da. Eta, nolabait, Oteizaren garaietan martxan jarritako eskola esperimental haren nostalgia ere badago hor. Argiak bere metodo propioa asmatu zuen: herrietan bizirik zeuden dantzak, ohiturak eta usadioak ikastera joatea. Joan, begiratu, eta oraindik bizirik zegoen hori jasotzea zen helburua. Eta espektakulu bihurtzen du. Hor badago jauzi bat. Eta arrakasta zergatik izan dute? Erabilitako parametroak errealak direlako. Ez dira asmakizun hutsak: inguruan dagoen musika, inguruko dantzak eta herrietako praktikak dira oinarri.
MU: Gaur egun euskaldunek, eta bereziki Gipuzkoan, liturgia eta protokolo handia dugu gauzak ospatzeko edo antolatzeko. Hori oso argi ikusten da, eta horrekin lotuta dago erakusten dena: herrira itzultze hori, tradizioaren berrirakurketa. Adibidez, Gipuzkoan oso nabarmen ikusten da gaur egungo erabileretan, baina interesgarria da bilakaera historikoa ikustea ere. Maskaradetan, esaterako, 1970eko hamarkadatik aurrera, nahiz eta bizirik egon aurretik ere, aldaketa garrantzitsua gertatu zen. Baserri eta inauteri giroko elementuak Argiarekin eta Garaztarrak taldearekin berrinterpretatzen hasi ziren. Handik aurrera prozesu bat hasi zen, eta talde horiek elkarlanean aritu ziren. Horren inguruan gero hainbat testigantza eta eskertza ere badaude, eta dantza askoren transmisioan ikus daiteke. Gaur egun, hainbat herritan, Argiaren lana pasatu ez balitz, egoera askoz ahulagoa izango litzatekeela esaten da askotan.
IA: Hor bazegoen kontzientzia politiko bat, gauzak berreskuratu beharra zegoelako. Oso argi zegoen galtzear zeuden elementuak salbatu edo errekuperatu egin behar zirela. Garai hartan, mugitu ez izan balira, gauza asko galduko liratekeela jakitun ziren.
AA: Badago joera bat dantza folklorismotzat jo eta gutiz baztertu izan duena. Argia, ordea, gai izan zen horri buelta eman eta maila bat lortzeko eta hori duintasunez erakusteko.
Zer izan zen San Telmo Museoa Argiarentzat?
AA: Hemen entseatzen genuen, hemen egiten genuen ikerketa lana. San Telmo ez zen soilik egoitza bat, baizik eta lan egiteko eta pentsatzeko espazio bat zen. 1978an, Zuberoa ikuskizuna egin zenean, hemen ere harreman sare bat sortu zen. Jantzien erakusketa bat muntatu zen eta gela bat egokitu zen horretarako. Zuberoako jantzien erreplikak ere egin genituen. Lan asko San Telmotik jasotako grabatu eta erreferentzietan oinarritu zen. Harreman berezia zen: San Telmoko espazioa eta hemen sortzen ziren ekimenak uztartzen ziren, ia erabilera partekatu edo alokairu moduko dinamika batean. Aldi berean, bazegoen harreman instituzionala ere, eta horrek bideratzen zuen zenbait erabaki, baina beti lankidetza eta trukean oinarrituta.
Bisitariari ze proposamen egiten zaio erakusketarekin?
MU: Hiru espazio nagusi daude: Arkupea, Plaza eta Laborategia. Laburbilduz, Arkupeak testuingurua ematen du, Plazak dantza eta komunitatea erakusten ditu, eta Laborategiak ikerketa eta prozesua. Gero, hiru espazio horiek batera ulertu behar dira.
Zer gustatuko litzaizueke bisitariak ulertzea?
IA: Hau altxor bizi bat dela, eta komunitaterik gabe ezin dela ulertu. Dantzak komunitatea trinkotzen du eta herriaren identitatea sendotzen du.
MU: Garrantzitsua da ulertzea gauzak ez direla berez sortzen. Atzean beti dago jende bat, lana, eta ikerketa prozesu bat.
FLL: Jendeak ulertu behar du euskal dantzak historia bat duela, eta oraindik ere bizirik dagoen fenomeno bat dela. Eta gurea dela.
AA: Ez da dantza talde baten historiaren kontaketa kronologiko bat. Konexio pila bat daude. Azken finean, soka-dantza handi baten kontakizuna da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Arkaitz Pascuas: "Nagore eta biok entsegu maitaleak gara. Gehiago disfrutatzen dugu egunerokoaz emaitzaz baino"
- Amaiur Aristi Arregi on Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez
- Haurrak, haurrak... on Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez
- Amaiur Aristi Arregi on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Xabier Etxabe on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Oier Araolaza on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Dantzan on 50 urte eta gero orduko eta gaurko kaskarotak dantzan Donibane Lohizunen
- Patxi Montero on Lepoan hartu eta segi kantura
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09


