Argiaren itzala: Dantzaren memoria bizia San Telmon

2026/04/15
Argiaren itzala: Dantzaren memoria bizia San Telmon

Argia dantzari taldearen ibilbidea eta ekarpena ardatz dituen "Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia" erakusketa izango da Donostiako San Telmo museoan apirilaren 24tik ekainaren 21era. Erakusketa honek euskal dantzaren azken 60 urteetako bilakaera ulertzeko giltzarri diren testuingurua, irudiak, doinuak, jantziak... bilduko ditu. Erakusketarekin batera hainbat jarduera izango dira; hitzaldiak, tailerrak eta bisitak, besteak beste.

Erakusketa San Telmo Museoak eta Argia dantzari taldeak elkarrekin prestatu dute. Argia eta San Telmoren arteko lotura aspaldikoa da; museoa taldearen egoitza, entsegu gune eta ikerketa laborategi izan baitzen hainbat urtez.

Itzaletik argira

Euskal dantzaren azken hamarkadetako bilakaera ulertzeko gakoak erakutsiko ditu erakusketak, eta horretarako Argia dantzari taldeak egindako landa-lanetik abiatuko da. Izan ere, 1960ko hamarkadatik aurrera taldeak Euskal Herriko hainbat tokitan egindako ikerketek bazterrean geratutako doinu, janzkera eta dantzak berreskuratu zituen. Jakituria hori gordetzen zutenengana jotzea oinarrizkoa izan zen, ondare hori itzaletik argira ekartzeko.

Prozesu horretan funtsezkoak izan dira Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltz, 1965etik aurrera taldearen gidaritza eta ikuspegi artistikoa zehaztu baitzituzten, eta euskal dantzaren eraldaketan eragin handia izan zuen beraien begiradak eta lan egiteko moduak. Ikuspegi horrek dantza ulertzeko beste modu bat ekarri zuen: dantzak mugimenduan dauden sinbolo gisa ulertzea.

San Telmo dantza-laborategia

Argia dantzari taldeak dantzaren esparrua zabaldu zuen; han eta hemen bildutako urrats, erritmo, doinu eta jantzietatik abiatuta koreografia eta eszenaratze berriak osatu zituzten. Testuinguru horretan, museoa ez zen soilik egoitza izan; sorkuntza eta ikerketarako gune aktiboa bihurtu zen. Bere funts dokumentalek —grabatuak, jantzien erreferentziak eta bestelako materialak— aukera eman zuten jantziak berreraikitzeko eta dantzen oinarriak sakon aztertzeko.

Aldi berean, garai hartako euskal kulturaren biziberritzearen sustatzaile nagusiak gerturatzen ziren bertara, hala nola, Jorge Oteiza edota Ez Dok Amairuko partaideak, eta entseguak benetako ideia-laborategi bihurtu ziren. Elkarlan horren emaitza izan zen euskal dantzaren ekosistemaren eraldaketa. Taldeak ikerketa antropologikoa, sorkuntza artistikoa eta talde-lana uztartu zituen, tradizioa berrinterpretatu eta komunitatera itzultzeko. Prozesu horrek, hain zuzen, gaur egungo euskal dantza ulertzeko oinarriak ezarri zituen.

Argiaren unibertsoa geruzaz geruza

"Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia" erakusketak ez du kontakizun lineal hutsa proposatzen; geruzaz geruza osatutako esperientzia eskaini nahi du, bisitariak Argiaren unibertsoa pixkanaka ezagutu dezan.

Testuinguru historikoa eta kulturalarekin batera Argiaren ibilbidea eta garaiko mugarri kulturalak gurutzatuko dira. Erakusketak landa-lanaren garrantzia, ikuspegi antropologikoa eta talde-sorkuntza nabarmenduko ditu. Erakusketaren proposamenak elementu bakoitza —jantzi bat, doinu bat edo dantza bat— abiapuntu bihurtuko du, atzean dagoen ikerketa, sorkuntza eta transmisio prozesua ulertzeko.

Erakusketa: Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia

  • Non: San Telmo Museoa (Donostia)
  • Noiz: Apirilak 24 - Ekainak 21 | Asteartetik igandera: 10:00 - 20:00
  • Antolaketa eta ekoizpena: Argia dantzari taldea, San Telmo Museoa

 

Jarduerak

Apirilak 28

  • 19:00 Solasaldia.

Dantza (2018). Telmo Esnal, Elena Cajaraville, Mikel Urbeltz eta Itziar Otamendi. Dantza Filmearen pasarte hautatuak proiektatuko dira eta filmearen sorkuntza prozesuan parta hartu zuten hainbat kide kan prozesuaren Inguruan solastuko dira filmean agertzen diren lengoaietan (zinema, dantza, sinboloak, atrezzo ta jantziak) sakonduz. Sarrera librea lekuak bete arte.

Maiatzak 23, 20, ekainak 6

  • 17:00 Familientzako tailerrak.

Festak elkarrekin dantzan ospatuaz. Monika Bañales, Itziar Otamendi (Argia Dantza Taldea). Urte garaiko festok Euskal Herrian eskaintzen diguten testuingurua, jolas moduan hiru dantzen bidez ikastarora ekarria. 5€ familia (4,5 € bazkideak)

Ekainak 5

  • 19:00 Helduentzako tailerra. Zer eta nola jantzi hurrengo festetan. Ane Albisu. Eguberri, Santa Ageda edota Euskal Jaietan janzten dugun baserritar izango da tailer honen protagonista Jantziei buruzko azalpenak eta horiek nola jantzi behar diren azalduko da modu praktikoan. Doan (beharrezioa da web bidez lekua erreserbatzea)

Ekainak 20

  • 12:00 Hitzaldia. Euskal kultura dantzan; euskara dantzan eta gorputza euskaraz. Oier Araolaza, Maider Urbeltz eta Mikel Urbeltz.Euskararen eta euskal kulturaren ibilbidean, dantzak euskare plazara ateratzen jokatu duen funtzioa azaleratuko du Araolazak hitzez eta gorputzez, Maider eta Mikel Urbeltzen musikaz lagunduta.Sarrera libre lekuak bete arte

Maiatzak 6, 20, ekainak 3, 13,

18:00 Bisita gidatuak. Doan (beharrezkoa da web bidez lekua erreserbatzea)