Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Antioko lanbro artean Ama Birjinaren pare

Dokumentuaren akzioak

Antioko lanbro artean Ama Birjinaren pare

2020/07/08 11:00
Antioko lanbro artean Ama Birjinaren pare

Ezpata-dantzariak Antioko ermitara sartzeko prest, Zumarraga, 2020-07-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Zumarragara joaterako banekien ezin izango nituela dantzariak eliza barruan dantzan ikusi, Kanpoko irudiak jasotzera joan eta zera pentsatuko nuen nik Santa Isabeli dantzatu dion puntu bera dantzatuko zidala ezpata-dantzari batek. Ez ohiko egoera bizi izan da aurtengo uztailaren 2an Antion, ez festa eta ez dantzarik inguruko zelaietan. Herritar batzuk gerturatu ahal izan dira, baina mezetara bakarrik, zozketaz egokituta. Idoia Lahidalga lankidea eta biok joan gara ermitara sartzeko baimen batekin eta ni kanpoan geratu naiz, lanbro artean. Egun grisa esnatu da, dantzari eta musikarientzat "hotza", baina iluntasun arraro horretan argia sartu zait barru-barruraino. Santa Isabel horrela sentitzen ote da dantzarien aurrean?

Urola ibaian gora

Egunero moduan, Debabarrenarako norabidea hartu dut bolantean. Bulegoan lantxo batzuk aurreratu eta segituan Idoia lankidea eta biok Zumarragara abiatu gara. Segituan iritsi gara Urola Garaira, Deskargako bide berria estreinatuz. Bueltan bueltan, berriro Urolan, etxe ondotik pasatzen zaidan ibaiaren hasieratan. Aurrena herrigunean gelditu gara; kotxea Antiora igotzeko eta gero ermitan sartzeko baimenenen bila. VIP sarrerak eskuan aldapari ekin diogu.

Ederra meritua dantzariena, normalean aldapa hori oinez igotzen omen dute. Ez da mendi bidea, baina bai dantzan hasi aurretik hauspoa ederki berotzekoa! Pare bat kilometrora iritsi gara Antiora eta segituan gelditu gaitu udaltzaingoak, guztiz mugatu baitituzte sarrerak. Barre txikiarekin txartelak erakutsi eta paso eman digute. Lehenengotako kotxea izanda, kasik ermitaren atean aparkatu dugu. Oraingoan bai, eraikinez nahastu gabe eta garaiz iritsi gara.

Sarrera mugatuta

Ermitako atean bi arduradun daude sarrera kontrolatzen eta esan digute segituan iritsiko dela zumarragarrez betetako lehenengo autobusa. Ermitara sartzeko zozketaz banatu dituzte baimenak herritarren artean eta bost autobusetan igotzekoak dira guztiak. Idoia barrura sartu da lekua hartzera eta ni kanpoan gelditu naiz ermita inguruak kuxkuxeatzen.

Zumarraga: Santa Isabel 2020 ezpata-dantza konfinatua
Zumarragarrak Antioko ermitara sartzen Zumarraga, 2020-07-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Iritsi da lehenengo autobusa eta herritarrak banan banan sartu dira ermitara, eskuak garbituta eta maskarak soinean. Iritsi da bigarrena ere eta berriro banan-banan denak barrura. Kanpoan ia inor ez dago, baina gutxi batzuk gerturatu dira Santa Isabel eguneko Antioko ez ohiko panoramara usaintzera. Bat-batean emakume bat arduradunei hurbildu zaie galdezka, “Badakit alper samarrik etorri naizela, baina azken momentuan norbaitek huts egiten badu sartzeko aukerarik egongo da?”. Ezetz erantzun diote, itxaron zerrenda ere zozketaz egin dutela eta dena bete dela. Ezpata-dantzari baten ama da, sarrerarik ez zaio egokitu, baina badaezpada alaba ermita barruan dantzan ikusteko azken ahalegina egin du.

Zumarraga: Santa Isabel 2020 ezpata-dantza konfinatua
Ezpata-dantzariak eta musikariak Antioko ermitara iristen, Zumarraga, 2020-07-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Dantzariak autobusez

Orduantxe iritsi dira dantzariak eta txistulariak, aurten prozesiorik ezean, beraiek ere autobusez igo dira. Ibilgailutik jaitsi eta Antxiñako Ama txistulari taldea aurretik eta jarraian Irrintzi dantza taldeko ezpata-dantzariak eskaileretan gora igo dira musikaren doinuan. Udal ordezkariei ermitako atera lagundu diete.

Zumarraga: Santa Isabel 2020 ezpata-dantza konfinatua
Ezpata-dantzariak Antioko ermitako atarian, Zumarraga, 2020-07-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Atera lagundu diete, baina agintariak hamaiketakoa egitera joan dira. Hori omen da ohitura. Udal ordezkariek tripa bete bitartean, dantzariak beroketak egiten hasi dira. Orduan, txistulariengana hurbildu naiz eta eguna nola hasi duten galdetu diet. Arraroa eta hotza izan dela sarrera diote, baina aldi berean berezia eta gustura daudela. Ezpata-dantza barruan bakarrik dantzatuko dela esan didate eta aurten aurreskurik ez dela izango. Berriketan ari ginela konturatu dira meza hasteko ordua gainean dugula eta zortzikoarekin hasi beharra dutela.

2020-07-02_Zumarraga-Antio-ezpata-dantza_AA_0008_r.JPG
Ezpata-dantzariak berotze ariketak egiten, Zumarraga, 2020-07-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Zortzikoaren doinuarekin txistulariek mezara sartzeko azken abisua eman ohi dute. Aurtengoen ez zen horren beharrik, herritarrak iritsi ahala sartu behar izan baitute, baina ohiturari jarraitu diote. Ermitaren inguruan buelta bat eman dute txistulariek eta jarraian ezpata-dantzariak eta hamaiketakoa egin ondoren bapo gelditu diren udal ordezkariak ermitara sartu dira. Azken horiek, ezpata-dantzariek ezpatekin egindako arkuaren azpitik.

Zumarraga: Santa Isabel 2020 ezpata-dantza konfinatua
Antxiñako Ama txistulari taldea Antion, Zumarraga, 2020-07-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ezpata-dantza doinuari jarraituz

Kanpoan gelditu naiz ni, baina eskerrak, horrela ermitara sarrerako irudiak jaso ahal izan ditut. Lehenengo aldia nuen Antion, baina badakit ohiko urteetan leporaino beteta egoten dela eta aurtengoan inorekin borrokatu gabe atera ditut argazki eta bideoak. Pandemiari eskerrak eta dena eman beharko dizkiot lana errazteagatik!

Zumarraga: Santa Isabel 2020 ezpata-dantza konfinatua
Lau kapitainak berotze ariketak egitetik, Zumarraga, 2020-07-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ermitako atea itxi dute, baina barruan banengoen bezala entzun ditut txistularien doinuak. Puntuz puntu, ikusten ez banituen ere, Ama Birjinaren aurrean dantzan irudikatu ditut dantzariak. Ez dakit zergatik, baina pentsatzen nuen mezaren erdian edo bukaeran dantzatzen zutela, baina esan didate hasieran bakarrik egiten dela dantza. Orduan Idoiari whatsapez abisatu diot hori. Zaila izango zuela mezaren erdian ateratzea, baina dantzariekin batera norbait ateratzen bazen saiatzeko bera ere irteten. Horrela, meza garaia aprobetxatu genezakeen dantzariak elkarrizketatzeko. Badaezpada idatzi diot, baina ematen du ez duela irakurri.

Dantzariak eta ni

Kanpoan inor ere ez dago, lainoa, lanbroa eta ni. Musika isildu da eta ate hotsa sumatu dut. Ermitaren kanpoan kokatu naiz, atearen aurrean parez pare. Segitua atea ireki da eta dantzariak atera dira iluntasunetik. Ai ama! Bakar-bakarrik nago eta justu dantzariak ni nagoen lekura datoz. Oilo-ipurdia, ez daukat hitzik...

Zumarraga: Santa Isabel 2020 ezpata-dantza konfinatua
Ezpata-dantzariak Antioko ermitatik irteten, Zumarraga, 2020-07-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Bost bat segundo magikoak izan dira eta konturatzerako jende pila bat. Nondik atera da jende hori guztia? Ai ba, ermita barrutik datoz guztiak eta horien artean Idoia! Lortu du ateratzea. Ematen duenez ohikoa da dantzariekin batera kanpora irtetea. Dantza taldeko kideak, familiakoak, lagunak... hotza izan dela diote aurtengoa, baina momentu horretan lanbro artean berotasun ederra sumatu da. Besarkadak, malkoak...

Zumarraga: Santa Isabel 2020 ezpata-dantza konfinatua
Ezpata-dantzariak Antioko ermitatik irten eta emozioz beteta, Zumarraga, 2020-07-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Zumarraga: Santa Isabel 2020 ezpata-dantza konfinatua
Ezpata-dantzariak Antioko ermitatik irten eta emozioz beteta, Zumarraga, 2020-07-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Kapitaina guri dantzan

Kapitainetako bati galdetu diogu ea orain edo geroago nahi duen egin elkarrizketa eta oraintxe primeran esan digu. Arraroa izan dela guztia dio Adirane Peñagarikanok, hotza, dio behin eta berriz. Irrintzi dantza taldeko kideentzat egun berezia izan ohi dela dio eta alde horretatik gustura daudela, aurten ere azkenean dantzatu dutelako.

Zumarraga: Santa Isabel 2020 ezpata-dantza konfinatua
Adirane Peñagarikano Dantzaneko kamarari dantzan, Zumarraga, 2020-07-02. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ea Ama Birjinaren aurrean dantzatu dituen urratsak egingo al dizkigun galdetu diogu eta ezer erantzun aurretik hantxe jarri zaigu Antioko ermitaren atzeko paretan belauniko. Ama Birjin itxura hartu ote digu ba? Barruan ezin izan dut ikusi dantzarik baina gero kanpoan, Santa Isabelen perspektiba beretik, ederra oparia jaso duguna.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.