Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Ez zen kapritxoa izan; 25 urte axeri-dantzan

Dokumentuaren akzioak

Ez zen kapritxoa izan; 25 urte axeri-dantzan

2025/06/27 10:05
Ez zen kapritxoa izan; 25 urte axeri-dantzan

Axeri-dantza, San Joan, Andoain, 2025-06-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA. Ikusi argibideak

"2000. urteko San Joan egunez, aspaldiko urteko jende multzorik handiena bildu zen Goikoplazan, hamabiak jotzearekin batera dantzarako prest. Lehenengo aldiz gizon eta emakumez osatuta zegoen axeri-dantzarien taldea zen". Hitz horiekin ireki zuen "Emakumeak Axeri Dantzan 25 urte" mahai-ingurua Jone Larrañagak martxoaren 6an; San Joan eguna pasa berritan orduko zenbait testigantza idatziz jaso nahi izan ditut. 

Emakumeak Axeri Dantzan 25 urte mahai-ingurua
Emakumeak Axeri Dantzan 25 urte mahai-ingurua, Andoain, 2025-03-06. Argazkia: Aiurri

50 urte dira aurten Andoainen axeri-dantza berreskuratu zutela eta 25 urte emakumeak parte hartzen hasi zirela, "gaur egun gizon eta emakumeen dantza da, gizon eta emakumeek parez pare festan ondo pasatzeko aukera eskaintzen duen jolasa. Historia hori gogoratu nahi dugu hemen, historia horren hasiera". Horretarako hainbat belaunalditako emakume axeriek hartu dute hitza: Junkal Korrotxano (2000an Goikoplazan zortzikoa dantzatu zuen lehenbiziko emakumea), Izaskun Beraza (axeri-dantzako buruzagia) eta Irune Elizondo (axeri-dantzari gaztea). Andoaindarrekin batera, mahaiaren bueltan eseri naiz neu ere, kanpo begirada eta ikuspegi orokorragoa azaltzeko eskatuta. Eta Jone Larrañagak tira du haritik; tira bakarrik ez, berak ere badu zeresana, hasierako urrats haiek lehen pertsonan bizi eta dantzatu baitzituen.

Aldaketak ez dira natural gertatzen

Andoainen ez zen herria bitan puskatu, gatazka ez zen lehertu, eta beraz, behin baino gehiagotan entzun izan da, "hemen 'natural' egin genuen". Aldaketak, ordea, ez dira natural gertatzen, aldaketak eragin egiten dira. "Andoainen neska gazte batzuk erabaki zuten axeri-dantzan parte hartu nahi zutela. Hor hasi zen aldaketa. Eta batzuentzat ez zen horren goxoa eta erreza izan". Junkal Korrotxanok buruarekin keinua egin du, "nik mina sentitzen dut eta haserre sentitzen naiz. Eta ez dut nahi, ze begira orain ze bilakaera izan duen eta noraino iritsi garen". Gaiak, ordea, barruak mugitzen dizkio.

Axeri-dantza
Axeri-dantza, San Joan, Andoain, 2025-06-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA.

Horrela, pixkanaka, memoria ariketa egiten hasi eta askatzen hasi dira Larrañaga eta Korrotxano, "esango nuke duela 28 urte izan zela, nik gogoratzen dut Udaleko bileraren aurretik pare bat alditan joan zirela frontoira beste emakume batzuk". Larrañagak testuinguruan kokatu gaitu, "Lizar Makil taldekoek kartelak jartzen zituzten. Axeri-dantzaren entseguak hastera zihoazela eta halako urtetatik aurrera jaiotako gizonezkoei deia axeri-dantzako entseguetan parte hartzeko. Eta kartel horiek ikusita esan zenuten zuek, eta guk zergatik ez?". Korrotxanok lehen ahalegin hartan ez zela joan dio, baina bere lagunei ateak itxi zizkietela, "emakumeak, gazteak, andoaindarrak eta dantzariak ziren, baina ez zirela gizonezkoek eta ez zela modua. Nik oraindik galdetzen dut zein ziren moduak. Lehenengo entsegura agertzea ez da modua?".

Denak 20 urtetik beherakoak ziren, eta aurrez aurre gizon helduak, "oso gazteak ginen, politikoki markatuta geunden eta zalantzan jartzen zuten moda kontua ote zen gure nahia". Aipatu du beste herrietan ere bero zegoela giroa, alardeko desadostasunak ere pil-pilean zeudela. Horrela, arrakala ireki zen. Neska haiei entsegura agertzea ez zela bidea esan zitzaien eta gero bilera batzuk egiteko proposamena iritsi zen. Bilera haien oroitzapen onik ez du Korrotxanok, "guretzako erosoagoa zen frontoian esertzea, txandalarekin eta zapatiletan korro borobil batean; baina ez, joan behar izan genuen udaletxeko pleno aretora mahaiaren alde banatan bi lerro, aurrez aurre, duelo batean bezala: axeri-dantzariak vs. neska gazteak".

Axeri-dantza
Axeri-dantza, San Joan, Andoain, 2025-06-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA.

Oso gogorra izan zela dio, baina segituan babestuak ere sentitu zirela, axeri-dantzarien artean gizon batzuk ikusi baitzuten, nahiz eta ordura arte ez planteatu, momentua izan zitekeela. Larrañagak gogoratzen du nola gizon haiek eskubide terminoetan hitz egiten zuten, "hor egon zen aliantza potente bat".

Konfiantza eza eta zama bikoitza

Lehen pausoak ematetik plazako urratsetara bi urte inguru pasa ziren; baina 2000. urtean emakumeak axeri-dantzan atera ziren. Korrotxano izan zen zortzikoa dantzatu zuen lehen emakumea, "Juantxok (Arregi) bere atzetik egin behar nuela behin eta berriz errepikatzen zidan, goizean zehar auskalo zenbat aldiz esan zidan, korrika aterako nintzen beldurrez edo, kar, kar, kar!".

Junkal Korrotxano axeri-dantzan
Junkal Korrotxano axeri-dantzan zortzikoa dantzatu zuen lehen emakumea. San Joan, Andoain, 2000-06-24.

Askotan aipatu dute Juantxo Arregi hizlariek, aurreko eserlekuetan dago adi-adi. Orduko buruzagia zen eta erabaki zuen jarraitu egingo zuela, izan ere, zenbait gizonek axeri-dantzan ez parte hartzea erabaki zuten. Eta Juantxo erdibituta, zalantzati... harentzat ere ez zela egoera samurra izan dio Korrotxanok, "alde batean lagunak zituen eta bestetik etxean emaztea, seme-alabak jarraitu behar zuela esaten...".

Axeri-dantza
Izaskun Berazak Juantxo Arregiri dantzatu dio aurreskuko San Joan zortzikoa, San Joan, Andoain, 2025-06-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA.

Izaskun Berazak dio, bera orduan umea zela, baina beti kontatu izan diotela nola Arregik kezkaz galdetzen zien neska gazteei, "hau ez da izango bi egunetako txoro haize bat ezta, feministen kapritxoren bat edo?".

Axeri-dantza
Junkal Korrotxano ilaran lehena eta Juantxo buruzagi lanetan, axeri-dantzan, San Joan, Andoain, 2000ko hamarkada.

Korrotxanok argi zuen dantzatu nahi zutela eta ez edozein modutan gainera, "nahiz eta axeri-dantza herrikoia izan, jolasak izan... duintasunez atera nahi genuen. Orduan apiriletik astean bi entsegu egiten genituen". Beraien nahiaz gain, ongi egin beharraren zama ere ipini zieten, "batzuk zalantzan jartzen zuten gure dantzarako gaitasuna ere. Txikitatik joaten nintzen ikustera plazara, dantza munduko gizonezkoak ziren batzuk, baina beste batzuk ez ziren dantzariak. Ondo pasatzea helburu zutenak eta dantza oso urruti zegoen haiek egiten zutenetik. Gutako askok ez genuen ezta entsegurik behar, baina guri exijitzen zizkiguten gizon askok betetzen ez zituzten gauzak".

Ez zen kapritxoa izan

Argi ikusi da ez zela emakume andoaindarren beroaldia izan eta emakumeen parte-hartzeak ohituraren biziraupena eta indartzea ekarri du. Korrotxanok ederki gogoratzen duen moduan, neskak hasi aurreko urteetan oso partaidetza txikia izaten baitzen, "nik esaten nien hamaika atera zineten iaz, orduan desagertu egingo da. Nahiago duzue hori?"

Axeri-dantza
Jone Larrañaga 25 urte eta gero ere axeri-dantzan, San Joan, Andoain, 2025-06-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA.

"Nik uste dut ikusi dugula, nola axeri-dantza joan den hazten eta hazten, emakume eta gizon parez pare elkarrekin dantzatzen. Eta esango nuke hasierako trantze hura pasa eta gero dena segidan etorri zela. Ni beranduago iritsi nintzen, dantzan aurrena, gero talde eragilean, entseguak antolatzen...", kontatu du Izaskun Berazak. Eta nork imajinatuko zuen hasierako eztabaida haietan axerien buru emakumea izango zenik?

Hori ere iritsi zen. Berazak azaldu du axeriek argi dutela buruzagiak ezaugarri batzuk bete behar dituela: "belaunaldiak elkartzen dituena, irekia, konprometitua, heldu behar dio honi gogoz...". Eta iritsi zela garaia, erabaki zutena ezaugarri horiek betetzen zituen hautagai bat baino gehiago bazeuden, emakumea izatea hobetsiko zela, eta hala tokatu zen.

Axeri-dantza
Axeri-dantza Izaskun Beraza buru dela, San Joan, Andoain, 2025-06-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA.

"Baietz esan nuen benetan sentitu nuelako taldearen babes hori, konbentzitu ninduten. Eta badakit aukeratu nindutela ezaugarri asko betetzen nituelako eta ez emakumea nintzelako".

Parte-hartzeari dagokionez ere, parekotasunera iritsi direla dio, "lehenengo urteotan uste dut izan zirela hamahiru emakume eta hogeita luze gizonezko. Eta beti gizon gehiago, baina gero eta alde gutxiago dago. Aurreko urtean 28-32 edo".

Betidanik emakumeak axeri-dantzan

"Ni flipatzen ari naiz... Zuek borroka hau hasi zenutenean ni jaio gabe nengoen. Saiatzen ari naiz zuen tokian jartzen, baina ezin dut imajinatu", Irune Elizondo aurreko urtean atera zen lehen aldiz axeri-dantzan eta bere aurreko belaunaldiak kontatzen ari diren kontuak ezin sinetsita dabil.

Axeri-dantza
Irune Elizondo sokan, Axeri-dantza, San Joan, Andoain, 2025-06-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA.

Emakumerik gabeko axeri-dantzarik ez du ezagutu Elizondok, berarentzat bai dela "naturala" axeri-dantzan parte hartzea, "hala hartu ninduten aurreko urtean. Niri ez didate inoiz inongo trabarik jarri eta orduan nik ez dut planteatu ere egin horrelako arazoak egon zirenik. Orain zuei entzunda, zuei eskerrak ematea besterik ez zait geratzen".

Herritarren axeri-dantza

Eta segidan, barre txikiarekin honakoa dio Elizondok, "nire kezka bakarra zen dantzan ez nekiela eta pentsatzen nuen agian horregatik ezingo nuela parte hartu". Hori, ordea, ez da arazoa. Berazak argi du axeri-dantzak irekia behar duela, "saiatzen gara gauzak zaintzen, baina jakinda herriarena dela eta herriko edonork parte hartu dezakeela, beraz modu horretan egin behar dugula". Elizondok asko eskertzen du hori, "bestela dantzariak ez garenok ez genuke aukerarik izango festa hori bizitzeko, ze axeri-dantzan parte-hartzea kristorena da".

Axeri-dantza
Irune Elizondo bizkar gainekoa, axeri-dantza, San Joan, Andoain, 2025-06-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA.

Ohitura osasuntsu gorde dutela uste du Berazak, "gure kultura ondarea transmititzen ari gara andoaindar neska-mutilei, sekula dantzan aritu ez direnei. Lehenengo urtean jarriko diete erronka beren buruari paseoa egitekoa, eta hurrengo urtean zortzikoa eta hurrengoan..."

Andoain aitzindari

Andoaingoa testuinguruan jartzeko, azken 30 urteotan emakumeen parte hartzea bideratzen joan diren zenbait dantza tradizioren errepasoa egin dut eta axeri-dantzaren aitzindari izaera agerian geratu da hor. Larrañagak aipatu dit ilusioa egin diola entzutea andoaindarrak aitzindaritzat ditugula, ez zitzaiola aurretik burutik pasa. Herri, komunitate, talde... bakoitza mundu bat da eta bakoitzak bere ezaugarriak eta erritmoak ditu, baina "esan behar da andoaindarrak lehenengotakoak izan zirela tokiko dantzetan emakumeen parte hartzea bermatzen". Beste zenbait lekutan 25 urte beranduago etorri da aldaketa. Eta andoaindarrak beste zenbait kontutan ere eredugarri ikusten ditudala esan diet: genero bereizketarik gabeko jantziak, ia galtzear zegoen ohiturari buelta emateko eduki duten gaitasuna, dantza herritartzea, bere garaian gatazka guztiz ez lehertzea...

Axeri-dantza
Axeri-dantza taldea eta txistulariak, San Joan, Andoain, 2025-06-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA. Ikusi argibideak

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.