Dokumentuaren akzioak
XX. Mendea
Aiziritze 1989 Marianak 2
Marianak Lapurdin, Sorginak eta Xarmantina izenak ere jasotzen du Nafarroa Behereko zenbait tokitan, Marianne Biarnon eta Aitzina Pika Zuberoan. Aiziritzen bildutako adineko dantzariak Marianak dantzatzen ageri dira honako bideo honetan. Hiru zati ditu Marianak dantza-jauziak, eta osorik bi aldiz eman ohi da.
Sagasetak dionez Luzaiden Anaban edo Aitzina esanez abiatzen da jauzia, eta Amikuzen eta Arberoan berriz 'Yo eta hiru' markatuz. Beteluk 'Luze eta jauzi' forma zabaldu zuela dio Sagasetak, Zuberoako 'aitzinako pika'-ren pareko, baina garai batean ez zela horrelakorik erabiltzen. Bigarren zatian 'erdizka lauetan' edo 'xinple lauetan' egiten da toki guztietan. Hirugarren zatian berriz, 'zeina-berriz zeina' ematen du Sagasetak, baina argitzen du Luzaiden eta Aspe haranean 'zote' eta 'dobla' egiten dutela. Ohikoak diren 'ezker-eskuin'-en ondoren azken urratsean 'erdizka eta hiru' egiten da nagusiki, Zuberoan ezik.
Aiziritzeko grabaketa honetan, zenbaitek pikak, bueltan ematen dituztela ikus dezakegu, eta aitzina berriz luze edo bi urrats eta pika (bueltan) batez. Hona hemen marianak jauziaren urratsak dantza jarrai dezazuen::
- Aitzina phika lauetan
- Xinple lauetan
- Zeina-berriz zeina
- Ezker-eskuin-ützül eta hiru
- Zeina-berriz zeina
- Eskuin-ezker-ützül eta hiru*
*Segida guztia bi aldiz errepikatzen da. Bukaeran ützül eta hiru eta fini!
Bideo hau Maritzuli konpainiako Claude Iruretagoienak 1989an Aiziritzen grabaturiko irudien sortako bat da. Aiko taldeak Urraska: Dantza Jauziak-Sagasetaren bidetik diska-liburuan argitara eman zituen irudiok 2010ean. Orain liburu-diska-dvd horretako edukiak bere webgunean sareratzen hasi da Aiko Taldea, eta bideoak ere bertan argitaratuko ditu.
Irudiak: Claude Iruretagoiena / Maritzuli. Aiziritze, marianak,1989-01-15.
Dokumentuaren akzioak