2025eko Dantzan Topaketek emandakoak

2025/11/26
2025eko Dantzan Topaketek emandakoak

Dantza hezkuntza arautuan sartzeko behar, onura eta ahaleginen inguruan aritu dira Jon Sarasua, Julen Agirre eta Ixone Aroma; Alaia Cachenautek emakumeek Uztaritzeko kaskarotetan parte hartzeko azken 50 urteetan eman dituzten urratsak erakutsi dizkigu; Amagoia Egiluzek eta Jon Fernandezek Arabako euskal dantza taldeen diagnosiaren zertzeladak erakutsi dizkigute eta Jexux Larrea eta Patxi Monterok “Sortutakoak 11” diru-laguntzetan hautaturiko proiektuen nondik norakoak azaldu dituzte; eta Idoia Lahidalga, Patxi Laborda eta Josu Garatek dantza irakasleen gaikuntzen inguruko eztabaidarako atea ireki dute. Azkenik, ipurdiak altxa eta Patxi Labordarekin soka-dantzan banan-banangoa emateko zenbait modu landu ditugu.

Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Pasa den larunbatean Euskal Herriko hainbat dantzari, ikertzaile, irakasle eta dantzazale batu gara UEUk Eibarren duen egoitzan, eta egun osoko jardunaldian aipaturiko gaien inguruan hausnartu eta eztabaidatu dugu. Hizlariek mahai-gaineratu dituzte gai nagusiak, baina publikotik ere izan da zeresana. Eta nola ez, pasilo, kafe eta bazkari bueltako hitz trukeek ere eman dute berea.

 

 

Dantzan alfabetatutako gizartea

Euskara ez da bakarrik hizkuntza bat, hizkuntza bat baino zabalagoa den kultur fluxu bat da”, hala ikusten du Jon Sarasuak. Eta iraun nahi badugu euskaldun izaten, modu sakonagoa batean ulertu behar dugula uste du, “komunitate loturak, komunitate zuntzek irauten duten neurrian euskarak irauteko aukera gehiago izango ditu”. Horrela, herri kultura eta masa kultura aurrez aurre ipini ditu; alde batetik kultura kontsumo elementu bezala ulertu daiteke eta bestetik herri kultura deitu dezakegun esparrua egongo litzateke. “Ez da herriak kontsumitzen duen kultura, herriak egiten duen kultura baizik” eta hor, nola ez, dantza kokatuko genuke. Sarasuaren iritziz, eskola arautuak lortu behar du haurrak prestatzea herri-kulturgintzarako lehen alfabetizazioan. Bide horretatik, HUHEZItik martxan jarri nahi duten proiektu pilotuaren berri eman zigun. Dantza, kantua, antzerkia, bertsoa eta jaia dira ardatz nagusiak.

Jon Sarasua, Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Julen Agirrek ere argi du euskal dantza hezkuntza arautura gerturatu beharra dagoela, eta dantzaren hainbat dimentsio nabarmendu ditu: aisia, artistikoa, terapeutikoa eta hezkuntzari dagokiona; eta bide horretan hainbat funtzio ikusten dizkio: sozializatzailea, musikala, ludikoa, identitarioa, politikoa... Ondorioz, dantza ikasteak onura akademikoak dakartzala azaldu du. Hortik abiatuta Kultur eragiletzako master amaierako lanean, dantza hezkuntza arautuan lantzeko proposamen bat egin du, “egun euskal dantzak curriculumetan oso presentzia urria baitu”. Dantza-jauziak, fandango eta arin-arina eta kontra-dantzak lantzea proposatzen du, “modu mailakatuan, errepertorio egokia aukeratuta, jolas giroan eta dinamika egokiak aukeratuta”.

Ixone Aroma, Julen Agirre, Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Ixone Aroma Arratia BHI zentroan literatura irakaslea da eta zirrikitu bat ikusi du ikastetxean dantza lantzeko hautazko ikasgai gisa DBH4ko mailan. Literatura testuetatik abiatuz, hainbat gairi buruz eztabaidatuz eta dantzan trebatuz pentsatu dute ikasgaia. Branlea, jauziak, soka-dantza, fandango/arin-arina, bikote dantzak, ezpatak-dantzak... lantzea da helburua. Euskal-dantza euskararen komunitateko parte izateko beharrezkotzat jotzen du Aromak. Oraingoz hautazko gisa landu ahal izan dute, baina publikotik kezka azpimarratu da: “lehen urratsa izan daiteke, baina hautazko izanda ez da bermatzen alfabetatze orokorra eta horrek behar luke helburua”.

Uztaritzeko emakumeak sukaldetik plazara

Alaia Cachenaut uztariztarra Antropologian doktoregaia da eta bere doktoretza tesian lantzen ari den gaia ekarri digu. Azken berrogeita hamar urteetan Uztaritzeko kaskarotetan egin diren aldarrikapenak eta izan diren erresistentziak kontatu dizkigu. Emakumeen parte-hartzea kultur eskubide gisa ulertzen du; honela jasotzen da eskubide hori 1948ko giza eskubideen aldarrikapen unibertsal gisa: “pertsona orok komunitateko kultura bizitzan libreki parte hartzeko, arteez gozatzeko eta aurrerapen zientifikoan eta horren ondoriozko onuretan parte hartzeko eskubidea du”.

Alaia Cachenaut, Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Azaldu du emazteen rola ez dela deskribatua XX. mendeko azterlanetan eta horren ondorioz, haien rolaz oso gutxi dakigula nahiz eta emakumeak hor izan. Dantzan ez baziren ere jantzien edota jatorduen prestaketetan ezinbesteko papera zuten. Pixkanaka dantzan parte hartzeko aldarrikapenak eta erresistentziak hasi zituzten. “2022an kolektiboki onartu zen neskak parte hartzea, nahiz eta eztabaida batzuk egon herrian". Egun bi talde mistoetan antolatzen dira.

Bakoitza beretik

Amagoia Egiluz eta Jon Fernandez Gasteizko indarra dantza taldeko kideak Araban euskal dantzaren egoera nolakoa den erreparatu nahian hasi ziren, eta hortik abiatuta dantza taldeen inguruko diagnosia egin dute. Hainbat datu erakutsi dizkigute eta beren lanaren arabera honakoak dira ondorio nagusiak: neska-mutil kopuruaren desoreka, begiraleen formazioa gabezia, koreografiak egiteko obsesioa, diru-laguntza gutxi, taldeen arteko kohesio falta...

Jon Fernandez eta Amagoia Egiluz, Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Gipuzkoako Dantzaguneko Sortutakoak Tradizionala 11 diru-laguntzak banatu ditu aurten eta bi proiektu aukeratu dira. Argia dantzari taldearen "Zalakain Argentinan" eta Patxi Monteroren "Euskal dantzako ibilbidea haurrekin".

Amaiur Aristi, Patxi Montero eta Jexux Larrea, Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

2025eko azaroan, Tandil (Argentinako) hirian, Argentinako Euskal Etxeen Euskal Aste Nazionalean Argentinako eta Uruguaiko 25 Euskal Etxetako euskal dantza taldeek, Euskal Herriko Argia dantzari taldearen Martin Zalakain ikuskizuna plazaratu dute. Hilabeteetan elkarlanean aritu dira itsasoa tartean dela; eta azken astean bertaratu dira Argiako musikari eta dantzari taldetxoa. Horietako bat izan da Jexux Larrea eta horrelako ekimena aurrera eramateko izan dituzten zailtasunak eta horiek nola kudeatu dituzten kontatu digu, “aberasgarria izan da denontzat eta proiektu honi esker ikusi da denek elkarlanean aritzeko gaitasuna dutela. Lan egiteko beste modu bat erakutsi da”. 

Patxi Monteroren proiektuaren helburua "haurrekin euskal dantzaren ibilbidea egiteko oinarrizko irizpideen dekalogoa osatzea, eta ariketa eta praktika egokien bilduma aurkeztea" da. Orain arte egindakoak eta hemendik aurrera emango dituen urratsak azaldu dizkigu. Aurretik dokumentazio lana eta aholku eta jarraipen batzordea osatuak zituen eta oraingo fasean asmoa da dekalogoa eta ariketak lantzea; eta jarraian etorriko dira froga pilotuak.

Titulua lortu bitartean gaikuntzak

Musika eta Dantza Eskoletako euskal-dantza irakasleen gaikuntza sistema berriaz aritu dira Josu Garate, Patxi Laborda eta Idoia Lahidalga. Lehen pertsonan bizi izan dute azterketa fasea; lehen biek epaimahaikide gisa eta Lahidalgak azterketa egin behar izan du, “Musika Eskola batean aritzen naiz dantza irakasle eta lantokian bertan eskatu didate azterketa gainditzea”, prozesu deserosoa izan dela dio eta presio handiarekin bizi izan duela. Kontua da dekretu berria dela eta orain EAEeko Musika eta Dantza eskoletan euskal dantza ematea derrigorrezkoa dela eta horretarako irakasle tituludunak exijitzen dira; baina euskal-dantzako titulaziorik ezean irakasleak dantzako klaseak emateko gai direla frogatzen duten gaikuntza frogak egin dira. Labordarentzat ere prozesua ez da atsegina izan, “hutsune asko ditu prozesuak. Baliabideak eman behar zaizkie hautagaiei”. Hala ere, alde positiboari ere begiratu nahi izan dio, “azterketara aurkeztu denak denbora bat pasa du dantzari buruz irakurtzen, ikasten eta hausnartzen. Bada zerbait”.

Idoia Lahidalga eta Patxi Laborda, Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Gaia mahai-gainean ipini bezain pronto ireki da eztabaida bertaratutakoen artean. Gaikuntza sistemaren gabezia eta alderdi onen inguruan aritu badira ere, ondorio orokorra honakoa izan da: euskal dantzetan titulazio ofiziala behar da.

Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Hauexek, labur-labur larunbateko saioak emandakoak. Datozen asteetan mintzaldi bakoitzari dagozkien kronika xeheagoak argitaratzen joango gara.

Dantzan Topaketak 2025