Dokumentuaren akzioak
Iruñea: Korpus 2019 San Lorentzoko danzanteak
Jesus Pomares gogoan, Iruñeko Besta Berriko prozesioa irekitzen duten San Lorentzoko danzanteen irudiak dakartzagu. Karrikadantzarekin gurutzatu dituzte belarrez eta petaloz atondutako alde zaharreko kaleak. Katedraletik abiatu eta, udal-plaza eta San Saturnino eliza pasata, San Lorentzo elizarainoko bidea egiten dute Kale Nagusitik, atzera, katedralera itzultzeko. Prozesioa Korpus eguneko liturgiaren baitan egindako ospakizunarekin amaituta, dantzariek katedral aurreko plazan dantzatu dituzte: fagina, habanera eta kortesia, eta arku dantza.
1997an ekin zieten San Lorentzoko danzanteek bere ibilbide zaharberrituari, hain zuzen aste honetan zendu den Jesus Pomaresek akuilatuta. Ikerketa eta birsortze-lan sakon baten ondoren, Iruña taldearen 25. urteurrenaren karietara egin zuten beren lehen emanaldia. Urtean zehar zenbait agerraldi finko egiten dituzte: inauterietako kaldererotan, San Ferminetan, San Lorentzo egunean, eta irudiotan ageri den Besta Berri prozesioan 1999tik. Hogeigarren urteurrena bete dute beraz.
Iruñeko prozesiorik zaharrena da Besta Berrikoa edo Korpusekoa. Berpizkundetik eta XIX. mende arte tokiko eta kanpotik etorritako dantzarien presentzia izan zuen, eta San Lorentzoko Danzanteen Kofradiak berreskuratu zuen ohitura. Katedraleko Sei haurrek edo Infantikoek Sakramentu Santuaren aitzinean Hilarion Eslabaren billantziko bat dantzatu zuten katedraleko presbiterioan eta prozesioan parte-hartu zuten.
Katedraleko emanaldia amaituta, Zapateria kalera joan ziren dantzan Donezar kandeladendaraino. Han dantza batzuk eginda, txorizoa azukrearekin eman zieten jateko, gremioen kofradiek egun berezi horretan prestatu ohi zuten menua alegia. Irudiak: Gari Otamendi. San Lorentzoko danzanteak, Besta Berri egunean: fagina, habanera eta kortesia, eta arku dantza, 2019-06-23.
Etiketak
- korpus
- tokian-tokikoa
- san-lorentzoko-dantzak
- tradizionala
- 2019
- iruñea
- nafarroa
- san-lorentzoko-danzanteak
Dokumentuaren akzioak