Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jesus Pomares, dantzari, ikertzaile eta dantza sustatzaile iruindarra hil da

Dokumentuaren akzioak

Jesus Pomares, dantzari, ikertzaile eta dantza sustatzaile iruindarra hil da

2019/07/03 09:50
Jesus Pomares, dantzari, ikertzaile eta dantza sustatzaile iruindarra hil da

Jesus Pomares Espartza

Iruña taldean eta San Lorentzoko Danzanteen Kofradian lan handia egindako Jesus Pomares Espartza hil da Iruñean 61 urterekin. Dantza tradizionalen alde mende erdiz ibilbide oparoa eta ondare aberatsa utzita zendu da Pomares. Dantza tradizionalaren historiaren maitale eta ezagutzaile handia, erritualen, artisautzaren eta jantzigintzaren alorrean egindako lanez gain, tradiziozko forma eta erritual koreografikoak berreskuratzen egindako ekarpenak nabarmentzen dira bere ibilbide luzean: San Lorentzoko dantzariak eta seikoen dantzak horien artean.

San Lorentzoko danzanteak
San Lorentzoko danzanteak. Jesus Pomares, eskuinetik bigarrena, Elizondo, 1998.

San Lorentzoko dantzarien kofradia

Iruña taldean eta Euskal Dantzarien Biltzarran buru-belarri hainbat urtez jardun ondoren, 1997an, Iruña taldearen 25 urteurrena ospatzeko, Jesus Pomaresek hainbat dantzari heldu batu zituen, XVII. eta XVIII. mendeetan Iruñean ohikoak izan ziren dantzari taldeen erako dantzari-kuadrila bat antolatzeko. San Lorenzoko Danzanteen Kofradia izango zenaren lehen emanaldia eta sorrera izan zen hori, ordura arteko dantza taldeen ereduarengandik guztiz bereizten zena, eta dantza tradizio zaharrak XXI. mendera begira jarri zituena.

San Lorenzoko danzanteak
San Lorentzoko danzanteen lehen agerraldia. Jesus Pomares, eskuinetik hasi eta bigarrena, Iruñea, 1997.

Seikoak eta Corpus Christi

Iruñeko Katedralaren laguneko elkarteko presidentea izan da zenbait urtez Pomares, eta horren babesean Iruñeko zenbait erritual koreografiko berreskuratzen jardun du. Ekarpen horietako bat Iruñeko Seikoak izan dira, XVI. eta XVII. mendeetako tradizioa, sei mutil-koskorrek egiten zituzten dantza bereziak, Pomaresen ekimenez eta Peio Otanok prestatutako dantzari gaztetxoek eskaini izan dutena Iruñeko Katedralean. 

Jesus Pomares
Jesus Pomares Santa Maria katedraleko kanpaia jotzen.

Iruñeko Corpus festaren errituala, garai batean hain aberatsa izan zena, berriz hornitu eta dantzaz apaintzeko ahalegina ere egin du Jesus Pomaresek. Iruñeko katedralean bertan, Inuzente egunerako Obispilloaren tradizioa ere berreskuratu zuen. Elizako kanpaiak jotzeko arduraduna ere izaten zen Pomares.

San Lorentzoko dantzarien parte-hartzeaz gain, "danzanteen" eredura berregindako beste talde batzuk, Bilboko turkoen konpartsa adibidez, prozesio horretan parte hartzera gonbidatu zituen, eta zaldikoa ere berreskuratzen jardun zuen

Tradiziozko osagai guztien ezagutza sakona izanik, jantziek erritualetan zuten garrantziaz ohartuta horien ezagutzan eta berreskuraketan lan handia egin du Jesus Pomaresek, eta egoitza Iruñeko alde zaharrean zeukan Nuevo Barroco dendan hainbat dantza talde eta proiekturen jantziak eta osagarriak prestatu dituzte.

Dantzaren historia aztergai

San Lorentzoko Danzanteen Kofradia 2006an egituratu zen, eta ikerketa eta dibulgazio lan oparoa egin du ordutik kofradia horrek, buletinaren eta webgunearen bidez, eta bertan aritu da Pomares, bai koordinazio taldean, bai zuzendaritzan ere. Batez ere Dantzariak aldizkarian eta San Lorentzoko dantzarien buletinean argitaratu dira Jesus Pomaresek dantza tradizionalen inguruan idatzitako hainbat lan interesgarri. Hona horietako batzuk:

Dantzariak aldizkarian

  • Moises Elizaga gaiteroaren inguruko artikulua Dantzariak 11 zenbakian (1979)
  • Otsagabiko dantzen inguruko artikulua Dantzariak ext - Txistulari 141 aldizkarian (1991)
  • Agoitzeko dantzari balentziarren inguruko artikulua Dantzariak 54 aldizkarian

San Lorentzoko Danzanteen Buletinean

Horiez gain taldean (EDB de Navarra sinatuta adibidez) sinatutako zenbait lanetan ere ekarpen garrantzitsuak egin zituen, eta adibidez Tuterako Gaiteroek EDBrekin elkarlanean Cortes eta Monteagudoko dantzei buruz argitaratutako diskaren testuak idazten ere parte hartu zuen. 

San Lorentzoko danzanteak
San Lorentzoko danzanteen taldea Mariano Izetarekin, Elizondo, 1998.

Azken agurra

Jesus Pomares Espartzaren hileta elizkizunak bihar, uztailaren 4an, 19:00etan Iruñeko San Saturninoko elizan egingo dira.

Dokumentuaren akzioak

2019/07/03 10:35
Ezagutza, ekarpen eta intuizio handiko gizona joan da. Danzanteen eta ezpata-dantzen tradizioen ezagutzaile bikaina, ez testuetan bakarrik, baita tokian tokiko erritoetan ere, penintsulan hainbat kilometro egin baitzituen hango eta hemengo dantzak bertatik bertara ikusiz eta gozatuz. Doluminak familia eta lagunei Eibartik.
2019/07/03 10:46
Gizon ixila eta diskretoa zenez, modu berean joan zaigu Jesus. Hutsune handia uzten du Iruñeko dantzaren eta ohituren mundutxoan. Berak berreskuratutako ondare aberatsa -eta horrekin batera berarenganako oroimen eta esker ona- gure artean geratuko da! Doluminak gertukoei eta Sanlorenzoko danzanteetako lagunei!
2019/07/03 10:47
Arrateko dantzak prestatu genituenetik Jesus Pomaresekin zorretan gara, ezpata-dantza berritzeko ahaleginean San Lorentzokoen ereduak eta dantza berrien sorkuntzari buruz Jesus Pomaresek eta Mikel Larramendik idatzitako artikulu bat ezinbesteko argia eman baitzigun. 1987an, Dantzariak aldizkarian argitaratu zuten Pomaresek eta Larramendik "Acerca de la composición de danzas nuevas" izeneko artikulua. Bertan ikasi genuen dantzak ongi atontzeaz gainera, harrera goxoa egingo zien festa ondo hautatzeak zeukan garrantzia, elkar-elikatze horrek ekarriko baitzuen ahaleginaren arrakasta edo porrota. Ideia funtsezkoa izan zen hori guretzat, eta hori ere, artikuluan aipatutako guztiaz gainera, zor diogu hain goiz joan den Jesus Pomaresi.
2019/07/03 11:20
Gure taldearen azken urteotako bilakaeran garrantzi handia izan zuen Jesus Pomaresek. Aholkulari, jantziegile, iradokitzaile... zenbat ordu ez genituen pasako bere karrika Berriko dendaren atze hartan. Oso eskuzabala izan zen gurekin. Sanfermin Aldapako ezpata-dantzak eta Sanferminetako trokeo-dantzek badute bere zigilutik ere. Badugu ate-joka ditugun Sanferminetako dantzak nori eskaini!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.