Dokumentuaren akzioak
Alejandro Aldekoa eta Santos Oregi
Berriz, Garai eta Durangaldeko dantzei buruzko elkarrizketa mamitsu eta baliotsua sareratu du berriz ere Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak. Dantzari-dantza eta erregelen transmisioan eredu nagusia izan den Alejandro Aldekoa txistulari eta dantza-maisua batetik, eta Santos Oregi dantzari eta dantza-maisua bestetik ageri dira bideo honetan. Garain batu ziren bi dantza-maisuekin Andra Mariko kideak: Jon Zamalloa, Kepa Artetxe, Kepa Ajuria, Aitor Zamalloa eta Jabi Arruabarrena besteak beste. Dantzan nola hasi ziren, norekin ikasi zuten, nolakoak ziren garai bateko festen erritualak, dantzarien lanak, antolaketak, erromeriak eta beste hainbat kontu gogoratzen dituzte Oregik eta Aldekoak elkarrizketan zehar.
Alejandro Aldekoak eta Santos Oregik gogoratzen dute Iurretan, Garain eta Berrizen normalki gazteek gurasoekin ikasten zutela dantzan. Txistulari bat izaten zen hiru herrietarako. Hipolito Amezua eta gero horren seme Serafin Amezua, Amezuatar danbolintero leinuaren azken katebegiak ezagutu zituen horretan Aldekoak.
Alejandro Aldekoak 9 urterako ikasi zituen erregelak, aurreskua eta atzeskua dantzatzen. Aitak bere anaia zaharragoari erakusten ziola hasi zen ikasten bera. Dantzari-dantza baino lehen ikasi zituen erregelak. 14 urtekin dantzari-dantza entseguetara joaten hasi zen, baina bera baino bost urte nagusiagoak ziren talde hartako dantzariak, eta berak norbaitek kale egiten zuenean haren tokian entseiatzen zuen. 1934ko San Inazio egunean, Bilbon, San Mames-en egindako ezpata-dantzari alardean parte hartzera joateko itxaropena zuen, baina entseguetara joan gabeko 19 urteko dantzari helduagoa sartu zuten aurretik, eta joan ezinda geratu zen penaz. Aitak saioa ikustera eraman zuen Bilbora.
Solfeoa Berrizko apaizarekin ikasi zuen eta txistua ikasten Eibarren, Leon Laspiur-ekin aritu zen. Txistua 12 urtekin hasi zen ikasten Alejandro, eta 13 urtekin taldeari jo zion lehen aldiz, dantzari-dantza eta erregelak. Bere aitak solfeoko irakasleari, Modesto Arana apaizari kantatu zizkion erregelak, eta honek partituran jarri zituen, eta harekin ikasi zuen jotzen Alejandrok.
Santos Oregi 13 urterekin hasi zen dantzan ikasten, bere anaia nagusiari begira. Berehala sartu zen dantzari taldean, eta altua zenez banderari aritzen zen maiz, horrek gora beherak eragiten bazituen ere, denentzat prestijiozko tokia baitzen banderariarena. Garai batean erregelei eta eskasei "seiek" esaten zietela dio Alejandro aldekoak, eta erregeletan bi urrats izen bakarrik aipatzen ditu: pausua eta saltue.
Festak (San Pedroak eta Santa Anak) hurbiltzen zirenean, txistulariak antolatzen zuen dantzari taldea. Normalean etxean ikasita izaten diren dantzari gehienak, eta beraz, haiekin entsegu gutxi batzuk eginda prestatzen zen taldea. Ezkongabeak izaten ziren dantzariak, eta behin ezkonduz gero beste gazteren bat bilatu behar izaten zuen txistulariak ezkondutakoa ordezteko. Garai batean urtean birritan baino ez omen zuten dantza egiten dantzari-dantza, baina aurreskuak, festa eta erromerietan ugari izaten zirela.
San Pedro egunean prozesioa izaten zen Berrizen meza aurretik, agintariena dantzatu eta segidan mezetara joaten ziren, eta meza ondoren berriz ere segizioa plazara eta bertan emanaldia. Dantzari-dantza egin ondoren atsedena hartzen zuten, pontxe apur bat edan, eta gero erregelak. Zapak ez zituzten kentzen goiz osoa, ez erregeletarako ez beste ezertarako.
San Pedro egunean, erregeletan ohitura zen sokara urtean ezkondutako neskak ateratzekoa. Santa Ana egunez berriz ezkongabeak. Zerbitzariek alkateari galdetzen zioten aurresku eta atzeskuari zein neska atera behar zioten. Urte askoan banako zaharra utzita egon zen, eta Alejandrok berreskuratu zuen. Bere esanetan taldean ere egiten zen banako zaharra, baina luzea zela eta utzi egin zitzaion.
Santos Oregik gogoratzen du, 1950eko hamarkadan, San Pedro eta erromeria egunetan, aurreskuak bata bestearen atzean ateratzen zirela. Pedro egunean, dantzariek egindakoaz aparte, zortzi aurresku izatea normala izaten zela, kuadrilla batkoitzak berea atera nahi izaten zuen eta. Bere aita 82 urterekin ikusita zeuekal aurreskua dantzatzen.
Alejandro Aldekoak azaltzen du, erromerietan, zerbitzariek aurreskuari galdetzen ziotela zein neska atera nahi zuen, eta atzeskuari berea. Izan ere, maiz aurreskulariak berak antolatzen zuen aurreskua berari gustatzen zitzaion neska ateratzeko.
Kepa Artetxek galdetzen dio Aldekoari San Lorentzon ikusitako desafio bati buruz. Alejandrok kontatzen du 12 urte inguru zituela, San Lorentzo ermita aurrean Pedro Juan Gaztelurrutia eta Julian Bilbao "Errotatxo"k egin aurreskua egin zutela. Erregelekin hasi aurretik txapela eskua desafio moduko bat egin zutela, urrats garbirik ez, "garabato batzuk" esaten du Aldekoak, baina aurrez aurre, desafioan aritu zirela, eta hortik erregelen aurreskuari heldu ziotela.
Soka-dantzan abarketak egiten ote ziren galdetuta, Alejandrok gogoratzen du San Kristobalen Pedro Juan bera tarteko zela abarketak egin zituztela, erregeletako pausuekin, banan-banan sokako dantzari guztiek. Santos Oregi sueltoan dantzan ageri den irudi batzuekin bukatzen da bideoa.
Alejandro Aldekoa eta Santos Oregi, Berriz, Garai eta Durangaldeko dantzak eta ohiturak, Andra Mari Dantzari Taldea, Garai, 1989-11-04.
Dokumentuaren akzioak