Dokumentuaren akzioak
Albisteak
Baztango mutil-dantzak Estatu Batuetan Larraldetarren eskutik
AEBtako euskal amerikarren elkarteak, NABOk, mutil-dantzen ikastaroa antolatu du Bakersfield-en eta San Franciscon, azaroaren erdialdera. Arizkungo Javier eta Patxi Larralde aita-semeak izanen dira dantza-maisu eta txistulari lanetan. Javier Larraldek urte batzuk egin zituen bere garaian AEBtan artzain, eta semearekin berriz hara bidaiatuko du orain dantza ikastaro hauek ematera.
Juan San Martin-en argazkiak GureGipuzkoan
Gipuzkoako Foru Aldundiak argazki fondo zabala ari da sareratzen GureGipuzkoa webgunean. Oraingoan Juan San Martin euskaltzain, ararteko eta ikertzaile nekaezin izan zenaren argazki fondoa (6.000 irudi) sareratu du eta tartean badira hainbat dantza argazki interesgarri.
Juan Mari Beltranen "Ttakun ttan ttakun": musika, dantza eta antzerkia
Disziplina anitzeko proiektua abiatu du Juan Mari Beltran musikariak, Txalapartaren inguruan. Musika, dantza, antzerkia, narrazioa eta ikus-entzunezkoak nahastuz Txalaparteren ibilbideari buruzko ikuskizuna antolatu du. Aurre estreinaldiekin ari dira orain. Hurrengoa, heldu den ostegunean (azaroak 12) Iruñeko Gayarren antzokian.
Eliralek umeentzako ikuskizun berria estreinatuko du: Otto
Elirale konpainiak umeendako ikuskizun berria estreinatuko du azaroaren 12an (osteguna), Azkaingo Jauregian: Otto. Euskerazko emanaldia da eta konpainiako kideek diotenez, "Otto, bidaia bat umeen egunerokotasunean barna. Ametsaldi bat, haurtzaroaren mundu sentiberan murgiltze bat…"
Itsasoarekin dantzan
Itsasoa haserre dabil egunotan Kantauri aldean. Donostiako Paseo Berrian oldartzeko joera erakutsi ohi du eta olatuen-dantza ikusgarria izan ohi da. Hori gogoan hartuta Gorka Bravo argazkilariak Laura Gil dantzaria gonbidatu du Itsasoarekin dantza egitera.
Aiko taldearen azken diskoa, jaisteko moduan
Aiko taldeak Maritzuli konpainiaren Aurrez-aurre ikuskizunerako grabatutako CDa osorik jarri du bere webgunean, bertatik jaisteko moduan. Aurreko diskoak ere aurki daitezke bertan eta horiek ere deskargatu daitezke.
Dantzaren historia marrazkitan
Dantzaren historia garai ezberdinetan egindako marrazkien bitartez ilustratzen duen liburu bat argitaratu da Interneten: "The Dance: Historic Illustrations of Dancing from 3300 B.C. to 1911 A.D." Dantza irudiak erakusten dituzten margo, ilustrazio eta marrazkien antologia eder bat da.
Oberenak Gayarren eskainiko den El Caserio Zarzuelan dantzatuko du
Azaroaren 15ean (igandea), Jesus Guridiren "El Caserio" zarzuela eskainiko dute Iruñeko Gayarre antzokian. Jakina denez, zarzuela honek euskal baserri baten inguruan gertatzen den maitasun istorioa du ardatz. Iruñeko Oberena dantza taldeko dantzarien esku egonen da zarzuelaren baitan euskal dantzari dagokion atala.
Pina Bausch-en Café Müller omenduko dute BAD jaialdian
1978. urtean Bausch alemaniar dantzari eta koreografoak sortutako Cafe Müller izeneko pieza omenduko dute Bilbao Antzerkia eta Dantza (BAD) jaialdian. Azaroaren 5 eta 6an izanen da (osteguna eta ostirala): Koreografiaren bideoa jarri eta ondoren Tagliarini eta Deflorian konpainiek emanaldia eskainiko dute.
XIII. Herrien Arteko Folklore Jaialdia, Barakaldon
Heldu den abenduaren 4tik 6ra eginen dute Barakaldon XIII. Herrien Arteko Folklore Jaialdia. Ibarra-kaldu elkarteak antolatzen du jaialdia eta 2009. honetarako gonbidatutako musika eta dantza taldeak Gironatik eta Landetatik helduko dira.
Dokumentuaren akzioak


