Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ez da tradiziorik sorkuntzarik gabe...

Dokumentuaren akzioak

Ez da tradiziorik sorkuntzarik gabe...

Ez da tradiziorik sorkuntzarik gabe...

Argazkiak: Aritz Ibañez eta Iñaki Sagardoi

Azaroaren 19an eta 20an egin ziren Iruñean, Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak antolatuta, XXV. Folklore jardunaldiak. Honako honetako gaia: Sorkuntza vs. Tradizioa. Folklorean maiz agertu izan den dikotomia da hori, bi kontzeptuok bateraezinak izanen balira bezala. Jardunaldien aurkezpenean Karlos Irujo Ortzadar-eko kideak esan bezala, ordea, agortutako eztabaida da hori, ez baitago tradiziorik sorkuntzarik gabe, ezta sorkuntzarik aurretiko tradizio batean oinarritzen ez dena. Gogoeta hori aurretik, hasi ziren 2009. urteko jardunaldiak.

Tradizioak kokatzen gaitu munduan

Claude Iruretagoyena, Oier Araolaza eta Pedro Romeo aritu ziren lehen saioan hizlari.  Claude Iruretagoyena dantzari eta koreografoari egokitu zitzaion jardunaldiak zabaltzeko ardura. 1981. urtean hasi zen dantzan Pierre Betelu dantza-maisuaren eskutik, Beskoitzeko Oinak Arin dantza taldean. Betelu-ren eta Thierry Trufaut-en eskutik Juan Antonio Urbeltz ezagutu eta Argia dantza taldean ere aritu zen dantzan "Zortziko" ikuskizunean. Bertan ikusi eta ikasitakoarekin Beskoitzeko taldearekin bide propioa jorratzeari ekin ziola azaldu zuen Iruretagoyenak.

Ortzadar-en XXV. jardunaldiak: Claude IruretagoyenaHorrela, 1991. urtean haur jokoetan oinarritutako "Xirula-mirula" ikuskizuna taularatu zuen. Beste hainbat heldu ziren ondotik: "Historio-mixtorio" (1997),  "Ingura-mingura" (2000), "Cote Cour... Cote Jardin" (2004), "Kutx ala Pil" (2005) eta "Aurrez-aurre" (2009). Beti ere tradizioan oinarrituz, kasu batzuetan beste genero batzuetatik edanez, Soka-dantza eta sokako dantzarien zailtzea, XVII. mendeko Frantziako dantza akademien ondarea, edo oraingo eta aintzinako Zuberoako maskaradak hartu ditu abiapuntutzat, besteak beste, Iruretagoyenak, bere lanak sortzeko. 2001. urtean "La Pamperruque" izeneko Baionako soka-dantza ere berreskuratu zuen Maritzuli konpainiarekin. Ospe handiko pertsonaiak agurtzeko dantzatzen zen XVIII. mendeko Baionan eta gorteko dantzen eta dantza tradizionalen arteko mestizaia omen zen.

Iruretagoyenak aintzinakoan oinarrituz dantza berria sortu zuen eta modu horrek erakusten du bide egokia bere ustez. Izan ere, Claude Iruretagoyenaren aburuz, arazo handia dago, batez ere iparraldeko dantza taldeen artean. Formakuntza oso urria dute, "monitoreek" irakasten ahal duten apurra ikasten dute dantzari gazteek eta horrekin ase ez direnez oinarririk gabeko sorkuntza berriak ekoiztu eta ekoiztu ari dira, norabide zehatzik gabe. Hori gure herriaren kulturarendako oso arriskutsua delakoan, dantza tradizionala berraurkitzeko, ber-ezagutzeko erronka bota zuen Iruretagoyenak.

Antzeko argudioak erabili zituen Oier Araolaza dantzari eta antropologo Eibartarrak ere. Inguratzen gaituen mundu globalizatuaren aurrean tradizioak ematen digu nortasuna eta berak kokatzen gaitu munduan, izaera propioz. Ez da tradiziorik gabeko sorkuntzarik, ez eta sorkuntzarik gabeko tradiziorik ere. Sakoneko ideia hori oinarri, dantza tradizionalean sorkuntza nola ematen den azaldu zuen Araolazak. Sorkuntza eredu ideala zirriborratu zuen lehenik eta behin. Sortzaileak formazio teoriko trinkoa, dantzaren eta artearen historian ezagutza sakona izan beharko lukeela. Horrez gain, dantza teknika ona eta biblioteka koreografiko aberats baten jabe izan beharko litzatekeela. Eta azkenik, sentsibilitatea, materialak hautatu eta elkarrekin josteko. Hori ere ideala litzateke, baina praktikan materialak hartu eta elkarren ondoan jarriz "sorkuntzan" aritzen direla hainbat azaldu zuen.

Ortzadar-en XXV. jardunaldiak: Oier Araolaza

Dantza tradizionalaren alorrean aurki daitezkeen sorkuntza eredu desberdinen zenbait adibide jarri zituen umore ukitu batez: Topiko-mitikoak, (Joko) errekreatiboak, Sinbolikoak, Modistak eta Anakronikoak. Nazioarteko adibide batzuk ere erakutsi zituen balkanetako KUD taldeak, Celtic Fashion moduan bataiatu zituenak, edo Estatu Batuetan morris dantzak eta dantza garaikidea eta jazz uztartzen dituzten ereduak besteak beste.

 

Pedro Romeo iruindarra izan zen hirugarren hizlaria. Bere koreografia sortzaile esparruko lau adibide azaldu zituen. Burlatako inauterietarako Martingala izeneko kalejira sortu zuen, 1986. urtean, Lucas de Aierbe gaizkilearen inguruan. Oraindik ere egiten da inauteri hori Burlatan. Herri bereko Larratz dantzari taldearen ikuskizun ezberdinetarako atondutako bi koreografiaren berri ere eman zuen Romeok: Gipuzkoako dantzetan oinarritutako "Gudanza" eta Euskal Herriaren historia laburbildu nahiko lukeen "Bizi iauzi" izenekoa. 1998. urtean Juan Pedro Aramendiaren eskaeraz Zangozan estreinatu zituzten Gorpuzti eguneko dantzak ere sortu zituen Pedro Romeok. Koreografia horien guztien sorkuntza prozesuari buruzko azalpenekin bete zuen bere solasaldia. Gehiagorako denborarik gabe bukatu zen jardunaldietako lehen txanpa.

Bi ikuspuntu ezberdin 

Antton Luku garaztarrak zabaldu zuen ostiraleko saioa. Berriki "Euskal kultura?" izeneko saiakera liburua karrikaratu du eta bertan euskal kultura deitzen diogun horri astinaldia ematen dio. Dantzari buruz ere ari da liburuan eta bide hortatik joan zen bere solasaldia. Batez ere ipar Euskal Herriko adibideetan oinarrituz gaur egungo gure dantza esparruari errepasoa eman zion. Ortzararren XXV. jardunaldiak: Antton LukuNafarroa behereko Libertimendua eta Zuberoako Maskarada goretsi zituen bi arrazoirengatik. Izan ere, metafora baten gainean eraikitzen dira bi errepresentazioak: etxearen eta basaren arteko harremanean. Bestetik, disziplina ezberdinak nahasten dira horietan: dantza, antzerkia, kantua eta musika.

Dantza-sorkuntzaren alorrean dauden bi arazo plazaratu zituen garaztarrak, segidan. Alde batetik, adierazi zuen dantzariek ez dituztela dantzatzen dituzten dantzen kodigoak ezagutzen. Batez ere XIX mendean sendotutako gure dantzen esanahiak urtu egin direla esan zuen Lukuk. Gaurko dantzariek ez dituzte esanahi horiek ezagutzen eta horrek urduritzen dituela. Dantza horiek maneiatuta zerbait funtsezkoa kenduko ote dioten beldur dira eta hartara ez dira ukitzera ausartzen. Dantza finkatua, fosilizatua geratzeko arriskua atzematen duela aipatu zuen idazle baxenafartarrak.

Baina bestetik berrikuntzaren aldeko obsesioa ere detektatzen duela esan zuen Lukuk. Dantza taldeak tradizioaren alorra utzi eta ikuskizun "berriak" ekoizteari ekin diote azkenaldian. Tokian-tokiko dantzen transmisioan ez da kasik inor ari. Etorkiren ereduari jarraikiz sorkuntza berriei emanak dira dantzari asko eta asko eta Lukuk gogor kritikatu zuen bide hori. Bere ustez, iragana mitifikatzen zuten zarzuela itxurako ikuskizunak ziren Etorkirenak. Ez zuten inolako berritasunik ekarri eta tradizioa baino eredu zaharkituagotzat jo zuen Lukuk bide hori. Dantzari berririk sortu ez eta Etorkik zeuden dantza talde tradizionalak zokoratu zituela salatu zuen Lukuk.

Panorama horren aurrean zer? Lukuk tradizioa aldarrikatu zuen sorkuntzarako herraminta baliagarri gisa. Sortzeko metafora berriak behar ditugula adierazi zuen, baita dantzaren alfabetoa ederki ezagutzea ere. Horretarako, ezinbestean, tradiziotik edan behar dela azaldu zuen. Libertimenduan edo Maskaradan ematen den disziplina ezberdinen arteko hartu-emana aldarrikatuz bukatu zuen bere hitzaldia, truke horretatik sortuko baitira berritasunak.

Ortzararren XXV. jardunaldiak: Jon MayaJon Maya dantzari eta koreografoaren txanda heldu zen ondotik. Kukai dantza konpainiaren ibilbideari errepasoa eman zion lehenbizi. Dantza tradizionaleko formakuntza zuten dantzari batzuen saiakera huts gisa sortu zena, gaur proiektu profesioanala da. Abizenik gabeko (tradizional, garaikide...) dantza egiten dutela adierazi zuen Mayak eta sorkuntzaren garaian askatasuna aldarrikatu zuen. Izan ere, dantza tradizionalean oinarritutako ikuskizunek azterketa eta ikerketa lan handia eskatzen dute eta askotan zama handiegia bizkarreratzen dugula aipatu zuen dantzari errenteriarrak.

Edozein modutan, tradizioa eta sorkuntza elkarbizitzan ikusten dituela adierazi zuen Mayak. Egin dizkioten elkarrizketa askotan galdetu diote dikotomia horren inguruan eta ia haien helburua tradizioarekin haustea ote den. Kukaiko kideak argi utzi zuen ez dela hori haien asmoa. Dantza tradizionalaren aberastasuna aitortu eta bertatik abiatutako gaur egungo ikuspegiko ikuskizunak egin ahal izateko aukera aldarrikatu zuen.

Solasaldia

Parte-hartzeen ondorengo solasaldian ere gai interesgarri eta mamitsuak azaleratu ziren. Kukai eta enparauen ildo berrien eraginez, dantza tradizionala jorratzen duten taldeek pairatu behar izan duten presioaz galdetu zuen Karlos Irujo Ortzadar-eko kideak. Akaso presio horren eraginez iparraldeko taldeak ia soilik sorkuntzari emanak direla azaldu zuen Irujok. 

Ricardo Madinabeitia txistulariak taula gaineko ikuskizunen iraungitzearen inguruan galdetu zuen. Adierazi zuenez, oso kasu gutxitan gertatu da taularako sortutako koreografia bat tradizio bilakatzea (Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregiren Axuri-beltza jarri zuen horren adibide). Madinabeitiarendako sorkuntza bat tradizio bilakatu dadin metafora baten gainean egon behar du erakia eta ikusleak bere hartu behar du sorkuntza hori.

Antton Luku ere mintzatu zen gai honen inguruan eta aipatu zuen, dantza bat testuinguru jakin batean txertatua izan eta dantzariek hori dantzatzen plazerra hartzen duten bitartean dantza hori tradizio izaten jarraituko duela, urtetan. Aitzitik, dantza batek testuingurua galduta badu eta tradizionala delako soilik mantentzen saiatzen bagara, saialdia frustratua izanen dela adierazi zuen. Madinabeitiarekin bat egin eta azaldu zuen herriak sorkuntza beretzat hartzen duen unean soilik bilakatzen dela tradizionala sorkuntza bera eta hori lortzeko emozioen alfabetoen oinarritu beharra dagoela.

Dantzariz jantzitako eta kalez jantzitako dantzarien arteko ezberdinketa ere egin zuen Lukuk. Dantzariz jantzitako dantzaria eredugarria izan eta bikaintasuna erakutsi behar duela adierazi zuen Lukuk. 

Hausnarketa hauekin eman zituen moderatzaileak amaitutzat Ortzadar Folklore Elkartearen XXV. jardunaldiak.

Ortzararren XXV. jardunaldiak: ikusleak

 

Dokumentuaren akzioak

2009/11/30 00:47

Tradizioari errespetua baino tradizioaren aberastasunarekin entretenimendua da batzuk daukaguna. Hain da mamitsua eta anitza, nahi adina material dagoela ezagutzeko, jolasteko eta gozatzeko. Adibidez, laster ditugu hemen inauteriak eta aro horretan ikusteko dauden tradizio desberdinak, zaharrak eta berriak, gertukoak eta urrutiagokoak, bisitatu eta disfrutatzeko dauden guztietara iritsi ahal izateko bizitza bat baino gehiago beharko genuke. Gainera, behin hasita droga gogorra bihurtzen da eta ezin geratu. Markina, Mundaka edo Gernika, Abaltzizketa, Antzuola, Donostia, Lizartza edo Amezketa, Zalduondo, Egino edo Ilarduia, Beskoitze, Uztaritze, Garazi edo Barkoxe, Altsasu, Zubieta, Ituren, Arizkun, Goizueta edo Unanu, Silio, Laza, Almiruete edo Bielsa,... Ez daude bi berdin. Aniztasuna, kolorea, desberdintasuna, mozorroak, tradizioa eta sorkuntza, musika eta dantza, eta festa, nahi adina edo ahal adina festa. Bilbo Handiak aukera asko ditu, baina kanpora atera eta beste eredu batzuk bizi eta ezagutzeak daukaguna baloratu eta osatzeko aukera ematen du. Mundu hau disfrutatzeko egina dago, eta tradizioak milaka tresna jartzen ditu gure eskura gozatzeko. Sufritzeko, kateatuak sentitzeko eta elkarri mokoka jarduteko baditugu beste kontu batzuk. Animo Gorka! Bilbo Handia zama izan daiteke, baina ea horri buelta eman eta aukera gisa baliatzerik dugun! Ah, ia ahaztu zait, Jentilbaratz aldizkariaren 9. zenbakian daukazu aipatutakoa, baina 11. zenbaki edo 8.ean, eta beste askotan ere aurkituko dituzu irakurgai mamitsuak. Tradizioaz ari dira gehienak eta hor ikusiko duzu nola tradizioa sorkuntza den eta sorkuntza tradizioa (8.ean Quijera-ren kontra-dantzen artikulua adibidez). Dantzariak aldizkarian ere badira hainbat lan interesgarri, eta Txistulari aldizkarian ere, eta liburu zoragarriak ere hainbat dira. Hala ba, ondo segi!!

2009/11/29 12:19

Kaixo Gorka, ez dakit oso ondo ulertu dudan zein ote den zure mezuaren mamia, baina saiatuko naiz gauza batzuri erantzuten, bizkaieraz egiten dugun Gipuzkoako ertz honetatik... "Hemen ere zaharrak berri... "diozu, eta elkarren arteko ezaguera eza salatzen duzu. Bai, halaxe da, ez dakigu gure auzokoa zertan ari den, zein gogoeta eta ibilbide pilatu dituen eta zein bide eta zergatik hautatu duen. Eta hain zuzen ere horregatik dira interesgarriak eta beharrezkoak Ortzadar-ek antolatutako jardunaldiak eta gisa horretakoak. Elkarren berri izateko, elkar ezagutzeko. Eta artikulu honetan bertan esandakoetako batzuk jaso nahi izan dira, besterik ez. Ez dira asko izaten horrelako aukerak, eta hain zuzen ere, kontu horietan interesa izanez gero bertan egotea funtsezkoa iruditzen zait. Ondokoek zein urrutiagokooek zer duten esateko ezagutzeko.

Araba eta Bizkaiko gora-beherez ezer gutxi ezagutzen dela diozula iruditu zait. Bai, arrazoi duzu, ziur aski bi herrialde horiek dira bertako mugimenduaren berri kanpora gutxien jariatzen dutenak. Horren errua norena da? Internet bidezko komunikazioan distantzia fisikoak ez du inolako garrantzirik, baina hemen badirudi badagoela beste muga bat, eta gustora jakingo nuke zein den...

Tradizioa zamatzat antzematen duzula iruditu zait zure idatzian. Niretzat tradizioa aukera da, izugarrizkoa baliabide eta material aukera aberatsa. Baina ez du zertan denontzat horrela izan. Kontua da, tradizio horren uztaitik askatu eta bide berriak jorratu nahi duenak jakin behar duela ez dagoela lainoen gainean ibiltzerik. Dantza garaikidea, hip-hopa, klasikoa edo bollywood-a, nahi den aterpea bilatuko da, baina azken batean mota bateko edo besteko tradizio baten baitan bideratuko dira proposamenak, edo hainbaten nahasian, baina inolako tradizioren eraginik gabeko proposamenik ez da ezagutzen arteen alorrean. Beraz, hori onartu, bakoitza bere lan-esparrurako egoki irizten dituen tradizioa(k) aukeratu, horietan trebatu eta lan egin eta horien mugak zabaltzen ahalegintzea baino ez zaigu geratzen.

Zaharrak berri diozu, eta egia da, kontu hauetaz lehen ere hausnartu, hitzegin eta idatzi izan baita, baina ez dirudi pentsatu eta komunikatutako gauza horiek egungo dantzari gehienek irakurri eta ezagutu dituztenik, beraz, uste dut inoiz ez dagoela soberan horiei buruz berriz aritzea, ikuspuntu desberdinak agertzeaz gain, entzule berrientzat interesgarriak gertatzen baitira. Ortzadarrek argitaratutako Sukil aldizkariaren 3. zenbakia gomendatzen dizut, orain urte batzuk dantza taldeen egoera eta etorkizunaz egindako gogoeta mamitsuak bilduta baitaude bertan, Bizkaiko egoerari egindako errepaso zorrotzak barne. 2005ean dantza tradizionalaren etorkizunari begira hitzaldi eta mahai inguruak egin ziren Abadiñon (Bizkaian!) Eusko Ikaskuntzaren Folklore Sailak antolatuta eta bertan esandakoak Jentilbaratz aldizkarian dituzu argitaratuta. Hasteko, irakurgai egokiak izan daitezke. Animo!

user
2009/11/27 16:55

Hara joan ezin izan genuenontzako kronika ona. Eskerrik asko!

2009/11/30 20:36

Nire eritziz ez dau tradiziorik formazio barik. Formazio sakona, Dantza Talde bakoitzak, alkarrekin egin beharrekoa. Dantzari gehienak ez dakigu zer dantzatzen dogun, edo musikoak ze jotzen dogun, edota ze erropa jartzen dogun, eta erropa horren sinbologia. Formazio barik, ez dago kalitaterik, ez dogu pauzoak, doinuak, arropak txukuntzen eta horrek arazoak dakartzuz. Dantza Talde askok, ez daukate, ez daukagu argi ze bide nahi dogun jarraitu , eta askotan, daukagun posibilitate gainetik egiten dogu lan; ordun berriro arazoak, ez kalitaterik eta energi mordoa galduta.

Ez dago trasmiziorik, eta dagoen apurra gero eta eskaxagoa. Guzti onek, kasu askotan "sorkuntza" bidea artzera eroaten dozku; zetan beti Dantzari Dantza egin, obeto nik sortutako "engendrotxu" bat atera plazara. Eta hemen azken pausua, akonplejaturik dantzatzen dogu. Nik ez daukot sorkuntzarako astirik, Herri honek kriston aukerak emoten dauzkuz dantza soragarriak dantzatzeko, eta nire energiak horretan gura dodaz erre. Nik Dantza Talde bateko dantzari bezala emon dot eritzia; benetan argi badaukagu zer garen, gurea defendidu, mantendu, ikertu, eztabaidatu, irakatzi, erakutzi, ahal eta ondoen. Uste dot, Herri honek, "koreografo", "sortzaile", "dantza maisu", larregi eman dotzuzela (seguru horretan be munduen ez deuzkula inork irabasten).

Parxi
2009/11/29 23:12

Lehenekik eta behin, mila esker, aritz, kronika honengatik. bakoitzak egin behar du bere bidea, zalantzarik gabe, eta errealitateak oso ezberdinak dira. ez naiz ari bakarrik errealitate politikoetaz (herrialdeak...), baizik eta errealitate pertsonaletaz.Norberak badaki zer duen inguruan, zer beharrak dituen, zeintzuk diren bere lehentasunak eta nola ulertzen duen folklorea. Nere ustez, tradizioa aukera moduan ulertzeko (eta horrela ulertzen dut ere bai) ezagutu behar dugu tradizioa bera eta ez bakarrik tradizioz heldu zaizkigun argazkiak. Tradizioak bere baliabideak eskeintzen digu folklorea eta dantza ulertzeko, baina hausnarketa horretara iritsi behar da, eta ezin diegu jendeari emaitzik eskatu beharrezkoa den bidea ez badute aurretik egin Egoera eta errealitate ezberdinak dira, oso, eta eztabaida hau oso lotuta dago dantza taldeen funtzioekin, dantzaren garapenarekin eta tradizioaren ulertzeko manerarekin. Beraz, errealitate poliedriko batendako ezin dira erantzun linealak eman, bere ustez. Guzia ez dago gaizki Bizkaian eta guzia ez dago ongi Iruñan (gauza bat da arazoa berbalizatzea eta beste bat, oso bestelakoa, arazoari heltzea eguneroko jaurdueraz). Dena den ados zuen irakurketekin, eta bixtan da batzuk nahiago genukela egoera ezberdin batean egotea, jakina.

Gorka
2009/11/28 19:23

Hemen ere zaharrak berri...

Askotan horrelako artikuluak irakurrita, zenbat saiakera elkarren arteko ezaguera ezak, ez ote dituen porrotera bideratu pentsatzen dut. Tamalez Iruñetik Bizkaiaraino dagoen bidea nahiz eta txikia izan, horrelako gogoeta prozesuen ondorioak asko aldatu zitezkeen mahai ingurua, leku batean edo bestean izatekotan.

Sorkuntza (nahiz eta tradizioari oso atxikia garatu) ez dute batere begi honez ikusten Nafarroa mendebaldeko probintzia honetan. Honetan ere erabat ezberdinak dira bizkaitar eta gipuzkoar dantza taldeak. Iparraldean gainera (antza denez) sorkuntza betean inolako kriteriorik jarraitu gabe (hitz hau asko gustazten zitzaion garai batean Urbeltz jaunari, berak asko duenaren seinale) dabiltza etengabe zein mugagabe eta Araban...Inork ba al daki horko larre-motxetan zer gertazten den?

Agian egunen batez (independentziaren eguna baino lehenago bada askoz obe), lurralde ezberdinen dantza taldeak elkar ezagutuko dute eta elkarri kontau eta irakatsi nola egiten dituzten entsaioak, ze ariketa taula jarraitzen dituzten, gipuzkoako dantzak nola dantzatzen diren (ze Bizkaian dantzatzen den "refritoak" ez dauka izenik) eta ze sorkuntza berri darabilten esku eta oin artean, ze asmo, ze ilusio. Nik leheno "dantzarien biltzarrak" horretarako zirela uste nuen, baina horain badakit zein den errealitatea (eta denok errealitate horren jakitun izan ezkero, zergaitik ez hortaz hitzegin?) eta galdera asko egin dizkiot arrezkero nere buruari.

Erantzuna? Oso argia. Bizkaiko lurralde historikoan ez dago inor honi garrantziarik ematen dionik, ez dago inolako ilusiorik eta gainera jende gazteak gauza berriak plazaratu nahi ditunean laster etortzen dira tradizioaren harri pusketarekin kopeta zartako batez astitzera (Joño! Hereneguneko atxiloketak bezalatxu!). Bizkainoa naiz eta zinez diñot gure dantza taldeak direla oraintxu problemaren zati, bai tradizioaren eraberriketarako, bai eta honen iraumenerako ere. Nere eritzia da besterik ez (agian besteren bizkainoren batek zuzenduko dit nire iritzi sustenbakoa. Nork daki. Agian)

  1. D: Eta ez, Bizkaiko federakundea ere ez dut sobera maite! 2.P.D: Ah! Eta barka beza irakurleak anonimotasunak ematen didan valentria eta lotsagabekeria.
2009/12/01 11:56

Dantzari buruzko gogoeta lan espezifiko batzuk aipatu ditut lehen, baina hausnarketa orokorrago baterako oso mamitsua da adibidez Antton Luku-k ateratako Euskal Kultura? liburua. Oso oso gomendagarria.

Gorka
2009/11/29 19:36

Kaxo guztiyoi!

Bueno Oier, eskerrak eman beharko dizkizut lehenik bi liburuok gomendatzeagatik, askotan (nik behintzat) ezjakintasunagatik gehiago ausartzen bait naiz ahoa zabaltzera zeresana edukiagatik baino. Ala ere, beti liluratuko nau tradizio hitzari gehienok herri hontan diozuen errespetuagatik (gipuzkoarra haiz, ezta? Nik ez diat bate argi ikusten asunto hoi baña...). En fin serafines, agian nik ikusten ditudanak "Gran Bilbao" izeneko hortan bakarrik gertatzen dira eta antza denez toki hortako jende gutxik irakurtzen ditu web-horri hontako notizi eta esanak zeren inork ez dit kontrakorik adierazten.

Bueno ba, saituko nauk Sukil hori Durangoko azokan topatzen Jentilbaratzearekin batera (portzierto...Ze zenbaki zuan?).

Ah! Eta badakizue; gaizkiesanak barkatu eta ongiesanak kontutan hartu (hola zuan ezta?).

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.