Hemen zaude: Hasiera Albisteak Libertimendua

Dokumentuaren akzioak

Libertimendua

Antton Luku
2006/02/16 22:15
Inaute garai delikatua dugu Iparralde honetan, buru hauste iturri ospakizun edo gertakari antolatzaileentzat. Egun eta gauen arteko tentsioek gure metabolismoa kutsatzen balute bezala, kanpoko tira dugu baita supazterra nekez laxatzen.

Soziologia interesgarria sortu du hemen gaindi. Iragan urteetako afixak miatuz ohar gintezke aise entsegu eta moda ezberdinak izan direla, bertso saio, antzerki, arrapesta, klase anitzetako gauza egin da, arrakasta ezberdinekin baina jendearen gosea erabat ase gabe sekulan.

Ihauteri deitzen diren gauzak bi multzotan eman genitzake. Formari eutsi diotenak hor daude Zubieta/Ituren, Lantzeko, Zuberoako maskaradak eta beste gisan, manera batez edo bestez birpizten direnak baina bizpahiru urte barne beren jaio kemena galduz. Batzuek etnologiari fideltasuna hautatzen dute, tradizioaren berpiztea, besteak, kutsu urbanoagoa hartzen Donostia edo Tolosakoa eskarniatuz. Egia erran jendeek janzten dituzten maskei beha egonez beste bi kategoria ikus daitezke. Edo zerbaitez maskatzen da eta ibilaldia bukatu ondoan, spiderman jantzia kentzen da aperitifara joateko edo bizpahiru piltzar hartzen dira, trapu eta txapel itsusi bat eta are… plazara. Maska hauek ditugu usu berant gauean ekintzan atzematen. Gure inkontzientean inauteria lotzen dugua look zirtzil horri?

Teoria horretatik abiatu dira Garaziko lizeoko terminalak bere aurtengo lanari lotzeko. Zirtzilak maite baditugu plazaratuko ditugu beraz. Baina ihauteria izan dadin zirtzilez beztitzea aski dea? zer erranen du maskak plazara jautsi eta? Nor da zirtzila orain? Antzerkiak konfliktoak behar ditu izateko beraz nori oposatzen dira zirtzilak? Edo nori binperra ematen? Zirtzila mintzo da, krepauta da eta zikina, basa eta gaizki ikasia. Libertimenduak parrean ezartzen dio dantzaria, eder eta mutu, eta kantuz ari denez harmonia arrazoinkatuan ihardesten dio bertsolariak. Batzutan zirtzilari juntatzen iltzearen sartzeko, bestetan kontra joaten jendearen izenean hitza hartuz laidoaren xuritzeko. Hots ihauteria ezin dute antzezleek berek eman.

Bolantak ezagunago zaizkigu. Xuriz bezti, mirailak panpetan, berritzera doan ekiaren ordezkari. Xingolez apainduak, arin eta gazte, errondan dantzan, ziklikoki arraberritzen diren urteak erraten dituzte. Utzikeriaren parrean egitura ekartzen, batasun handienean dantzatzea dute helburu. Bakoitzak bere nortasuna dauka halere, etxe guziek berena panpinatzen zuen, papoak zein ederrago. Jantziak dantzatzeko moldea dakar eta argi da ez direla jauziak berdin ematen boneta soinean edo Garaziko panpa gora buruan. Beren sorkuntza partea ere dute, badakite dantzariek zaldun-ihaute egunez kabalkada batek izenpetzen dituela “bere”Xibandiarrak, hor agerian baitira dantzariari eskatzen zaizkion indar guziak.

Berpizten dugu beraz eredu zahar bat? Ez. Batetik ez delako sekulan arras desagertu. Libertimenduak etsaiak ukan ditu betidanik, ezker edo eskuineko pentsaera bakarrekoak, euskararen etsaiak nolaz ez, iharduki du ahal bezala baina sustut ahal eskasez ahuldu da, dantzari eta zirtzilen egiteko kopuru eskasez eta adin bereko bertsolari faltaz.

Kontzientzia hartzea aski, argi da orain ez garela egoera berean. Libertimendu honek Garaztarrak taldeko bolantak, lizeoko antzerkilariak eta Hiriart, Mateo, Erremundegi eta Hiribarren bertsolariak erran nahi du adin bertsuko gazteak agerraraziko ditu, adin klase bat plazaratuko.

Zirtzilen alderditik jokatzeko egin aitzin ikusi behar da. Proiektua muntatu da lizeoan Urdiñarbeko maskarada eta Zubietako inauterietan ibiltzeko. Ez kopiatzeko. Baina zirtzilen binperretik ager dakizkigun indar eta akatsak. Beltzei edo mozorroei identifikatuz ez da inauteria bera ikusten. Baxe-Nabarreko zirtzila mintzo da. Solas gaia behar du, lurraldean sakon errotua izanki, pilatzen ditu horri buruzko sinboloak: ote, huntz hosto, lapar eta basa ihiziak bezain kasa ezina da. Laborari kazetako joan den urteko aleetan zirtzilgaiek bilatu dituzte solasak eta ikusteko gisan eman. Ez toberan bezala epaitzeko asmoz baina libertitzeko xedez fede txar handiz sasoi eta pertsonaiari doakien bezala.

Jantziei buruz halaber bilatzen ez bada kopiatzen da. Bertsu zaharrek aipatzen duten Xebastian Gillomet kabana handi bat da, Martin Bortuarra beste kauter bat edo hartza baina jantziak ez zaizkigu heldu. Ez baita bertsurik ontzen barruki zokoan bildu piltzar bati. Hainbat gaixto edo hobe. Gureak eginen ditugu beraz eta lan horretara gomitatuak izan dira Erik Gelos eta Gonzalo Etxebarria Euskal Kultur Erakundeak gure teoriak kar bereziz behatu baititu.

Libertimendu emanen da Garazin otsailaren 26an zaldun ihautez. Gure ihauteriaren arazoa ez du konpontzen horretan, gauekoa beharko baitiogu erantsi, Santibateko edo Ganderailuko eskea eta santa Agatako kantuak, Olentzero ez baita gauza ezberdina ere, ateratzeko lehen zirtzila baizik egun laburrenean. Baina goazen poliki. Goizeko 10 orenetan hasiko da ibilaldia karriketan gaindi eta libertimendua bera 12 ordutan ttanko emanen da Herriko Etxearen aitzinean.

Libertimendua

  • Donibane Garazin
  • Otsailaren 26an goizeko 10 etarik 14ak arte
  • Garaztarrak, Garaziko lizeoko zirtzilak, Hiriart, Mateo, Iribarren eta Erremundegi bertsulariekin.
2016/01/14 11:19
2016an otsailaren 7an eskainiko da Libertimendua Garazin.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Libertimendua

Libertimendua Donapaleun, 2009-03-01. Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC BY-SA