Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Leitzako ingurutxoaren bi bertsio aurrez aurre

Dokumentuaren akzioak

Leitzako ingurutxoaren bi bertsio aurrez aurre

2009/11/24 11:58

Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak 70eko hamarkadan ikasi zuen Leitzako ingurutxoa Leitzan bertan. Leitzako txistularia zen Angel Alduzin, Gaztelu etxeko dantzariarekin, Erbitirekin eta Leitzako dantzari gehiagorekin aritu ziren ikasten. Patxikoren doinuekin eta Juan Antonio Urbeltz eta Argia Dantzari Taldearen laguntzarekin ulertu eta osatu zuten Leitzako Ingurutxoa.

30 urteren bueltan, Leitzara itzuli zirenean ikusi zuten hiru hamarkada horietan aldaketa batzuk gertatu direla ingurutxoan eta bi bertsioak, Galdakaon gorde dutena eta Leitzan dantzatzen jarraitu dutena, aurrez aurre jartzea bururatu zitzaien.

2004ko maiatzaren 29an bi dantza taldeak elkartu ziren Leitzako plazan. Galdakaoko Andra Mari dantzari taldea atera zen lehenengo plazara. 1970eko hamarkadan ikasitako moduan egin zuten Leitzako ingurutxoa. Ondoren, Leitzako Aurrera dantza taldearen txanda izan zen, eta 2004an Leitzan bertan ingurutxoa dantzatzen zen moduan egin zuten.

Ekitaldi berezia izan zen guztientzat. Galdakaoztarrek Leitzan ikasi zutena 30 urteren buruan Leitzan bertan erakusteko aukera izan zuten. Eta Leitzarrek beraien ingurutxoaren beste aldaera bat, hiru hamarkadatan formolean gorde izan balitz bezala kontserbatuta, ezagutzeko aukera izan zuten.

Hemen dituzue bi ingurutxoak, ikusi eta konparatzeko, eta aurrerantzean Leitzan dantzatzen jarraituko den ingurutxora bakoitzetik zenbat iritsi den aztertzeko moduan.

Dokumentuaren akzioak

Andra Mari Eusko Dantzari Taldea
2009/11/26 15:27

2004ean gonbidapen berezi bat jaso genun Leitzako herritik. Leitza bertako dantzariek abuztuan, San Tiburtziotan egiten dabe euren saioa urtero urtero. 2004ean janzkeraren inguruan eta bai ingurutxoko musika eta pausuen inguruan errebisio sakon bat egin eben. Dantza pausuak eta doinuak errebisatzeko Andra Mari Taldea deitu izanak asko poztu eta arrotu gaituen. Errebisio horregaz guk dakiguna irakasteaz gain eurengandik gauza gehiago ikasteko aukera ere euki genun; oso esperientzia aberasgarria izan zan. Andra Mari Taldeak 60/70.hamarkadatan ikasi eta batu ebazan Leitzako Ingurutxoari buruzko datuak. Horretarako Leitzako txistularia zan Angel Alduzinegaz, Gaztelu etxeko Dantzariakaz, Erbitigaz eta Leitzako dantzari gehiagogaz egon ginen ikasten; guk erabiltzen doguzan doinuak Patxikorenak dira. Juanan Urbeltz, Donostiako Argia Dantza Taldeak ere lagundu euskun Leitzako Ingurutxoa ulertzen eta forma emoten. 2004ean Leitzako Aurrera Dantza Taldeko Urko Arozena txistulariak eta Joseba Sagastibeltza dantzariak deitu euskuen, bertako txistulari eta dantzariakaz batera Ingurutxoa landu eta ezbardintasunak eta bardintasunak aztertzeko. Gonbitea pozez hartu gendun eta talde biak ibili ginen lanean, jo ta ke. Maiatzaren 29an, Leitzako Plazan dantzatu gendun talde biek. Polita eta interesgarria izan zan bardintasunak eta ezbardintasunak ikustea. Ingurutxoaz gain, aipatzeko da Leitzan euren dantzaren inguruan ze giro jatorra eta beroa sortzen dan; Leitzan behintzat oraindino ez da galdu dantza sakonetik bizi eta apreziatzeko griña. ZORIONAK!!!!!

Joseba2
2009/11/26 12:01

Ze ona!! Ez nuen Leitzako ingurutxoa ezagutzen, baina bi bideoak batera play eman eta bien arteko diferentziak ikusteko oso joko ona ematen du!!!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.