Juan Antonio Urbeltz: "Axuri-beltza" ikuskizuna azken 40 urteotako gure kezka eta sortze-prozesuen erakusgarri izanen da
Azken urtean hamaika aldiz galdetuko zizuten baina, zein izan zen Axuri-beltzaren sortze prozesua?
1965. urtearen bukaeran Marian emazteak eta biok bestelako proiektuak genituen bizitzan eta kasik dantza uztekotan ginen, ez genuen dantzarekin konpromiso handirik nahi. Baina Argia dantza taldeak deitu gintuen eta Goizaldi utzi eta Argian sartu ginen. Gauzak beste modu batean egin zitezkeela ikusi genuen. Europa guztia goitik behera zeharkatutakoak ginen, bagenuen esperientzia bat eta gauzak egiteko ideiak. Esaterako, Jerusalemgo Unibertsitate Hebrear-eko dantza taldea eta honek egiten zuen neo-folklorea ezagutzen genuen. Haiek ikustean gure herrian genuen pobretasunaz jabetu ginen eta berritu beharreko zenbait alderdi identifikatu genituen. Nik lehendik ikerketa antropologikoa egiteko sistema disziplina-anitza garatua nuen. Hurbilekotik hasi eta pixkanak aldenduz historia, soziologia, hizkuntzalaritza, erlijioen historia... aztertzea zen kontua. Dantza eta bere testuingurua egoki jorratzeko interesgarriak ziren horiek denak eta programa hori martxan jarri genuen Argian. Ez zen eredurik. Lehenbiziko Alejandro Aldekoarekin jarri ginen harremanean Berrizko dantzari-dantza ikasteko. Harrituta geratu zen ez baizitzaion behin ere inor joan irakasteko eskatuz. 
Zer suposatu zuen Axuri-beltzak garai hartako dantza munduan?

Bilketa lana sakona egitetik sorkuntzarako jauzia nolakoa izan zen?
Ez genuen bertigo handiegirik izan. Prozesu naturala izan zen. Axuri-beltzaren ondotik beste sorkuntza asko heldu dira. 1980ko hamarkadan, 85. urtean hain zuzen, Szeged-en (Hungaria) izan ginen, Ferenc Novak-ek zuzentzen zuen jaialdi batean. Novak Budapesteko "Honved" baletaren koreografoa zen. Ez zen nolanahiko jaialdia eta maila handiko artistek parte hartu zuten. Marta Sebestyen esaterako han zen. 25 urte baino ez zituen orduan. Han ezagututakoarekin itzuli eta dantza tradizionalean oinarritutako ikuskizunak muntatzeko aroari ekin genion. Horren ondorioz, uste dut herri honetako gazteriari material anitz eta interesgarriak utzi dizkiogula sortzen disfrutatu dezan. Lehenago ere sorkuntza bazen, baina oso zurruna, esan bezala, birmoldaketarako aukerarik eskaintzen ez zuena. 
Aipatu duzun Hungariako esperientzia horren ondorengo lehen ikuskizuna izan zen "Irradaka". Izen hori duen dantzarekin zabalduko duzu ostiraleko Victoria Eugeniako emanaldi berezia.
Marian emaztea eta biok 70. urtean izan ginen Urdiainen (Nafarroa) bertako dantzak ikertzen. Adineko emakumeekin egon ginen batez ere eta hainbat kanta eta mugimendu sinple jaso genituen. Artxiboetako agirietan eta Jose Mari Satrustegi Urdiaingo apaizaren idatzietan ere topatu nuen aspaldian, Sakanan, eskutik helduta dantzatzen ziren nesken dantza biribilen erreferentzia.
Kantabriatik hasi eta Finlandiararte topa daitezke gisa honetako branleak. Nesken nerabezaroko dantzak ziren, oraindik ere mutilekin dantzatu ezin zezaketen nesken dantzak. Hori berreskuratu beharra zegoela pentsatu genuen. 1987. urtean Irradaka izeneko programa estreinatu genuen eta bertan, izen bereko dantza. Marianek hautatu zituen letra eta doinuak eta horietan oinarrituta nik sortu nituen koreografiak. Estreinaldia zirraragarria izan zen jendea zeharo hunkitu baitzen.
Pas de Basque ikuskizuneko Almute-dantza ere dantzatuko dute zuen dantzariek.

Hiru estreinaldi ere badira emanaldi honetan. Lehena Zalduniote.
Gipuzkoako zenbait herritan Inauterietako igandeari Zalduniote deitzen diote. Caro Barojak dio, eta ni ados naiz berarekin, inauterietan ateratzen ziren zaldikoen konpartsei erreferentzia egiten diola izenak. Lehendik bildutako zaldikoei buruzko materialarekin 
Zortziko ikuskizunetik Inauteria deitutako lana aurkeztuko duzue ondoren.
Bai. Inauteri bikoitza da. Nafarroa Behereko zein Lapurdiko inauterietako dantzak agertzen ditugu bertan. Antzekotasun handia dute biek ala biek, osagai kulturalak ia berdinak baitira bi lurralde horietan. Beraz bi tradizio horiekin bakarra karrikaratu nahi izan genuen pasarte interesgarrien eta aldi berean ezagunenekin. 1988an estreinatu genuen. Iauzi lapurtar bat bazen, Nafarroa Behereko soka-dantza 
Inauteriarekin emanen diozue bukaera ikuskizunaren lehen zatiari. Bigarrenari, beste estreinaldi batekin ekinen diozue: Oteizaren Apostoluen soka-dantza.

Pericón, Fandangoa (hirugarren estreinaldia) eta Habanera eginen duzue gero. Hemengo eta amerikako doinuak nahastuta.
Maider gure alabak San Martin Unx-eko gure etxean konposatutako fandangoa jo zigun behin arparekin. Oso doinu ederra iruditu zitzaidan eta kutsu kreola antzeman nion. XVIII. mendean Limako euskaldunek dantzatu zezaketen fandangoa iruditu zitzaidan. Horregatik elkartu genituen Pericón, Fandango hori eta Habanera. Hego Amerikara hurbiltzeak badu bere zentzua, izan ere euskaldunak present izan garen inguru kulturaletara hurbiltzea baita. Gure aurreko euskaldunek dantzatu izan dituzten erritmoak dira horiek zalantzarik gabe. Gure kultura artzain kultura da eta dantza hauek hiritarrak dira, baina interesgarriak aldi berean. Ez dugu gure eredu kulturala aldatu nahi baina bai zertzelada batzuk margotu.
Khondarian ikuskizuneko Zazpi ahuntzen ipuinarekin Otsagabira eginen duzue jauzi.
Bai, Otsagabian bildutako ipuina da zazpi ahuntzena. Hartz handia osatzen duten izarren sorrera 
Otsagabia Jaurrietatik 10 kilometro eskasera dago.
Hori nahita egin genuen eta hartara Zaraitzu ibarreko bi dantzekin itxiko dugu emanaldia. Jaurrietako Axuri-beltzaren urteurrena ospatzeko jaialdian ezinbestekoa zen dantza horrek berak ikuskizuna ixtea. Edozein kasutan, esanen nuke, emanaldi hau ez dagoela ikusleari berez zuzendua, guretako egin dugu, gure ibilbidea ospatzeko. Horrek ez du kentzen, zentzuz eta modu zintzoan atondu dugunez gero, ikusleak ere disfrutatu dezan. 
Aritz Ibañez Lusarreta
