Dokumentuaren akzioak
Albisteak
Gure dantza gaitasunarekin konforme
Diskoteka batean dantzan hasiz gero ez dugu lotsarako motiborik izaten. Oro har, ondo ikusten dugu gure burua dantzan, gustora gaude gure buruarekin dantzan ari garela. Inguruan ditugun dantzariekin konparatuta, batazbestekoa baino dantzari hobetzat dugu gure burua. Peter Lovatt dantza ikertzaileak egindako azterketa baten ondorioak dira.
Izurtza: dantzariak eta agintariak argazki zahar batean
Astola aldizkarian ikusi dugu honako argazki hau. Izurtzan, XX. mende hasieran ateratako argazkia da. Dantzari talde bat herriko agintariekin ageri dira. Dantzariak trajez ageri dira, fraka, txaleko eta txaketa dotoreekin, txapela buruan, makilak eskuan eta txintxarriak belaun azpian.
Euskaldunak eta Dantza 4. Jaialdia ETB-3n eskainiko da gaur
Eguberri hauetan dantzak garrantzi berezia izango du ETB-3n, ABBEk antolatutako "Euskaldunak eta Dantza" 4. jaialdia eta "Igor Yebraren Jaialdia" emango baititu kate berak. Gaur, ostirala, abenduak 18, gaueko 23:00etan, ETB-3k "Euskaldunak eta Dantza" 4. jaialdia eskainiko du eta datorren abenduaren 25ean, gabon egunean, gaueko 23.00etan, "Igor Yebraren Jaialdia" eskainiko du.
Santo Tomas bezperako erromeria Donostian
Santo Tomaseko bezperako erromeria izango da Donostiako Konstituzio plazan igande honetan arratsaldeko 19.00etan Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Udal txistularien bandak antolatuta. Erromerian Aitziber Aiesta eta Fernando Ruiz gidari lanetan arituko dira dantzak erakusten. Bestalde, hainbat urteurren gogoratzeaz gain, Larrain dantzarekin eta Santo Tomaseko bertsoekin emango zaio amaiera erromeriari.
Debako San Roke dantzaren DVDa aurkeztuko da larunbatean
Abuztuaren 16an, San Roke egunean izaten da Debako San Roke dantzaren egun nagusia. Gure-Kai dantza taldeak eutsi dio ezpata-dantza horren sugarrari azken hamarkadetan. Bultzada handiago bat emateko Debako San Roke dantzaren kofradia sortu dute eta San Roke dantzari buruzko DVD bat prestatu dute. Larunbatean azken mende erdian San Roke dantza egin duten hainbat dantzari bilduko dira Debako ezpata-dantza berezi hori berriz dantzatzeko.
Dantzari gazteendako IV. Bilbao saria
Heldu den abenduaren 19an, Euskalduna jauregiko A-1 aretoan eginen dute dantzari gazteendako IV. Bilbao sariketa. Bilbao Ballet Elkarteak antolatzen du sariketa hau eta 16 dantzarik hartuko dute parte disziplina ezberdinetan. Irabazleak diru sariaz gain, "Euskaldunak eta dantza" emanaldian parte hartzeko eskubidea irabaziko du.
Dantzarako doinuak Jazz bihurtuta
Josetxo Goia Aribe saxofoi-jotzaile eta konpositore nafarra dugu. Bere musika sortzeko euskal doinu tradizionalak eta jazza uztartu egiten ditu eta akaso Maddi Oihenart-ekin grabatutako "Ilhargi-min" diskoagatik ezagutuko duzue. Youtuben bere emanaldien hainbat bideo igo ditu azken egunotan eta bertan entzun ditzakegu Oñati edo Lesakako doinuak esaterako, jazz bihurtuta.
Olentzero badator! ikuskizuna igandean, Baionan
Beñat Amorena musikariak zuzenduta, Olentzero badator ikuskizuna karrikaratuko dute heldu den igandean (abenduak 20), Baionan. Burrunka taldeko musikariek, 6 dantzarik eta orohar 50 lagunek parte hartuko dute bertan. Antolatzaileen esanetan mitologian oinarritutako ikuskizun ibiltari garaikidea izanen da.
Eguberrietako dantza ikastaroak
Ohiko bilakatu dira azken urteotan gabon garaian antolatutako dantza ikastaroak. Donostian eta Getxon antolatutakoen berri eman nahi dizuegu oraingoan. Dantza klasikoan, garaikidean, jazz dantzan eta flamenkoan trebatzeko aukera izanen dute horietan izena ematen dutenak. Abenduaren 26tik 30era izanen dira biak.
Gazte Zar dantza taldeak argazki-egutegia prestatu du
Mundakako Gazter Zar dantza taldeak dantza jantziak soinean jarrita ateratako argazki sorta berezi batekin egutegia kaleratu du 2010erako. Dantza tradizionala, fantasia eta modernotasun ikutu bat elkartzen dituzten Jorge Salvador-ek egindako argazkiek.
Dokumentuaren akzioak


