Dokumentuaren akzioak
Jaiak eta generoa aztergai Gipuzkoan
Guztira 70 elkarrizketa egin dituzte, eta besteak beste Antzuolako sorgin-dantzan, Donostia eta Irungo Inude eta Artzaiak, Legazpiko ezpata-dantza, edo Tolosako bordon-dantza behatu dituzte.
Komunikabideen aurrean egindakoa aurkezpenean, ikerketaren egileek ondorioztatu dute "generoaren ikuspuntutik ezberdintasunak ohikoak direla festa guztietan" eta "festarik gehienak gizonen neurrira egindakoak direla". Tolosako San Joan festei buruz hauxe dio txostenak: "Bordondantzarien protagonismoak, esate baterako, garrantzi berezia ematen die gizonezkoei, eta horrela festa honetatik ateratzen den irudia, emakume asko badago ere eskopetari gisa, nahiko maskulinotuta dago".
Atal batean dantzak festetan generoaren ikuspuntutik aztertzen ditu txostenak eta besteak beste emakumeek historian dantzan izan duten parte hartzearen berri jasotzen du. Legapizko ezpata-dantzan mutil falta zela eta emakumeek dantza egin zuten garaia ere aipatzen da. Emakumeak dantza tradizioetan sartzen diren kasuak aztertuz bi arrazoi nagusi antzeman dituzte, emakumeek eskatu dutelako eta mutil falta dagoelako.
Txostenaren egileen ondorioa da, batez ere bigarren arrazoia, mutil falta, dela emakumeei dantzetan parte hartzeko aukera eskaintzen diena gaur egun. Emakumeak dantza batean parte hartuz gero zein jantzirekin (ordurarte mutilek erabilitakoarekin ala propio neske jantzitzat jo izaten denarekin) egin behar den zalantzaren berri ere jasotzen du testuak.
Dantzaldi libreak ere aztertzen ditu lanak, eta horietan bestelako irudia agertzen da, emakumea ageri baita nagusiki dantzan testuinguru aske eta espontaneoan. Hain zuzen ere, zenbaitetan antzeman dute "nesken" kontutzat jotzen dela dantza irekia, eta ondorioz, oso gutxi direla modu horretan dantza egiten duten gizonezkoak.
Jasotako iritzien artean aipatzen da "gakoa generoan dagoela: gizon eta emakumeei esleitzen zaien rola eta aurrez ezarritako paperetatik irteteko zailtasuna kritika sozialaren beldurrez." Ikerketaren egilenk diotenez, "dantza, jaietako adierazpen gisa, lotuago dago emetzat hartu diren zenbait baliorekin (segailtasuna, erritmorako gaitasuna...) eta gizonak erosoago sentitzen dira jendaurreko beste ekitaldi batzuetan, kirolean esaterako, han erakusten baitituzte, gizon direlako ustez eduki behar dituzten ezaugarriak (indarra, lehia,...)".
Ikerketaren txosten osoa irakurri daiteke hemen:
Dokumentuaren akzioak
Orain egun batzuk izan genuen ikerketa honen berri Berriaren bidez, interesgarria iruditu zitzaidan eta txosten osoa aztertzeko denbora hartu dut. Pena handia hartu dut ikerketaren emaitza ikusita. Oro har, egungo errealitatea deskribatu du txostenak, baina azken urteotan festak, dantzak eta generoari dagokionez, Gipuzkoako 5-6 herritan izan diren aldaketak ez dituzte detektatu, eta norabide aldaketa eta joera berri baten berri ez dutela jaso iruditzen zait.
Horrelako lan batean aurrera begirako joerak nondik nora doazen detektatzea funtsezkoa iruditzen zait eta hain justu iruditu zait horretan dagoela hutsune handiena. Azken 5 urteotan Gipuzkoako hainbat herritan dantza tradizionaletan genero ikuspuntutik gertatu diren aldaketak gai horren inguruko gogoeta eta jarrera aldaketa nabarmen baten ondorio dira, eta aldaketa horiek eta horien atzean dauden arrazoiak, ez dituzte antzeman, hain zuzen ere horri buruzkoa zen ikerketa lan batean.