Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gizonen neurrira

Dokumentuaren akzioak

Gizonen neurrira

Ikerketa bat kaleratu dute, eta jai gehienetan andreak baztertuta daudela agerian utzi

Egilea
Arantxa Iraola
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2010/01/08

«Irun eta Hondarribiko alardeetako auziek beste errealitate asko ezkutatu egiten dituzte; elkarrizketak egin ditugunean, herri askotan esan izan digute: 'Gu ez, gu ez gara horrelakoak, hori astakeria da'. Baina jaiak aztertzen hasi, eta gehienetan ageri dira aztertzeko moduko gauzak. Generoaren ikuspegitik, ezberdintasunak ohikoak dira ia festa guztietan». Beatriz Moral antropologoaren hitzak dira. Farapi enpresako kidea da, eta iragan abuztuan lan bat plazaratu zuen, lankideekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz: Gipuzkoako lurralde historikoko jaiei buruzko azterketa, generoaren ikuspegitik. Azterketan, festarik gehienak gizonen neurrira egindakoak direla ikusi dute. «Argi eta garbi». Ildo horretan, interesgarria deritzote, ikerketa horretan oinarrituz, jaietan ere genero ikuspegia txertatzen lagun dezakeen gida bat egiteari.

«Izan ere, jaietan agerian geratzen dira gizartean oraindik ere oso sustraituta dauden mugak», ohartarazi du Beatriz Moralek. «Aztarna sinboliko ikaragarria dago festen muinean. Ordena sozialaren isla dira festak, eta gizartearen barruan, aldatzen zailena, oinarri sinbolikoa da». Gipuzkoako Batzar Nagusietako Berdintasun Batzordeak eskatuta enkargatu zuen lan hau Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bertan, ikertzaileek festa modu zabalean aztertu dute, hainbat ikuspegitatik. Errealitatea islatzeaz gain, hainbat gomendio eman dituzte, apurka-apurka, emakumea jaiaren bazter eremuetatik muinera eramateko. Gomendio horiek gida bat egiteko abiapuntua izan daitezkeela uste dute. Hona azterlanaren zertzelada nagusiak:

Gastronomia

Gastronomian, jaiarekin lotutako beste hainbat alorretan bezala, argi eta garbi ikusi dute generoen arteko ezberdintasuna. «Emakumeek festetan sukaldean jarduten dute, batez ere, jakiek izen propiorik ez dutenean; amak egindako jakiak dira, amonak egindakoak». Elkarte gastronomikoen itzala luzea da, eta horietatik at jarduten dute emakumerik gehienek. «Gastronomia lehiaketak-eta egiten direnean, esaterako, egia da askotan ez dutela galarazten emakumeen partaidetza, baina emakumeak, oro har, eremu horietatik oso urrun daude, eta zaila da beraientzat parte hartzea». Ikerketan argi bereizi dituzte sukaldaritza publikoa -«gizonena»- eta etxeko sukaldaritza -«emakumeena»-. Emakumeen lanari «bere balioa emateko» jarduerak sustatzeko eskatu dute.

Jantziak

Janzkera ez da neutroa. «Danborradei dagokienez, argi ikusi dugu hori», dio Beatriz Moralek. Donostiako danborrada aztertu dute bereziki, eta argi ikusi dute andreak eta gizonak parez pare jardutearen alde egin duten danborradek, oro har, sukaldari jantziaren alde egin dutela. «Soldadu eta urketari jantziei uko egin diete». Sinbologia handiko jantziak dira biak, eta «femeninoa eta maskulinoa» zer den erakusten dutenak. Adibide interesgarriak ere ikusi dituzte. «Lezon, esaterako, ikusi dugu, danborradan kantinerak daudela, eta kantineroak ere bai». Rolak apurtzearen aldeko ahaleginak indartzeko deia egin dute ikerketan. «Gizon batek kaldererotan emakumez jantzi nahi badu, jantz dadila, eta emakume batek, ordea, kaldereroz jantzi nahi badu, berdin... Ez zaio garrantzi handirik eman behar. Pertsonaiak dira, ez dugu ahaztu behar hori».

Kultura

«Kultura gehien kontsumitzen dugunak gara emakumeak, baina inoiz gutxitan gara protagonistak; jaietan ere hori bera gertatzen da». Beatriz Moralen arabera, gogoeta eskatu diete jai egitarauak antolatzen dituztenei, eta era batera edo bestera, emakumeen sorkuntzei eta emakume sortzaileei leku egiteko eskatu dute. Bereziki nabarmendu dute jaiei buruz-eta egiten diren hitzaldi eta antzekoetan inoiz gutxitan hartzen dela aintzakotzat genero ikuspegia. «Eta horrek jaien inguruko irakurketak betikoak izatea eta betikotzea dakar». Jaietako bertsolari lehiaketei ere erreparatu diete: «Oso emakume gutxik hartzen dute parte».

Festen antolaketa

«Antolaketan ere arazoak ohikoak dira. Emakume askok ez dute parte hartzen, arlo guztiak bateratzea oso nekeza delako, bilerak, esaterako, 19:00etan izaten direlako». Emakumeentzat egoera zaila islatu du, berriro, Begoña Moralek. Antolakuntzari lotuta, sarri askotan ikusi dute jaiaren antolaketa guneetatik oso urrun daudela emakumeak. Adibide argitzat dute Donostiako kaldereroen jaia. «Donostiako Parte Zaharreko elkarte gastronomikoek antolatzen zuten jaia, leinuen bidez, eta egoera aldatzen ari bada ere, elkarte horietako kide gehienak gizonezkoak dira». Beatriz Moralen arabera, berez, emakumeek ez zuten galarazita jai horretan parte hartzea, baina errealitate horrek, antolaketa talde jakin batzuei hain hertsiki lotuta egoteak, «errealitatean» ateak guztiz ixten zizkien. Aldaketa «barrutik» bultzatzea ezinbestekoa izan zen. «Hainbat gizonek esan behar izan zuten: 'Emakumeek parte hartzea nahi dugu'». Kaldereroen antzeko dinamika hertsiak ikusi dituzte beste hainbat festatan ere: «Antolatzaileek esaten dute: 'Datozela, ez diegu galarazten'. Baina gero, errealitatean, ez dago emakumerik beren inguruan, beren lagun saretik at daude». Ildo horretan, parekidetasunean oinarrituriko «eremu berriak» sortzea erabakigarria iruditzen zaie; erritu berriak ekarriko lituzketen eremuak lirateke, sinbolo berrien -«edo eraberrituen»- abiapuntu. Festa «herrikoien» aldeko mezua zabaldu dute: «Gero eta hierarkikoagoa eta hotsandikoagoa izan jai bat, orduan eta itxiagoa da emakumeentzat»

Musika eta dantza

«Jaietan, musikaren eremua oso maskulinizatuta dago». Horretan ere salbuespenik ez, Moralen arabera. Kontzertuetan, bereziki rock taldeen emanaldietan, emakumezko musikarien partaidetza ezohikoa dela ikusi dute Moralek eta taldekideek: «Ia mirari bat». Alde horretatik, egitarauak egiteko orduan, errealitate horretaz jabetzea garrantzitsua dela nabarmendu dute, eta ahal bada emakumeek ere protagonismoa duten talde eta bakarlarien aldeko hautua egin behar dela. Dantza ere, erritu moduan, aski sustraituta dago festa askotan. Aurresku eta antzekoek garrantzi apartekoa izaten dute. «Eta horietan, askotan, dantza egiten dutenak gizonezkoak dira. Hori oso nabarmena da, batez ere, dantzek autoritatearekin lotura dutenean; agintarien aurrean eta egiten direnean». Tolosako jaietan, esaterako, bordondantzariak aztertu dituzte. «Udalerri batzuetan, hori aldatu behar izan dute gizonezko dantzari gutxirekin geratu direlako», azaldu du Beatriz Moralek. Dantzak-eta moldatzeko orduan etorkizunera begira baliagarri izan daitezkeen keinuak ikusi dituztela dio.

Segurtasuna

«Segurtasun faltaren arazoa areagotu egiten da jaietan». Beste arazo bat, Beatriz Moralen hitzetan. Bortxaketak eta antzekoak nahi baino ugariagoak izaten dira, baina bestelako jazoera «txikiagoei» ere leku egin nahi izan diete ikerketan. «Ipurdia ukitzen dizutela, zurekin sartzen direla...». Jaiak antolatzeko orduan egoera horiek ere aintzakotzat hartu behar direla ohartarazi dute, eta saihestu egin behar direla. «Emakumeok seguru sentitu behar dugu jaietan. Gainerakoan, oso zaila da ondo pasatzea». Indarkeria sexistaren gaia aztertzean egin dituzte elkarrizketetan, elkarrizketatu ia denek «kanpokoak eta etorkinak» aipatzen zituztela ikusi dute. Inoiz gutxitan leporatzen zaizkie herrikoei portaera desegokiak; beti egozten zaizkie ondoko herrikoei, edo etorkinei. Alde horretatik, «xenofobiaren» aurkako diskurtsoak sustatzeko premiaz ohartarazi dute. Alkohola eta drogari ere erreparatu diote; edanda edo drogatuta dauden emakumeak, maiz, «presa errazak» balira bezala ikusten dituztela salatuz.

Kirola

«Ikaragarria da kirolaren arloan gertatzen dena». Emakumeen partaidetza orain urte batzuk baino agerikoagoa da, baina, oro har, urria dela ikusi dute. «Oso eremu maskulinizatua da festetan ere: eta herri kirolen eremua aztertzen badugu, zer esanik ez». Ildo horretan, soilik lehiakorrak diren jarduerak egin beharrean ludikoagoak ere egin beharko liratekeela nabarmendu dute, eta federazio eta kirol elkarteekin batera lan egin beharko litzatekeela.

Kontzientzia

Jaiak antolatzen dituzten eragile eta udal ordezkariekin hitz egitean, generoaren aldetiko kontzientzia falta igarri dute. «Oso adierazgarria izan da, galdetzen genien: 'Emakume askok parte hartzen dute halako edo bestelako ekitalditan?'. Eta inoiz ere ez ziotela erreparatu horri aitortzen ziguten. Oso adierazgarria iruditu zitzaigun, esaterako, Zumaian, San Telmo jaietan arrantzaleei egiten dieten omenaldia. 'Eta emakumeak?', galdetzen genien. 'Itsasoarekin lotutako jarduera ekonomikoekin arrunt lotuta egon dira horiek ere...' Baina ez dituzte omentzen Arrantzaleen Egunean. Eta inortxo ere ez da jabetzen, gainera, horretaz... ». Kontzientzia areagotze horretan, beren azterlanean emandako aholkuen artean agintariei egindakoa dago; baztertzaileak diren ekitaldietan ez parte hartzekoa, hain justu. 

Emakumeei leku egiteko gomendioak

Gipuzkoako jaien inguruan egindako ikerketan oinarrituz egindako gomendio nagusiak honako hauek dira;

Sentsibilizazioa.

Festetan parekidetasuna sustatzeko kanpainak egin behar dira, eta genero ikuspegia sustatu behar da jai egitarauan parte hartzen duten eragileen artean. Agintariek, ildo horretan, ez lukete emakumeak baztertzen dituzten ekitaldietan parte hartu behar.

 

Hezkuntza.

Genero ikuspegian hezi behar dira udal teknikariak eta jaiak antolatzen ibiltzen diren eragileak. Udalerriz udalerri festak genero ikuspegitik aztertu behar dira, eta horren araberako neurriak hartu.

 

Berrikuntza.

Jaietako ohiko tokiak eraberritu behar dira, emakumeei ere leku egiteko horietan. Sinbolo berriak sortu behar dira, emakumeak ere aintzakotzat hartuko dituztenak.

 

Segurtasuna.

Hiri eta herriek seguruak izan behar dute emakumeentzat; arriskutsuak izan daitezkeen lekuak aztertu eta horietan neurriak hartu behar dira. Kanpaina eta ekimenak egin behar dira indarkeria sexistaren kontra.

 

Partaidetza.

Jaietako egitarauetako ekitaldietan, oro har, bereziki sustatu behar da emakumeen partaidetza, beren neurriko ekimenak antolatuz. Kirol jarduerak, musikarekin lotutakoak, gastronomikoak eta kultur ekimenak aipatu dituzte, bereziki, zaindu behar diren alor gisara.

 

Transbersalitatea.

Genero ikuspegia, oro har, jaiekin lotutako alor guztietara eraman behar da.

 

Donostiako piraten jaia, eredugarri

Zenbait festatan keinu interesgarriak ikusi dituzte Gipuzkoako jaiei buruzko ikertzaileek. Ikusi dute, esaterako, neskak eta mutilak elkarrekin aritzen direla Donostiako Aste Nagusian egiten den piraten abordatzean, parekide. «Emakumeen partaidetzaren inguruko oso planteamendu argiak dituzte, eta ahaleginak egiten dituzte horretarako. Bai erabakiak hartzeko orduan, bai partaidetza sustatzeko orduan», ondorioztatu dute. Argi du Begoña Moral antropologoak aparteko ahalegin bat dagoela emaitza horren atzean. «Ez da aski, 'Bai, bai, emakumeei ere uzten diegu', esatea». «Barruko gogoeta lan sakona dago planteamendu horren atzean». Eredugarritzat dute, alde horretatik, festa hori.

 

Bederatzi herritako jaiei gertutik beha

Donostia, Irun, Lezo, Antzuola, Legazpi, Tolosa, Zumaia, Bergara eta Errenteriako jai ekitaldiak ikertu dituzte

A.Iraola.

Donostia

Jai erlijiosoak, profanoak, inauteri girokoak... Hainbat tankeratako jaiak aukeratu zituzten Farapiko ikertzaileek Gipuzkoako jaiei buruzko azterlanerako. Donostiako kaldereroak, Artzain eta Inudeak eta Bidebieta auzoko Txanpontxo jaiak; Irungo kaldereroak, Artzain eta Inudeak, inauteriak eta San Isidro eguna; Legazpiko santakrutzak, Tolosako inauteriak eta sanjoanak, Bergarako Mendekostea, Zumaiko santelmoak, Lezoko danborrada, Antzuolako inauteriak, eta Errenteriako Talo Eguna aztertu zituzten. Batzuk azaletik, besteak sakonago. Hemendik aurrera ere antzeko ikerketak egitea garrantzitsua deritzote.Ikerketan, elkarrizketa sakonak egin zituzten hainbat festatako eragileekin, eta mahai-inguruak ere bai, beste hainbatekin. Denera, 70 lagunen iritzi eta testigantzak batzen ditu lanak, alor askotakoak.

Irun eta Hondarribia

Azterketan, aparteko lekurik ez diote eman Irun eta Hondarribiko alardeen auziari. Margaret Bullen -taldekide dute- antropologoak lehendik ere gaia sakon aztertua duela eta, ez dute gatazka horietan askorik sakondu nahi izan. Mediatikoki hain ezagun diren auzi horiez gain, bestelako jaietan ere genero ikuspegitik aztertzeko moduko aski ezaugarri nabarmenak badirela erakutsi nahi izan dute. Beatriz Moral antropologoak argi du, nolanahi ere, zer dagoen Irun eta Hondarribiko arazoen muinean. «Zenbait gauza onartzeko prest gaude, baina beste batzuk tabua dira; esaterako, erritu baten barruan, agintearekin lotutako talde baten barruan, emakumeek kalea okupatzea eta protagonismoa izatea. Egun, oraindik ere arazoa da».

Protagonismoa, boterea, erabaki ahalmena... Horiek oraindik ere gizonei egozten zaizkiela dio. «Eta gizonek, gainera, beren identitatea emakumeenaren kontra eraikitzen dute». Ikuspegi horren barruan, «apurtzaile» deritzo emakumeek ere gizonen ondoan, parez pare parte hartu nahi izatea. «Askok esaten dute: 'Askoz hobe lukete emakumeek lan baldintza duinen alde jardungo balute!'. Bada, bai, baita horretan ere. Baina argi uzten du alardean parte hartu nahi izatea ere ez dela anekdota bat, zerbait sakona da, bestela ez litzateke tamainako gatazkarik sortuko».

 

Dokumentuaren akzioak