Dokumentuaren akzioak
Albisteak
Nor dabil mahai gainean dantzan?
Baietz taldearen diskaren liburuskan gure arreta piztu zuen argazki bat ikusi genuen. Gizon nagusi bat, mahai baten gainean dantzan ageri da. Arrecifes-eko Loyola eta Etxaniz familiek utzitako argazkia dela jartzen zuen bertan. Argazki horri buruz gehiago jakin nahian jo genuen Baietz musika taldera, eta Noe Fernandez-ek Etxalarko bi anaia musika eta dantzazaleren historia ekarri digu.
Gorka Bravo: Dantza argazkilaria naiz
Gorka Bravo argazkilaria ibilbide oparoa egiten ari da dantzaren munduan. Dantzan espezializatutako argazkilaria da, eta antzematen zaio arte alor honetarako sentsibilitate aparta duela. Azken urteotan egindako lan ederretako batzuk bildu ditu bideo honetan.
Lantzeko zortzikoaren bideo tutorial bat: baina Lantzen ez da horrela egiten, ez?
Leioako Irakale proiektuaren baitan, Lantzeko inauterietako zortzikoa dantzatzen ikasteko bideo tutorial bat argitaratu da Youtuben. Bertan, Haizea Ormaetxea dantzariak Lantzeko zortzikoa nola dantzatu irakasten du. Oso bideo txukuna da, ongi grabatu eta editatua, baina arazo bat dago: Benetan Lantzen horrela dantzatzen dute zortzikoa?
Euskal dantzarako egokitutako dantza klasiko ikastaroa Igor Yebraren eskutik
Euskal dantzara egokitutako dantza klasiko ikastaroa eskainiko du Igor Yebrak larunbat honetan Urnietako Saroben. Aukeran dantza konpainiak antolatu duen ikastaroa ume eta gaztetxoekin arituko da Yebra goiz partean, eta euskal dantza tradizionaleko helduei begirako saioa eskainiko du arratsaldean.
Bukatu dira oilasko jokoak Amasan
Villabonako Amasa auzoan, San Martin jaietan oilasko-biltzea, oilasko-jokoa eta soka-dantza egin izan dute luzaroan gazteek. Oilasko-jokoan animaliei tratu txarra ematen zitzaiela salatu zuen elkarte batek, eta ondorioz, aurten oilaskoen ordez arrautzak batu dituzte Amasako gazteek, eta ez da oilasko jokorik izan. Soka-dantza ez da falta izan ordea.
Eguren orkestra, erromeriaren arrastoan
Bere doinuak dantzatzen dituzten dantzariekin batera zahartu dira Eguren orkestrako musikariak. Euskal Herria erromeriaz erromeria korritu zuten musikariak, jubilatuen dantzaldiak girotzen aurkitu dute azken gordelekua. 1963an Usartzako (Eibar) erromerian, hamazazpi soinu jotzaile elkartu zirela gogoratzen du Enrike Eguren-ek. Eta bakoitzaren inguruan dantzari korroa. Adibidez, Aiastiako (Elgoibar) erromerian mila lagun dantzan jartzera iristen ziren.
Company XIV, Barrokoko dantza gaurkotu eta erotikoa
New York-en, Brooklyn-en sortutako dantza-antzerki konpainia da Company XIV. Austin McCormick-ek zuzentzen duen konpainiak zuzeneko emanaldiak eta bideo-bidezko dantzaldiak uztartzen ditu. Barrokoan inspiratutako lan garaikideak plazaratzen ditu.
Dantza tradizionaleko monitore ikastaroa BDBren eskutik
Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak Dantza tradizionaleko monitore ikastaroa abiatu zuen urrian. Bertan 5 eta 12 urte arteko ikasleei dantza tradizionaleko klaseak emateko behar diren tekniketan gaitu nahi dira monitoreak.
Malandain Ballet Biarritz-en entsegu publikoa Errenterian
Malandain Ballet Biarritzeko dantza konpainia beste behin ere Errenteriara dator beraien azken lana erakusteko asmoz, eta horretarako entsegu publiko bat eskainiko du. Oraingo honetan, Donostian azaroaren 24 eta 25ean estreinatuko duten "Une dernière chanson" lanaren zatitxo bat erakustera etorriko zaigu.
Euskal baserritar jantzien erakusketa Ostadar Dantza Taldearen eskutik
Azaroaren 23 (ostirala), 24 (larunbata) eta 27rako (asteartea), euskal baserritar jantzien erakusketa bat antolatu du Beasaingo Ostadar Dantza Taldeak, Udalaren laguntzarekin Igartza jauregiaren ondoko errotan.
Dokumentuaren akzioak


