Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Eguren orkestra, erromeriaren arrastoan

Dokumentuaren akzioak

Eguren orkestra, erromeriaren arrastoan

2012/11/16 12:20

Elgoibarko Barren astekarian erreportajea egin diote aurtengo festetan Eguren Orkestrari eta kontu interesgarriak bildu dituzte. Gelatxo soinu-jolearen taldekideak ziren Eguren orkestrako kideak. Pedro Sodupe Gelatxo Elgoibarko soinujotzaile ezaguna izan zen, erromeriako musikagintza aro bat markatu zuen musikaria. Harekin jardun zuen urte askotan Enrike Egurenek saxofoiarekin. Gelatxok plazak utzi zituenean sortu zen Eguren Orkestra, eta Enrike Egurenekin batera Jose Perez Cortes bateria jotzailea eta Angel Perez Sarasketa soinu-jotzailea aritzen dira taldean.

Dantzarako piezak

400 piezatik gorako errepertorio du Eguren Orkestrak: Habanerak, zortzikoak, tangoak, balsak, kunbiak, merengeak, guajirak, pasodobleak, cha-cha-cha eta saltsak... Dantzarako piezak beti, nahiz eta plazan jende dantza jartzea gero eta zailagoa dela aitortzen duten. Orain, jubilatuen egoitzetan dantzariak elkarren gainean, tokirik hartu ezinda ibiltzen omen dira. Ohiko errepertorio batetik, eta modako kantei irekita beti. Adibidez, azken aldian, lehen astindua eman eta jendea dantzan jartzeko erabiltzen duten piezetako bat: Michel Teloren Ai se eu te pego.

Nekazal giroko herri txikiak izan dira luzaroan Gelatxo eta Eguren taldeen erromeria plaza kuttunak: Etxarri-Aranatz, Amezketa, Lastur, Arrua... Beraien aurrean zenbat bikote sortu ote ziren. Egurenek pasadizo polita kontatzen du erreportajean: "Joan nintzen Azpeitira garajera, eta zein nintzen ikusi ninduenean, ez zidala kobratuko ez zidan esan ba! Ez nuela ordaindu beharrik, emaztea eta biak gure erromeria batean ezagutu zutelako elkar!”. Gaur egun ere, bikoteak sortzen omen dira jubilatuen dantzaldietan. Bideoan ikus daitekeen dantzaldia jubilatuen bazkaloste bateko erromeria da, Arraten (Eibar).

Erromerietako oroitzapenak

John Fitzgerald Kennedy hil zuten egunean Usartzako erromerian ari zirela gogoratzen du Egurenek. 1963ko azaroaren 22a zen, Santa Zezilia eguna, eta Usartzako (Eibar) erromerian hamazazpi soinu jotzaile elkartu ziren. Bakoitzaren inguruan dantzari kuadrila bat eta kobratzailea gizonezkoei dantza bakoitza kobratzen. Kobratzaile batek emandako datua da garai hartan, Aiastia (Elgoibar) auzoko erromerian mila lagun aritu zirela dantzan.

Dokumentuaren akzioak

2012/11/17 11:53
Hau bai politte. Dantzari eta musikari gehienak umetan hasten gara eta gure bizi guztirako gea dantzari eta musikari. DANTZAN BIZI NAHI DUT!!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.