Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Soinu handiko trikitilariaren azken pieza

Dokumentuaren akzioak

Soinu handiko trikitilariaren azken pieza

Pedro Sodupe 'Gelatxo' hil da, 78 urte zituela; zubi lana egin zuen soinu handiarekin trikiti doinuak zabalduz

Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2007/01/30

Pako Aristik idatzitako Gelatxo, soinuaren bidai luzea (2003) biografia liburuko pasarte bat da, Martin (Martin Aginalde) trikitilariak kontatutakoa. Soinu handiarekin trikitixa egin zuen Pedro Sodupe Gelatxo-k (Elgoibar, 1928). Aitarengandik eta beste trikitilariengandik jasotako piezekin nahiz berak sorturikoekin, errepertorio zabalaren jabe egin, eta bakarka nahiz jazbanarekin ezin konta ahala erromeria eta emanalditan barreiatu zuen, bidenabar, bi belaunaldien arteko zubi lana eginez. Azken urteetan pattal antzean zebilen, bihotzekoak bi aldiz jo zuenez geroztik. Atzo goizaldean zendu zen, Mendaroko ospitalean, 78 urte zituela. Gaur izango da hileta elizkizuna Elgoibarko San Bartolome parrokian, 19:00etan.

SOINUJOLEAREN SEMEA.

Familiatik zetorkion musikarekiko zaletasuna. Manuel Sodupe Gelatxo (1888-1953) zuen aita; soinu jotzaile profesionala izan zen hura, 36ko gerra aurreko garrantzitsuenetakoa. Ama, Juliana Esnaola, pandero jotzailea izan zuen gainera.

Hamar urte zituenerako panderoa jotzen zuen Gelatxo gazteak -Elgoibarko San Lorentzo auzoko Agarre baserrian jaio zen, 1928ko otsailaren 22an-. Bere kasa ikasi zuen eta aitari laguntzen zion. Hamabi urterekin Elgetarekin panderoa jo zuen Azkoitiko (Gipuzkoa) Madariaga auzoan. Garai berean musika eta tronpeta ikasketak hasi zituen, soinu jotzailea zuen anaia zaharrari laguntzeko asmoz. Tronpetari putz egiteaz aspertu eta botoizko soinua (kromatikoa) ikasten hasi zen anaiarekin, 16 urterekin.

Botoizko soinutik pianozko soinura (tekladuna) igaro zen 19 urterekin. Pianozko soinu handiarekin egin zen ezagun. Lehen urteetan, 1945etik 1960ra bitartean-edo, Elgoibar eta inguruetako auzuneak izan zituen kutunenak: San Lorentzo, San Migel, San Pedro, Kurutzeta, Iruzubieta, Endoia... Haatik, Gipuzkoa eta Bizkaia osoan -batez ere- aritu zen, batetik bestera. Ia 40 urtetan segidan jo zuen Amezketan, Aiako Santiago Erreka auzoan edo Debako Lasturren, esaterako.

GELATXO ETA JAZBANA.

Hasieran, gehienbat bakarrik ibili bazen ere, gero hirukote moduan ere ibilbide luzea egin zuen: soinu handia, saxofoia eta bateria; hots, jazbanaren formazio ohikoena. Gelatxorena izan zen geroztik jazban talde garrantzitsuenetakoa. Musikari asko igaro ziren Gelatxoren jazbanetik -Arturo Zuloaga Txokolo, Jose Antonio Osoro Katxo, Francisco Clemente Bores, Manuel Arruabarrena, Roberto eta Luxiano Garate, Jose Perez Cortes, Pedro Zapateroa, Antonio Viñaras, Ricardo Gorriti, Jose Makazaga Ziolar ....- , baina talde ohikoena Santi Mendoza (bateria) eta Enrike Egurenekin (saxofoia) osatu zuen: «Sasoi batean, herririk-herri eta ezkontzatik-ezkontzara ibiltzen ginen. Urte berean 100 emanalditik gora ematen genituen. Zenbat bazter ezagutu ote ditugun elkarrekin», gogoratu du Eguren elgoibartarrak. Egun 79 urte ditu Egurenek; ahots dardaratiz eta hunkimenez gogoratzen du, urtetan kide, lagun eta bizilagun ere izan zuena: «Erraztasun handiko soinujolea zen. Gainera, berak bere piezak ere konposatzen zituen. Denetarikoak jotzen zituen, baina nahiago izaten zuen dantzatzeko piezak jo. Esaten zuen bestelako piezak baino gehiago estimatzen zituela jendeak sueltoa, baltsak, tangoak... Artista handi bat zen. Musikarako jaio zen».

Nahiz eta soinu handia jo, trikitia barru-barruan zuen Gelatxok; aitaren herentziagatik batetik, eta dantzaria izan zelako bestetik. Umetatik ikasi zuen dantza sueltoa eta hainbat lehiaketatan ere parte hartu zuen. 12 urte zituela egin zuen jendaurreko lehen agerraldia, San Lorentzon bertan, Anjela Badiola bikotekide zuela. Hamaikatxo sari irabazi zuen dantzan: «Dantzari fina izan zen», nabarmendu du Egurenek.

Dantzariak beti zituen gogoan eta hori nabari zen bere doinuetan, bere errepertorioan. Pako Aristik Gelatxoren biografia liburuan dionez, «Gelatxo gazteak soinu handia hartu zuen, baina bere jotzeko era, haren piezek zeuzkaten melodia eta aldaketak, soinu txikirako egokiak ziren, eta soinu handiarekin jotako doinua bete-betean ezartzen zen soinu txikiaren aukeretara».

Aitaren trikiti errepertorioa jaso eta transmititzeaz gain, bere-bereak ziren konposizioak ere baliatu zituzten hainbat trikitilarik; Lajaren edo Martinen diskoetan ageri diren zenbait pieza Gelatxorenak dira.

Iñaki Garmendia Lajak (Azkoitia, 1944) 14 urte zituela ezagutu zuen Gelatxo: «Oso hirukote polita osatzen zuten jazbanarekin. Guri asko gustatzen zitzaigun beraien musika eta atzetik ibiltzen ginen». Erromerietarako soinu handiarekin zegoen «onena» zela uste du Lajak: «Denetik jotzen zuen: trikitixak, porrusaldak, fandangoak, arin-arinak... Horietako asko berak ateratakoak ziren, eta beti pieza berrien atzetik ibiltzen zen. Oso moderno zalea zen. Denak gorde eta erabiltzen zituen, berriak eta zaharrak».

Lajak soinujole kutuna zuen Gelatxo: «Ukitu egiten ninduten haren piezek. Beti esaten nuen edozein orkestra baino nahiago nuela Gelatxo. Barrenera iristen zitzaidan».

Jendeak zer nahi izaten zuen azkar antzematen zuela nabarmendu du Lajak: «Esperientzia handia zeukan. Leku askotan jo izan zuen, eta bazekien non zer eskaini. Gainera edozer jotzeko gauza zen. Eta gustukoak zituen plazetara, Santiago errekara esaterako, beti joaten zen pieza berriren batekin. Zaintzen zituen bere jarraitzaileak. Oso gizon zuzena zen». Gelatxok eta haren garaikideek egindako «lan izugarria» aitortu egin behar dela dio Lajak: «Oso gaztetan hasi ziren eta gelditu gabe ibiltzen ziren. Zenbat aldiz egin zuten ezkontza batean jo eta segi erromeriara, beste nonbaitera. Sekulako arrakasta izaten zuten».

ERREPERTORIO SORTZAILE.

 Aitarengandik pieza asko jaso zituen Gelatxok -aita ez zen izan alferrik, Elgetarekin batera, lehen trikiti irakasleetako bat- , baina belarriak zabalik izan zituen beste iturri batzuetara ere. Bandetatik eta txistulariengandik zetorren errepertorio zabala soinuratzen aurrena izan zen. Garai horretan soinu txikia jotzen zutenek ez zuten musika ikasketarik izaten, eta Gelatxo ezinbesteko zubi bihurtu zen pieza horiek ezagutarazteko. Ez hori bakarrik; berak ere pieza asko sortu zituen. Iker Goenaga trikitilariaren arabera «konpositore handi» bat izan da Gelatxo: «Dantzarako arin-arin, fandango, kalejirak... kantu asko sortu ditu, eta berak sortutako pieza asko jo dituzte Lajak, Martinek, Epeldek... Kantu sortzaile handi bat izan da».

Goenagaren ustez, nahiz eta soinu handia jo, «trikitilaria» zen Gelatxo: «Musika herrikoia jotzen zuen; trikitia deitzen zaion hori jotzen zuen. Berak beti esan izan du trikitilaria zela. Erromeria mundu horretan mugitzen zen». Gelatxo bera kexu zen azken urteetan erromeria giroa galtzen ari dela-eta: «Lehen izugarrizko erromeriak egiten ziren, soinua jotzen hasi orduko hasten zen jendea dantzan, orain ez, ordea».

Bere ibilbideak izan zuen onespenaren erakusgarri dira bizi artean jaso zituen bost omenaldiak: Lasturren, Amezketan, Santiago errekan, San Lorentzo bailaran -bere auzoa-, eta Elgoibarren. 1998ko uztailaren 5ean omenaldi erraldoia egin zioten Elgoibarren eta Urrezko Domina eskaini zion Udalak.

############

«Esperientzia handia zeukan; leku askotan jo zuen eta bazekien non zer eskaini»

Iñaki Garmendia Laja

trikitilaria

«Urtean ehun emanalditik gora ematen genituen; zenbat bazter ezagutu ditugun elkarrekin!»

Enrike Eguren

Gelatxoren jazbaneko kidea

«Trikitilaria zen; herri musika jotzen zuen, trikitia esaten zaion hori jotzen zuen»

Iker Goenaga

trikitilaria

Dokumentuaren akzioak