Dokumentuaren akzioak
«Zatarkeriak kantatu eta txanponak bota ohi zizkidaten mantalera»
Juliana Zubizarreta, Pandero-jotzailea
- Zenbat urte dituzu?
Otsailaren 22an bete nituen 91 urte eta sekulako festa antolatu genuen. Kataolatza trikitilaria ekarri genuen etxera eta gaueko ordu biak arte jardun nuen panderoa jotzen
- Noiz eta nola hasi zinen panderoa jotzen?
Hamasei urterekin amak pandero berria erosi zidan abarka-josten aritzen nintzelako eta orduan hasi nintzen erromerietara joaten. Ez ziguten uzten, baina joan egiten ginen. Trikitilariak izaten ziren oholtza gainera deitzen nindutenak. Nik, askotan, nahiago izaten nuen dantzan jarraitu, baina jendeak estimatu egiten zuen panderoa jotzea eta igo egin behar izaten nuen.
- Zer irabazten zuen pandero-jotzaileak sasoi horretan?
Antolatzaileek txapela pasatu eta biltzen zen dirua soinu-jotzailearentzat izaten zen. Eta, noski, soinu-jotzaileak bakarrik ibiltzen ziren garai hartan. Nik, jendearen gustua egiteko, «zatarkeria» batzuk kantatzen nituen eta jendeak txalo jo eta txanponak botatzen zizkidan mantalera. Hori zen gure irabazia.
- Zer dira «zatarkeria» horiek?
Kopla berdeak ziren gehienbat, neuk asmatuak. Nik oso lotsa gutxi izan dut beti, lehen gutxi eta orain batere ez.
- Kantatuko al zenituzke kopla horietakoren batzuk?
Ez naiz gogoratzen eta gogoratuko banintz ere, gaur ez lukete kopla horiek graziarik, hor ikusten direnak ikusita (behatzarekin telebistaren pantaila seinalatu zuen).
- Zein trikitilarirekin ibiltzea tokatu zaizu?
Garaiko trikitilari ezagun gehienekin. Kataolatzarekin ibili naiz asko, Madariagako Gregoriorekin, Lajarekin ere bai, Sakabirekin, Mendaroko Ospasekin (Bitoriano), Txikito Mendarorekin, Gelatxo Manulekin eta bere semearekin ere bai, Pedrorekin, 30 bat ezkontzatan izanda nago.
- Ezkonduta gero ere segitu al zenuen jotzen eta kantuan?
Bai, noski. Hamasei urterekin hasi ginen elkarrekin senarra Iznago zena eta biok. Handik bost bat urtera ezkondu ginen, nik 21 urte nituenean. Geroztik ere panderoarekin segitu nuen. Ezkontzatara, esate baterako, senarra ere etorri ohi zen.
- Zer esan nahi duzu, ez duzula gero zure senarra izango zena beste senargairik ezagutu?
Lau igandetan bakarrik ibili nintzen beste mutil batekin haserrealdi baten ondoren. Inoiz ez direla haserretu esaten dutenak gezurretan ari dira. Lau iganderen ondoren berriro lehengora itzultzea erabaki nuen. Ezkondu eta 50 urte pasa egin genituen elkarrekin. Umeak etxean uzten genituen senarraren amarekin. Urrezko ezteiak 81an ospatu genituen Arraten.
- Zenbat ordu egiten zenituzten oholtza gainean?
Udan arratsaldeko seiak aldean hasi eta inularrean bukatzen zen, oinez etxera abiatzeko. Neguan lehentxego hasten ginen. Inguruetako erromerietara joan-etorria oinez egiten zen orduan. Itzulerak senargaiarekin egiten genituen askotan eta oso une gozoak izaten ziren.
- Inork jarraitu al du familian zure biderik?
Etxean sei seme eta alaba izan ditut, baina ez du inork afiziorik ekarri. Zaharrenak, Ramonek, muxugitarra poliki jotzen zuen, ahoko soinua alegia, baina utzi egin zuen. Iloba batek bai, jotzen du panderoa, Aitziber Larrañagak. Gure etxean denok dugu afizio pixka bat. Hamaika ginen. Bost neska eta sei mutil eta guztiek jotzen genuen zerbait. Hiru ahizpa ginen panderoa jotzen genuenak, Martzelina, Patxika eta ni. Denok genuen etxean halako aire bat. Martzelinak eta biok behin Mañu Unzuetarekin joak gara. Bakoitzak bere gisara ikasi zuen, inork erakutsi gabe, neuk kantatu eta neuk panderoa jo. Hogeita bat urte nituenean, senarrak irratia eman zidan opari eta orduan hasi nintzen soinua irratian entzun eta panderoa jotzen.
- Zein dira pandero-jotzaile on baten dohainak?
Nire dohain nagusia alaitasuna izan dela uste dut. Soinuaren pare-parean joan behar da eta barruan duzun dantzarako gogoa adierazi behar da eskuen eta erritmoaren bidez. Nik oraindik badut dantzarako gogoa, baina hemen bakarrik (burua seinalatu zuen), bestela nagitu xamarrik nabilela aitortu behar dut.
- Zer bizimodu daramazu?
Goizean bederatziak aldera jaiki eta etxeko lanak egiten ditut eta otordua prestatu. Arratsaldean jai ematen didate. Errainak etortzen dira maiz.
- Askotan egon al zara gaixo?
Desgastea daukat eta nekatu egiten naiz asko ibiliz gero. Ebakuntzaren bat edo beste izan dut, baina ez naiz gaixo egon. Ahizpa bat 100 urte betetzeko hilabete eta erdi falta zitzaiola hil zen. Haren marka ondu eta urte batzuk gehiago bizitzeko esperantza dut.
- Omenaldien sasoira aspaldi iritsiko zinen?
Bizpahiru eginak dizkidate. Arraten lehena, Ezkerretegi jatetxean gero eta Elgoibarren.
- Sarri biltzen al zarete etxe honetan?
Larunbatero izaten da hemen jende asko eta Eguberri eta Urte Zaharretan hogeita bosten bat lagun bildu ohi gara.
Dokumentuaren akzioak