Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erromeria, antzinako usadioetan oinarrituta

Dokumentuaren akzioak

Erromeria, antzinako usadioetan oinarrituta

Urteetan mamitu ondoren, Iremiñe dantza taldeak bihar antolatu du

Egilea
Jaiona Berraondo
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Berriz
Mota
Albistea
Data
2001/06/29

Erromeria markesaren lorategiaren aurrealdetik irtengo da 18:00etan, lehen kotxerak zeuden tokitik. Kalejiran eta txistu eta danbolinaren doinuekin Elizondoraino igoko da, Abeletxe auzotik pasa eta Iremiñe zelairaino. Han Gelatxo taldearekin erromeria egingo dute.



Trikitixaz gain, valsak, tangoak eta antzerako doinuak dantzatu ahal izango dira. Handik, berriz ere, erromeri zaleak Elizondoko plazara jaitsiko dira, eta 21:00ak aldera Ikastolako pilotalekuen afari merienda eta Gelatxo taldearen emanaldia izango dira.



Lehengo erromerietan, Narbaizaren esanetan, «ez zen egun bezala koadrilan dantzatzen, bikoteka baizik, berdin valsa zein trikitixa bat». Eta larunbatean, ahal dela, usadioak jarraitzen saiatuko dira.



Janzkerak ere ez zuen egungoarekin zerikusirik. Horregatik, ahal izanez gero, antzinako erromerietan izaten zen janzkerarekin joatea eskatu dute antolatzaileek: mutilek, marradun praka ilunak, alkandora zuria, txalekoa, txapela, galtzerdi beltzak eta abarketa zuriak; neskek, berriz, gona eta alkandora edo soinekoa. Amantala eta ilean zapia ere ezinbestekoak izaten ziren.



31 urteko historia



Lehengo jantzirik eduki ezean, praka edo gona urdina eta kamiseta zuria janzteko proposatu dute. «Antzinako erropak izatea zaila da, horregatik, denok antzera jantzita joateko, arrantzale itxuran janztea proposatu dugu», azaldu du Narbaizak.



Iremiñe taldekoek ikastaroa ere antolatu dute jaien aurretik. «Jendeak euskal dantzak eta bestelakoak ere ondo dantzatzen ez zekitela eta ikastarotxo bat egiteko eskatu ziguten. Uste baino askoz jende gehiago batu zen», dio Narbaizak.



Duela 31 urte jaio zen Iremiñe. Roberto Maiztegi, Rafael Albizuri eta Miguel Albizuri berriztarrak izan ziren sortzaileak eta beronen lehen dantzariak. Garai hartan, egun San Pedro bezperan dantzariek Elizondoko plazan egiten duten entsegua Iremiñe zelaian egiten zuten. Horregatik jarri zioten izen hori taldeari. Hirurek gazte talde bati dantzan erakutsi eta horrela osatu zuten lehen taldea. Orduan Valentin Lasuen eta Maribi Urutxurtu ziren taldearen txistulariak.



Lehen talde horretako kideek eurak zekizkiten dantzak erakutsi egin behar zituztela pentsatu zuten, eta herritarrei deialdia egin zioten. Ordutik taldea asko hazi da, eta egun ehun lagunetik gora osatzen dute, 35 heldu inguru eta 80 haur baino gehiago.

Dokumentuaren akzioak