Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gelatxo, erromeriaren teklak jo zituen gizona

Dokumentuaren akzioak

Gelatxo, erromeriaren teklak jo zituen gizona

'Gelatxo, soinuaren bidaia luzea' liburuaren egilea

Egilea
Pako Aristi
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2007/01/31

Pedro Sodupe Gelatxo zen hirukoteko liderra; eta laguntzaileak, aldika beste batzuk ibili ziren arren, Enrike Eguren saxoan eta Jose Makazaga Ziolar baterian. Berak jazbana esango lioke. Gelatxoren bitartez ni jaio aurreko Euskal Herria hobeto uler nezakeela iruditu zitzaidan. Beraz, irakurleentzat edergarri eta neuretzat aberasgarri izan zitekeen lan bati ekin nion.

Gazteek euren festa gosea erromerian asetzen zuten garaikoa zen Gelatxo. 1945. urte inguruan hasi zen jotzen, hamazazpi urterekin, eta 2000. urtean utzi zion, osasun arazoak zirela medio. «Bestela, ondo egon balitz segituko zion horrek», esaten zuen Maria Mendikute bere emazteak.

Soinujole ona zen, kultua, solfeoa zekiena, pieza den bezala jotzen duten horietakoa. Trikitilariak oso errepertorio urriarekin ibili ohi ziren garaian, erromerietan piezak errepikatuz, Gelatxo bat bera ere errepikatu gabe jardun zitekeen hiru orduko saioan. Urtean 140 erromeria inguru jotzen zituen.

Haren oparotasunak hiru iturri zituen: batetik, bere aitari ikasi zizkion piezak, Bizkaiko eta Aragoi inguruko jota, porrusalda, pasakalle eta abarrak; bestetik, harpidetzaz etxean jasotzen zituen Canciones del sur eta Musicas del sur aldizkari musikaletan ikasten zituen txotisak, boleroak, kunbiak, pasodobleak eta abar; eta hirugarrenik, berak konposatzen zituenak.

Inoiz ez zuen disko bat grabatu, inoiz ez zuen SGAEn bere pieza baten izenik eman, eta herrikoitzat daude bere pieza asko eta asko. Berak esaten zuen: «Ia egunero entzuten dut irratian nire piezaren bat», askotan hura jotzen zuten trikitilariek eurena bezala agertzen zutena.

Zarata handirik aterako ez zuen artista handia izan zen. Ez zuen zurrutik egiten, eta behin farias bat erre eta mareatu zenetik ez zuen erretzen. Gainera, erromeria jo eta gero, lanerako jaikitzen zen goiz hartan bertan. Alde horretatik, soinuaren proletarioa izan zela esan daiteke.

Trikitilarientzat zubi lana egin zuen musika konplexuagoak erromeritartuz, eta festagose ziren gazte haien oinek ulertzen zuten hizkuntza bakarra hitz egiten jakin zuten haren hatzek soinu handi baten teklen gainean.

Dokumentuaren akzioak