Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bukatu dira oilasko jokoak Amasan

Dokumentuaren akzioak

Bukatu dira oilasko jokoak Amasan

2012/11/19 10:06
Villabonako Amasa auzoan, San Martin jaietan oilasko-biltzea, oilasko-jokoa eta soka-dantza egin izan dute luzaroan gazteek. Oilasko-jokoan animaliei tratu txarra ematen zitzaiela salatu zuen elkarte batek, eta ondorioz, aurten oilaskoen ordez arrautzak batu dituzte Amasako gazteek, eta ez da oilasko jokorik izan. Soka-dantza ez da falta izan ordea.

Villabona-Aiztondoko Hitzak kontatu duenez, Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkarteak, ATEAk, Amasa-Villabonako alkateari gutun bat bidali dio Amasako jaietako Oilasko Jokoa debekatzeko eskatuz. ATEAren ustez, jaietako ekitaldia «basakeria» bat da, eta ekintza «egoista da, kriminala izateaz gain». Aurten, hortaz, baserriz baserri oilaskoak bildu ordez, arrautzak jaso dituzte.

Oilasko-jokoa aspaldiko ohitura izan da hainbat festatan, eta Amasan San Martin jaien inguruan ospatu izan dute gazteek luzaroan. Goizean goiz hasita gazteek baserriz baserri oilasko biltzeko erronda egiten zuten. Baserri bakoitzean dantza apur bat egin eta oilasko batzuk jasotzen zituzten. Arratsaldean, Amasako plazan egiten zuten oilasko jokoa. Lurrean horretarako propioa prestatuta dagoen zulo batean sartzen da oilaskoa eta egurrezko kutxa batekin estaltzen da, burua zulotik aterata. Ondorioz, oilaskoa lur-azpian geratzen da eta lepoa eta burua ditu soilik kanpoan. Plazaren beste muturrean dantzariak aurpegia estaltzen du zapi batekin.

Amasa oilasko jokoa 2005

Ezpata bat eskuan duela iriarena doinua jotzen hasten da txistularia. Doinu hori dantzatuz hurbiltzen zaio dantzaria oilaskoari. Bere ondora iritsitakoan, ezpatarekin lepoa mozten dio oilaskoari. Oilasko guztiekin jokoa errepikatu ondoren soka-dantza edo aurreskua dantzatzen dute herriko gazteek.

ATEArena salaketaren ondorioz, aurten ez da oilaskorik bildu baserrietan, eta horren ordez arrautzak batu dituzte, beste zenbait kuestazio errondatan egiten den moduan. Beraz, oilasko jokorik ere ez da izan, baina bai soka-dantza, Villabona-Aiztondoko Hitzak jaso duen bideoak erakusten duen moduan.

Dokumentuaren akzioak

2012/11/19 10:17
Neuk ere uste dut animaliei tratu txarrak egiten zaizkiela festa batzuetan eta horiek ez direla baimendu behar, baina oilasko jokoaren kontu honekin zalantza handiak ditut. Egunero milaka oilasko hiltzen ditugu baserri eta granjetan oilasko-jokoan egiten den modu bertsu edo krudelagoetan, baina ezkutuan egiten denez ez da ezer pasatzen. Oilaskoak plaza agerian hiltzea tratu txarra da? Ez dakit, baina hori tratu txarra bada, jateko hiltzen ditugun animalia guztiei tratu txarrak eragiten dizkiegu.

Nik pena hartu dut Amasako oilasko jokoa bukatu dela jakinda. Arrautzekin segitzea beste erremediorik ez badute, gutxienez arrautz-joko bat ere asmatu beharko lukete iriarena doinuarekin!
2012/11/20 14:11
Tratu txarren auzia alde batera utzita, zurekin bat: ordezko joko bat egin beharko litzateke. Tradizioen gaurkotze kontu honetan, ez da soluziobide onena egiteari uztea. Tradizioaren zati batzuk egokiak ez badira, egokitzen jakin dezagun, egokitze hau bera ere tradiziotzat ulertu behar baita.
2012/11/20 14:21
Holako zerbait ez legoke gaizki http://www.youtube.com/embed/Cvhe9fT79Ts :-)
2012/11/20 14:41
Jakin dudanez, aurtengo arrautza-biltzea arrautza guda batean amaitu da, baina, alternatiba/joko berri bat sortzea ez litzateke aukera txarra.

Neroni ere oilasko-jokoak alde batera uzteak pena ematen dit, baina, adunatar baten batek esan dit lepoa modu kaxkarrean mozten zutela, bortitzagoa zela dena. Nik zoritxarrez ez dut jolasa bertatik bertara ezagutu, baina, nola neurtzen da animaliek jasaten duten tratu txarra?
2012/11/20 15:34
Oso ona Aritz! Amasan dagoeneko iriarena eta arrautzak dituzte, bakarrik biak elkartzea falta zaie!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.