Dokumentuaren akzioak
Albisteak
Asteburu honetan Santibate, hilabete barru Libertimendua
Donibane Garaziko inauteri zikloa abiatuko da gaur, Antton Lukuk Libertimenduaz eskainiko duen hitzaldiarekin. Santibate ospatuko dute asteburuan, eta hilabete barru, marxoko lehen asteburuan, Libertimendua bera plazaratuko du Garaztarrak dantza taldeak. Hona egitaraua:
Dantza Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarra aldizkarian
Berrogei eta bost urteko ibilbidean dantzarekin zerikusia duten hainbat lan interesgarri argitaratu dira Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarra aldizkarian, eta horiek zerrendatu eta pdf formatuan eskura jarri ditugu sarrera honetan. Unai Martiartu Tapiz-ek 1998an egindako hustuketa lanetik abiatu gara horretarako, hura osatuz eta Cesar Borgia dokumentazio zentroak aldizkari osoa digitalizatu eta sareratzean eskura jarri digun altxorra baliatuz.
Arin-arin urtekarian 2013ko jardueren berri eman du Udaberri dantza taldeak
"Etorkizunarekin amestuz" izenburua jarri dio Udaberri dantza taldeak Arin-Arin aldizkariari. Orain 20 urte sortu zen Arin-Arin aldizkaria, eta Tolosaldeko dantzari eta musikari belaunaldi berriak gogotsu heldu dio berriz taldearen gora-beheren berri ematen duen aldizkaria osatzeari.
Aiara dantza taldeak 30. urteurrena ospatuko du 2014an
Aiara dantza taldearen historia kontatzen duen argazki erakusketa batekin abiatuko du Aiaraldeko dantza taldeak taldearen sorreraren 30. urteurrena. Amurrioko "La Casonan" (liburutegia) izango da ikusgai argazki erakusketa, urtarrilaren 31tik otsailaren 28a arte.
Abian da Dantza Plazetan 2014 Bilbon
Bilboko Udalak, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra eta Bilboko dantza taldeen artean antolatuta, Dantza Plazetan 2014 egitarauak, 50 dantza emanaldi eta erromeria eskainiko ditu Bilbon. Bihotz Alai, Mikeldi, Goiko Alde, Ondalan, Salbatzaile, Gaztedi, Beti Jai Alai eta Ibai Arte dantza taldeak, eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra bera arduratuko dira erromeria eta dantza saioak eskaintzeaz. Hona Dantza Plazetan Bilbon 2014 egitarau osoa:
Aitor Arrieta, Espainiako Dantza Konpainian ari den dantzari errenteriarra
2013ko irailean CND edo Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean sartu da Aitor Arrieta dantzari errenteriarra. Jon Maya eta Maite Egiguren-ekin ikasten aritu ondoren, Donostian Thalia akademian jarraitu zuen prestatzen, Ereintza dantza taldean eta aurresku eta dantza solte txapelketetan aritzen zen bitartean. Madrilen, konserbatorioan ikasten ari zen, baina ikasketak bukatu aurretik hartu dute Jose Carlos Martinez-ek gidatzen duen konpainian. Abenduan Donostian aritu da dantza CNDkin.
Dantza Eskolara eta Eskolak Dantzara, DantzaBiz-en ekimenak
Dagoeneko hilabete batzuk zeramatzan lanean, baina egunotan egin da DantzaBiz, Bizkaiko Dantza Etxearen aurkezpen formala. Lehen hilabete hauetan antolatutako ikastaro eta ekimenez gain, "Eskolak Dantzara" eta "Eskolara Dantza" programen berri eman dute aurkezpen honetan. Umeak dantzaren mundura hurbiltzea da bi programa hauen helburua.
Geltokia lan berria estreinatuko du Aukeranek martxoaren 13an
Lan berriaren prestaketa lanetan dabil Aukeran dantza konpainia. Geltokia izeneko ikuskizuna Donostian, Victoria Eugenia antzokian estreinatuko da martxoaren 13an. Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean, Enrique Santiago arduratzen ari da eszenaratzeaz eta Xabi Zeberiok dihardu musika prestatzen.
Hemen dira 2014ko lehen inauteriak!
Nafarroan hainbat herritan urtarrilean ospatzen dira inauteriak, eta horrela, Elgorriaga, Eratsune eta Aniz-en asteburu honetan ospatuko dituzte, eta hurrengo asteburuan Leitzan, Berroetan eta Sunbillan izango dira festak. Urtarrileko azken asteburuan ospatzen dira baita ere Ituren eta Zubietako inauteriak. Beraz, joaldun eta mozorroen egun handiak, astelehen eta asteartean, urtarrilaren 27 eta 28an izango dira 2014an.
Gaztedi Dantzari Taldeak Maskarada osoa antzeztuko du berriz
Gaztedi dantzari taldearen Zuberoako maskaradak 20 urte betetzen ditu. Urteurrena ospatzeko, 1994an egin zuen gisan, maskarada osoa antzeztuko du berriro Gaztedik. Otsailaren 22an Santutxun, eta Martxoaren 2an Bilbon.
Dokumentuaren akzioak


