Dokumentuaren akzioak
San Lorentzoko dantzarien hirugarren boletina argitaratu da
Ampudiako danzanteak, 1930eko hamarkadan. Ascen del Vallek Carlos del Pesori utzitako argazkia, eta honek San Lorentzoko danzanteen kofradiako boletinean argitaratua.
Iñaki Fernandez-ek San Lorentzoko danzanteen boletinaren hirugarren zenbakian jakitera eman duenez pasa den abuztuaren 24an estreinatu dituzte Martzillan, San Bartolome egunez, bertako dantza berriak. Zortzi dantzari eta zascandil izeneko pertsonaiak osatzen dute taldea, eta pasakalleak, martxa eta kortesiak dantzatzen dituzte. Jose Luis Frailek eta Iruñeko Gaiteroek prestatu dituzte musikak, eta Mari Cruz Goñi eta Amade Arretxeak sortu dituzte dantzak.
Ampudiako dantza tradizioak
Tradizio luze eta aberatsa izan du Ampudiak dantza, paloteado eta kale-antzerki tradizionalei dagokienez, eta kezkatuta ageri da Carlos del Peso azken hamarkadetako aldaketa handien ondorioz lau mendez iraun duten tradizioak galtzear sumatuta. XVII. mendetik aurrera bildutako dokumentazio eta xehetasunak jaso ditu Carlos del Pesok San Lorentzoko danzanteen kofradiaren hirugarren aldizkarian argitaratu duen artikuluan. Azken mendean gertatu diren hainbat galera eta aldaketa dokumentatzen ditu Del Pesok, eta tartean antzerki-erako agerraldien desagerpena ere aipatzen du, Ampudian 1950ko hamarkadararte ospatu izan dena, "Mairuaren sarrera" izeneko antzezpenarekin.
Cortes eta bere ingurunea
Palenciako dantzari tradizioen inguruko artikuluaz gain Jesus Pomares-en Cortes-ko paloteadoaren inguruko artikulua dakar aldizkariak. Cortesen inguruko eskualdeari begirada eskaintzen dio Pomaresek, historian zehar izan diren festa eta ospakizunen testigantza eskainiz, eta dantzarien parte hartzea nabarmenduz. Dantzarien kofradiak, Corpus Christi eta egutegi liturjikoaren inguruko dantzaldiak eta Cortes-en paloteado izenarekin gaurdaino iraun duten herri-antzerkiak ditu hizpide Pomaresek. Ebro ibaiaren alboetan, Errioxa eta Nafarroako eskualdeek hainbat dantzari dohaintsu eman izan dituztela dio Jesu Pomaresek, eta ohikoa zela dantzari eta dantza-maisu garrantzitsu horiek iparralderuntz jotzea beren emanaldiak eskainiz, Iruñeko, Bilboko zein beste hainbat herri eta hiritako Corpus jaietan parte hartzeko.
"Dantza maisuaren aitorpena" izeneko idazlana egin du Javier Mangadok aldizkari berean, Jorge Urdanoz-ek Iruñeko 1610eko Corpus Christi jaiari buruz idatzita dagoen liburutik abiatuta orduko hiru irudiri erreparatu dio, hiritartasuna eta bizimodu tradizionalaren arteko kontrastea erakusten duten bi argazki aztertu ditu Ekaitz Santaziliak.
- San Lorentzoko danzanteen hirugarren boletina (web bidez zein pdf-a jaitsiz irakur daiteke)
Dokumentuaren akzioak