Dokumentuaren akzioak
Soka erakusketa ikusteko azken aukera da egunotan Gasteizen
Soka, Euskal dantzaren urratsetan erakusketa Euskal Herriko azken geltokian da, Gasteizen hain zuzen ere. 2015ean hasi zuen ibilbidea Biarritzen multimedia erakusketak, euskal dantza publiko zabalari gerturatzeko helburuarekin. Ordutik, erakusketa ibiltariak, 17 herri bisitatu ditu eta orain Oihanederren dago ikusgai, Gasteizen. Aurretik, Biarritzen, Maulen, Ospitalean, Donapaleun, Hazparnen, Baionan, Angelun, Donibane Loitzunen, Hendaian, Donostian, Zarautzen, Iruñean, Getxon eta Bilbon izan da, baita Frantziako Bordele eta Paue hirietan ere.
Oraindik bertaratzeko aukerarik ez baduzue izan Gasteizen martxoaren 3ra arte dago irekita erakusketa Oihaneder euskararen etxean. Asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik-20:00etara eta igandetan 11:00etatik 14:00etara. Behin Gasteizko erakustaldia bukatuta, tarte batean ez da Euskal Herrian ikusteko aukerarik izango. Datorren irailean erakusketa bikoiztu eta Montreal hirira eramatea da asmoa, eta Ameriketako beste hiru euskal zentrotan erakustea ere aurreikusten dute.
Soka, Euskal dantzaren urratsetan
Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak (EKE) duela hiru urte Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostia 2016ren laguntzarekin ekoiztutako erakusketa da. 150 metro karratu inguruko erakusketa multimediak bideoak, lekukotasunak, argazkiak eta testuak biltzen ditu. Nabarmentzekoak dira Euskadiko Filmategiko irudiak, Jean Michel Guilcherren eta Frantisek Pospisilen grabazioak edota Robert Cappak Saran egin zituen argazkiak. Santurtziko emakumeen 1921 aurreskuaren filmaketa ere Soka erakusketa erakutsi zen lehen aldiz.
Erakusketa lau eremu tematikotan dago banatuta: Dantzaren bizipen intimoak, Euskal dantzaren historia, Euskal dantzaren kokapena gizartean eta Sorkuntzarako bideak. Multimedia euskarria da Soka erakusketaren oinarria; 400 bat ilustrazio (artxibo bideoak, elkarrizketa zatiak, soinu zatiak eta artxibo irudiak) erakusten ditu, horrekin batera zazpi bideo sorkuntza original eta erakusketarako propio egindako hainbat argazki ere jasotzen ditu. Edukiak, 14 ukipen-pantailen, formatu handiko 7 HD telebisten, 6 koadro numerikoen, 15 ordenagailuen eta 9 irakurgailuren bitartez erakusten dira. Informazioa euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez jaso daiteke.
Informazioa: Soka, Euskal dantzaren urratsetan
Dokumentuaren akzioak