Soka erakusketaren inaugurazioan, soka-dantzan
Ekainaren 2tik zabalik dago Iruñeko Karrika Nagusiko Kondestablearen jauregian 'Soka, euskal dantzaren urratsetan' erakusketa. Egun horretako arratsaldean egin zen erakusketaren inaugurazioa eta gure parte-hartzea izan zuen ekitalditxoak.
Bestela ezin zitekeen bezala, soka-dantzan sartu ginen Kondestablearen jauregiko patio dotorean. Soka osatu zutenen artean Aritz Romeo, Iruñeko udaleko zinegotzia, Pantxoa Etxegoin, Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria eta Maitena Muruzabal, Udaleko kultura alorreko zuzendaria. Itziar Perez-ek egin zituen aurresku lanak eta Julen Fagoagak atzeskuarenak. Iñaki Sagardoi, Eiande Aranburu eta Aitor Huartek osatu zuten txistulari taldea.
Aurresku eta atzeskuak haien belauntxingoa dantzatu eta agintariei eskainita, lehen solairura igo ginen sokan, han paratua baita erakusketa. Hitzaldien ondotik, erakusketaren bisita gidatua egin ziguten EKEko Pantxoa Etxegoin eta Jakes Larrek.
- Ekainaren 2ko ekitaldiko argazki sorta zabalxeagoa hemen ikusgai:
