Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Julen Fagoaga Frantisek Pospisil, ezpata-dantzen ikertzaile aitzindaria

Dokumentuaren akzioak

Frantisek Pospisil, ezpata-dantzen ikertzaile aitzindaria

2014/03/28 09:15
Frantisek Pospisil, ezpata-dantzen ikertzaile aitzindaria

Frantisek Pospisil Gemeiden, 1921.

Europako ezpata-dantzekin liluratuta, 1907tik aurrera hauek aztertzen ibili zen Frantisek Pospisil etnografoa. Horretarako argazkiak eta filmazioak egin zituen Txekiako, Ingalaterrako edo Euskal Herriko ezpata-dantzak ezagutu eta zabaltzeko. Bere grabazioak 80 urtez ezkutuan egon ondoren orain gutxi agertu dira, Juan Antonio Urbeltzi esker eskuratu eta denon eskura jartzen ari da dantzan.com. Euskal Herrian egindako grabazioak ere daude tartean, eta laster sareratuko dira horiek ere. Sarrera honetan Frantisek Pospisil nor zen eta bere lana apur bat gehiago ezagutzeko ahalegina egin dugu.

1920ean Brno-n dagoen Moraviako Eskualdeko Museoan komisario lanetan zebilen etnografo lanetan Frantisek Pospisil. Beste zenbait alorren artean, 1907tik  ezpata-dantzen inguruko jakin-min handia zeukan Pospisilek, eta garai horretan Txekiako ezpata-dantzak erretratatzen hasi zen. Filmatzeko teknika ezagutu zuenean eta aukera ukan zuenean, 1922an, bere denbora eta dirua ezpata-dantzen inguruko dokumental etnografikoak grabatzeko bideratu zituen. Lan horietan aitzindari dugu Pospisil.

1921_cicmnay-eslobakia-Frantisek-Pospisil-rek.png
Frantisek Pospisil Cicmnayn, Eslovakian, 1921ean.

1924tik aurrera bere medioen bitartez bidaiatzen hasi zen eta nazioarteko etnografia kongresuetan bere bildumak eta lanak aurkezteari ekin zion. Konferentzia hauetan Pospisilek ikusi zuen ezpata-dantzak ez zirela bakarrik herri eslaboen ezaugarri folklorikoa, orduraino pentsatzen zuen bezala, Europa osoko fenomeno bat baizik. Ponentzia hauek baliabide garrantzitsua izan ziren Pospisilentzat, bertan Abraham Warburg eta Violet Alford bezalako ezpata-dantzetan adituak ezagutu baitzituen. 1927an Warburg-ek Hanburgora hizlari gonbidatu bezala bidaiatzeko eskaintza egin zion. Alforden bitartez Ingalaterrara bidaiatu zen English Folk Dance and Song Society ezagutzera. Europako hainbat eskualdetan ezpata-dantzak egiten zirela jakinda, horiek lokalizatu eta batetik bestera bidaiatzen hasi zen: Ukraina, Polonia, Kroazia, Eskozia eta Alemanian hainbat herri bisitatu zituen tokian tokiko ezpata-dantzen berri izan eta filmatzeko. 

1927_Donostia-Frantisek-Pospisil-rek.png
Frantisek Pospisil Donostian, 1927.

Bere ibileren artean, Euskal Herrira etorri zen ezpata-dantzak aztertzera eta filmatzera Pospisil. Ziur aski Violet Alforden eta Cecil Sharpen lanak ezagutu zituelako. Euskal Herrian Baionan, Donostian eta Lekaroz-en egin zituen grabaketak. Donostian, Dantza Akademiako dantzariak Durangaldeko dantzari-dantza egiten grabatu zituen. 1927. urtean bertan Udal Euskal Dantzen Eskolako irakasle eta zuzendari izendatu berri zuten Jose Lorenzo Pujana. Bere ikasleak izango ote dira irudietan ageri direnak? Ez dakigu. Lekaroz-en, bertako eskolako dantzariek Gipuzkoako eta Bizkaiko dantzak egin zituzten Pospisilen kamerak grabatu zitzan.

1927_Frantisek-Pospisil-rek.png
Frantisek Pospisil, 1927.
Bigarren mundu gerlaren ondoren bizitza erabat nahaspilatu zitzaion Pospisili. Nazien errejimenarekin elkarlanean aritu izana leporatu zioten eta eroetxe batean espetxeratu zuten. 1958an eroetxean bertan hil zen. Bere lan eta filmazioak ezkutuan geratu ziren. 50 urtez ahaztuta egon dira filmazioak ezustean agertu diren arte. Altxor paregabea dira, eta noski ezpata-dantzaren ikertzaileen jakinmina piztu dute. Hana Dvorakovak egin ditu Pospisilen bizitzari buruzko ikerketa lan nagusiak eta berak ere parte hartu du Czech Television Brno Studios telebistak 2007an Frantisek Pospisil-en inguruan egindako dokumentalean. 

Euskal dantzekin interes handia

Euskal ezpata-dantzei buruzko informazio bildu nahian eta Euskal Herrira egindako bisita antolatzeko zenbait euskal intelektualekin harremanetan izan zen Frantisek Pospisil. Horri esker, Euskaltzaindiaren Azkue liburutegian Pospisilen zenbait agiri interesgarri gordeta daude, eta bertako liburuzaina den Josune Olabarriaren laguntzari esker dokumentu horiek ezagutzera emateko aukera dugu. 

Norbert Tauer euskalariaren dokumentazioa gordetzen da Azkue liburutegian, eta horien artean Frantisek Pospisilek 1927an Amsterdamen ospatu zen antropologia kongresu batean ezpata-dantzei buruz burutzen ari zen lanari buruz aurkeztutako komunikazioa jasota dago:

Testu horretan, batetik komunikazioan aurkeztu zituen ikus-entzunezko edukien erakusketa (diapositibak eta filmak) eta hizlariaren berezko solasaldia jasota daude. Lehen zatiak adierazten du 60 diapositibaren erakustaldia egin zela eta filmetan ikusgai diren dantzen eta dantza-taldeen zerrenda. Aipatzekoa da 19 dantza erakutsi zituela irudietan, eta horietako 9 euskal dantzak izan zirela. 

Bigarrenak Pospisilek ezpata-dantzak nola ulertzen dituen azaltzen du: hainbat dantzen elementu komunak aipatzen ditu (irudi koreografikoak, musika-formazioak…) eta, beraz, leku ezberdinetako ezpata-dantzen arteko lotura bat egon behar duela baieztatzen du.

Frantsesez dago testua, eta hona hemen testu hori bera euskarara ekarrita:

Van Het Antropologia Nazioarteko Institutuaren III. Kongresua - Paris eta Amsterdam, 1927ko irailak 20-29. Holandako bulego nazionala
Atala: Etnologia, etnografia konparatua, Folk-Lore.
François Pospisil irakasleak, Moraviako, Txekiar errepublikako Museo erregionaleko (Moravské Zemské Museum) etnografia atala zuzentzen duenak, Europako herrien eta bereziki “Pirinioetako Euskaldunen” antzinako gerla-dantzak aurkezten ditu.
Bigarren atala: 60 diapositiben eta zine-film baten proiekzioa (1000 m).

Komunikazioaren gaia:

1- Kolorezko 60 diapositiben erakustaldia, azalpen-oharrekin.
2- Filmen mahaia:

A atala: 
1. The Earsdon Sword Dance, Northumberland, par les members de The English Folk Dance Society, London. 
2. The Ampleforth Sowrd Dance, Yorkshire, E.F.D.S. London. 

B atala:
3. Taniec zbójnicki na Podhalu, Zakopane, Polska.
4. Podšable aj podobúšky, Cičmany, Eslobenia, RCS.
5. Adzemek, Vestín, Morava, RCS
6. Kozačok, Don, Ukrania, SESB
7. Zaporožec, Ukrania, SESB 

C atala:
8. Ezpata Dantza, Gipuzkoa, par les membres del Coloegi O.M.C. de Lecaroz, Navarra, España. 
9. Ezpata Yokua, Biskaye, España. 
10. Ezpata Dantza, Danse d'Epées de Biscaye (Danse rituelle, remarquer l'élévation du capitaine), par les membres de la Academia de Bailes, San Sebastian (Donostia) España.
11. Brokel Dantza, Gipuzkoa, España.
12. The Morris (Stick) Dance, Lads a Bunchun, Adderbury (Danse rituelle de Gloucestershire et Oxfordshire), para les membres de E.F.S.D. London.
13. Makil Dantza, Biskaye (remarquer, El saludo a la bandera), Lecaroz, España. 
14. Makil txiki, Gipuzkoa, España.
15. Txokorrinkia-makil-Dantza, Bizkaye, España (élévation du capitaine).
16. Makil Dantza, Gipuzkoa, Danse de Batons - Palos Grandes, executee les jours de fete par les Ezpata Dantzari, San Sebastian, España.
17. Makil aundi Dantza, Gipuzkoa (Lecaroz), España.
18. Lezginka, avec deux Kindjales, Caucase, SSSR.
D atala:
19. Moreška, Otok Korčula, Dalmacia, SHS (Danse dramatique d'épée, chaque danseur porte deux épées)

Frantisek Pospisil: hitzaldia Amsterdamen 1927 irudiak

Hona hemen Frantisek Pospisilek Amsterdamen eskainitako hitzaldia: 

Pragan, 1924.ean, bertako ezpata-dantzen nazioarteko izaera frogatzen saiatu gara, elkarrengandik urruti dauden herrialdetan agertzen diren hainbat xehetasunen antzekotasunaren bidez. Hori frogatzeko hainbat nazio eslaviarren dantzen analisi filmografikoa egin da: Strání (Moravia), Podzámčok (Eslovakia), Korčula eta Blato (SHS), Lagosta (Italia) eta Kaplitz-eko (Hego Bohemiako) “Schwerttanz”-a. Diapositiben erakustaldirako herri alemanen (Müllenhoff, Cecil Sharp), frantsesen (Blanchard) eta errumaniarren (Vuia) guda-dantzen garapenaren inguruko analisia burutu dugu. Irudi koreografikoen analisiak: txandak, besoen azpitik pasatzea, besoen gainetik saltatzea, izarra, eta dantzaren amaiera (altxorraren suntsiketa). Azterlanak erakutsi digu, dantza guztiek nazioarteko unitate bat osatzen dutela. Jatorriaren eta bilakaeraren inguruko galderei erantzuteko hipotesiak baino ezin izan ditugu erabili. Orain, Sword dance ingelesaren film berri batekin erakustaldia borobilduko dugu, Pragan Cecil Sharpekin egin genuen bezala. Gure azalpena zabalduko dugu, aizkora-dantzak erakutsiz, Karpatoetako mendietan bizi diren herrien ezaugarri direnak: Zakopane (Polonia), Cičmany (Eslovakia RČS) eta Vsetín (Moravia RČS). Moravian, dantza jakin hori ezpata-dantzaren ostean doa, baina aurrekoarekin alderatuz badu bereizgarri bat; ekialdeko Europako dantza eslavoekin lotzen duen koreografia hain zuzen ere: Kozačok (Ukraina, SESB) Don-eko Kosakoen Zaporožec (SESB). (ikusi filma). Bulgaria topatzen ditugun Rusalii-Kukeri dantzek Karpatoetako dantzekin ere lotura daukate, Pragan aipatu zen bezala (Arnaudov).

Europako periferian, eskuragaitza den Pirinio mendilerroan, Euskal herriak, ohitura eta eskubideak ederki gorde dituenak, guda-dantza ugari gorde eta mantendu ditu, jada 1826.ean Juan Ignazio de Iztuetak ikertutakoak. Eskualde geografiko bakoitzak bere aldaerak ditu, bai eta musika aldetik ere, zeinetan garrantzi handia duten amaierako ohikoak diren koda ezberdinek. Makil-dantzak antza handia dauka Stick Dance ingelesarekin. Dantza laguntzen duten musika-tresnak berdinak dira Ingalaterran eta Euskal Herrian: ezkerreko eskuarekin jotzen den txistua eta eskuineko eskuak kolpatzen duen danbolina. Dantza hauen lotura ezin da zalantzan jarri. Hala eta guztiz ere, Ezpata-dantzek ezaugarri berezia daukate eta baita leku berezia ere Europako dantzen artean. Baina dantza hauek ez dituzte mendebaldeko Europa eta Europa zentraleko dantzek dituzten irudi asko, adibidez: borobilak, besoen azpitik pasatzea, besoen gainetik salto egitea, etab., hala Frantisek Pospisil: Brokel-dantzaere, beste dantzek bezala talde-karakterea dute eta kapitainak rol esanguratsua dauka (kapitainaren goratzea eta bakarrik dantzatzea). Eraso irudiek erakusten dute Ezpata-dantza eta Jugoslaviako Moreška dantzaren, interesgarria bezain enigmatikoa den dantzaren, arteko harremana. Euskal dantza guztien aurrekaria da ikurrinari agurra: dantza guztiek aldatzen dute taldearen norabidea eta lauko taldeak. Badira buelta osoa ematen duten saltoak eta apaingarriak eskuin zangoaren beheko partean. Dantzariaren belaunaren azpian lotutako kriskitinak eta beste objektuen soinuak musikaren erritmoa azpimarratzen dute bai Euskal Herrian zein Ingalaterran. Brokel-dantza, ezpata batekin eta brokel batekin dantzatzen dena sekulako aurkikuntza da. Euskal dantzetan aitzin aroko idazleek utzitako deskribapen apalen bidez ezagutzen den dantza pirrikoa ikus daiteke, baita Erromako Saliarrenak ere. Aitzin aroan egindako hainbat arte-irudi iritsi dira gaurdaino: (v. Emmanuel, Weege). Brokel hitzaren esanahia, Mallorkan: Broquer (dantza eskuraezinak oraindik ere guretzat), ezezaguna da. Makil-dantza toki ezberdinetan makila motzekin dantzatzen da, beste batzuetan makila luzeekin, batzutan bi makilekin. Alcaria-ko (Espainia erdialdea) makil-dantza eskuraezina zaigu momentuz.

Herri eslavoen, ingelesen eta euskaldunen gudu-dantzak konparatuta (ezagunak ditugun aitzineko dantza gutxiekin), aitzineko guda-dantza komun baten ideia etortzen zaigu burura. Halaber, hau ez da aipatu dantzen jatorria. Europan bertan, dantza zaharragoak topa ditzakegu. Eskozian, ohituretan eta klanetan aitzineko elementu aunitz gordetzen dituen herrialdean, ezpata-dantza zahar bat ere dute, armak sortu bezain pronto dantzatu izan dena hain zuzen ere. Bakarkako dantza da. Kaukasoko Lezginka ere bakarkakoa da, karaktere berbera dauka: bere armekin dago dantzaria, bakarrik. Lezginka Kindjales-ekin dantzatzen da. Gerla-dantza bitxien artean koreografikoki konplexuak diren hainbat dantza ere topa ditzakegu, Ceylon-eko Vedda-rrek dantzatzen duten aitzineko gezien dantza, lurrean ezarritako gezi baten inguruan dantzatzen dena. Erreminta bitxi hauen analisia egitea beharrezkoa da, erreminta taldearena bezala, kultura eta erlijio ezberdinekin daukaten harremanak. Honen inguruko bere estudioetan agirian utzi zuen Nieuwenhuis Preuss, Damm, deituriko ikerlariak. Kutsu magikoa daukaten ohitura erritualetako dantzen jatorria bilatzen ari gara. Jada Pragan esan zen bezala, hemen aurkeztu materialek ez dute inongo teoriari kontrarik egiten. Nire ustez gaur aurkeztu material hauek guztiek teoria berri bat ekarriko dute agerira. Musikaren atala alde batera utzi dugu, garrantzi handiko kontua, musika-alderaketan aditua den espezialista baten esku. Koreografiari dagokionez, gure garaiko guda-dantzak (ezpatekin, aizkorekin, makilekin burututako dantzak) garapen luze baten ondorio dira.

Dantzak aztertzerako momentuan, atalik garrantzitsuena koreografia da eta bigarren mailakoa da ezpata, makil, aizkora, lantza, zapi edota arku batengatik ordezkatzen bada. Dantzen azterketa konparatiboan koreografia da kontuan hartu beharreko elementurik garrantzitsuena. Lan hori burutzeko Europatik kanpoko material asko faltan ditugu. Antropologo, bidaiari, misiolari, guztien lankidetza oso baliagarria litzateke arazo interesgarri hauen deskribapen zehatzak, argazkiak, eta batez ere filmen azterketak egiteko.

Julen Fagoaga

Julen Fagoaga

Duguna - Iruñeko dantzariak taldeko kide eta Iruñeko San Fermin Aldapakoaren eta  Eibarko Arrateko Amaren kofradietako kide izateko ohorea ere badut. Giza-zientzietan graduatua eta bigarren hezkuntzako irakasle.