Dokumentuaren akzioak
Baiona: kalejira 1927 Frantisek Pospisil
Baionan, 1927an hartutakoak dira ondoko irudi ikusgarriak. Gipuzkoako, Nafarroa Behereko eta Zuberoako dantzariak ageri dira kalejiran, eta baita Ingalaterrakoak ere. Frantisek Pospisil ikertzaile txekiarrak egindako grabazioak dira. Ezpata-dantzak maite zituen eta Europa osoa korritu zuen ezpata-dantzak grabatuz. Euskal Herrira Violet Alford-en eskutik iritsi zen, eta bideoaren azken segundoetan ageri den emakumea bera dela uste dugu.
Xabier Etxabek lagundu digu data eta tokia zehazten, izan ere, Jose Antonio Arana Martija-ren "Eresoinka" liburuan jasotako ondoko pasartea bidali digu eta hor aipatzen da irudietan ageri den ekitaldia. "...en las fiestas vascas, organizadas por el Museo Vasco de Bayona en la primavera de 1927, habían actuado grupos de danza vascos y miembros de la English Folk Dance Society de Londres,...".
Txistulari eta agintarien ondoren, Gipuzkoako dantzariak ageri dira kalejiran lehenengo, uztai-handiak daramatzatela. Ondoren, Nafarroa Behereko dantzariak, Faustin Bentaberri izan daitekeenak gidatuta. Zuberoako dantzariak, eta atzetik Ingalaterrako morris dantzariak. Zuberoako zamaltzainaren antrixaten ondoren, Nafarroa Behereko dantzariak jauzi bat eta sorginak dantzatzen ageri dira baita ere. Juan Antonio Urbeltzi esker eskuratu ditugu honako irudiak. Frantisek Pospisil, 1927.
Etiketak
- irudi-zaharrak
- xxmendea
- ingalaterra
- tradizionala
- frantisek-pospisil
- zuberoa
- morris
- nafarroa-beherea
- 1927
- faustin-bentaberri
- violet-alford
- gipuzkoa
- pospisil
Dokumentuaren akzioak